inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Greziako koktel lehergarria

2020ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Siriako gatazkaren katebegirik ahulena dira errefuxiatuak. Gutxieneko duintasun baldintzarik gabe bizitzera ohitu dira Turkiako kanpalekuetan, Siriako egoera baretu edo Europara sartzeko aukeraren zain. Bat-batean, baina, Turkiak orain arteko oreka txikia haustea erabaki du, Kurdistanen eta Siriaren arteko gatazkan etekina ateratzeko. Horrela, mugak zabaldu dizkie iheslariei, eta, Europarako bidean, Greziako soldaduen, polizien edo kostazainen errepresioarekin egin dute topo. Edo, bestela, haien etorrera oztopatu duten talde faxista antolatuekin.

Koktel lehergarria da Grezia. Muturreko eskuindarren presioarengatik, Turkiako agintarien desafioarengatik eta bestaldera begiratzea erabaki duen Europaren arduragabekeriarengatik. Atzo haur bat hil zen Lesbosera sartzen saiatu zen txalupa bat hondoratu zenean, eta hainbat eraso pairatu dituzte polizien eta talde faxisten aldetik. Azken horien jomuga bihurtu dira iheslari babesgabeei laguntzen aritzen diren gobernuz kanpoko erakundeetako boluntarioak ere; besteak beste, Euskal Herriko Zaporeak taldekoak. Europaren aro ilun bati argi pitin bat eman dioten horiek Greziatik alde egingo balute, guztiz bakarrik leudeke iheslariak, laguntzailerik eta gerta litezkeen erasoen lekukorik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.