Eider Goenaga Lizaso.
HIZPIDEAK

George Floyd

2020ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
George Floyd izena zuen, 40 urte zituen eta afro-amerikarra zen. Ezezagun bat. Baina bere izena eta bere heriotzaren irudiak —hilketarenak, hobeto esanda— mundu osoan zabaldu dira, eta, tamalez, ezaguna egin da. Minneapolisen, Ameriketako Estatu Batuetako Minnesota estatuan gertatu zen, herenegun,eta lau polizia kaleratu dituzte. Ikusteko dago hilketagatik inor zigortuko duten, irudiak froga argia izan arren. Poliziaren zaintzapean gertatzen diren heriotzen %96 zigorgabe gelditzen dira AEBetan.

Black Lives Matter taldeak deituta, Minneapolisko kaleetan milaka lagun atera ziren protestara. «Ezin dut arnasa hartu» oihukatuz, Floydek berak poliziaren belauna lepo gainean zuela oihukatzen zuen bezala. Eta Poliziak gasa jaurtiz erantzun zuen.

Poliziaren gehiegikeria eta arrazakeria, gehiegitan batzen dira biak AEBetan; baina soilik noizbehinka iristen da arrabotsa itsasoaz bestaldera. Bostehundik gora izaten ei dira urtean Poliziaren zaintzapean hiltzen direnak. 2011ko ikerketa batek sei urtean Poliziaren zaintzapean zeudela hildako ia 5.000 lagun zenbatu zituen. Horietako %31,7 afro-amerikarrak ziren, baina AEBetako populazioan afro-amerikarren batezbestekoa ez da %13ra iristen. «AEBetan afro-amerikarra izatea ez litzateke heriotza zigor bat izan behar». Hala esan du Jacob Frey Minneapolisko alkateak. Baina, izan, bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.