mikel p ansa
HIZPIDEAK

118

2023ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Kopuru bakar bat eman, besterik ez, eta isildu: 118. Indarkeria matxistaren ondorioz azkeneko bi hamarkadetan Euskal Herrian hildako emakumeen kopurua da. 118 baitira, herenegun gizon batek bikotekide ohia tiroz hil zuenez geroztik, Orion. Hiru dolu egun agindu ditu udalak. Sumina agertu dute eragileek. Emakumeek jasaten duten egiturazko indarkeria eta bazterketa orokorraren emaitza dela gogorarazi dute mugimendu feministek. Bizilagunek harridura agertu dute. Gertaeren kontakizun honek berdin-berdin balioko zuen 117. hildakoaren kasuan. Baita 116. hildakoarenean ere. Bi egun barru, edo hiruzpalau hilabete barru, edo datorren urtean —berdin dio igaroko den tarteak—, 119.a zenbatuko da. Eta gero, 120.a. Orduan ere berdintsu balioko du kontakizun horrek.

Emakumeen hilketak familia barruko arazo gisa sailkatu, albiste labur batean erregistratu, eta inongo estatistiketan bildu gabe gelditzen ziren duela hogei urte. Begirada aldatu da, zorionez. Behar duen larritasunez heldu diote gizarte mugimenduek eta instituzioek. Baina larritasun hori adierazteko moduak estandarizatu ere egin dira. Atzo, protokolotik kanpo geratu zen hauteskunde kanpaina; Orioko hilketa ez da aski izan kanpainan eten orokor bat egiteko, alderdi bakoitzak iruditu zaion bezala jokatu du. Kontua da aktore bakoitzak bere protokoloak eta diskurtsoak zehaztuak dituela. Baina aurreikusitako erantzunez aparteko zerbait beharko da indarkeria matxista bukatzea nahi bada; 119.ik nahi ez bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.