Koronabirusa

Inoiz baino proba gehiago, inoiz baino positibo gehiago

21.000 probatik gora egin dituzte Hegoaldean: 1.777 positibo izan dira. Bizkaia, 500eko tasan ia. Bigarren olatuko gaixo gehien dute ZIUek

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Beste marka bat jarri du positiboen kopuruak Hego Euskal Herrian: 1.777 kasuren berri eman zuten atzo. Izurritearen hasieratik erregistratutako kopururik handiena da. Joan den igandean, urriaren 25ean, igaro zuten 1.700 positiboren langa (1.710 kasu), eta, orain, hura ere gainditu da. Kontuan izan behar da probak ere sekula baino gehiago ari direla egiten: inoiz baino proba gehiago egin zituzten herenegun Hegoaldea, 21.400 pasatxo. Azken asteetan nabarmen hazi da egindako testen kopurua. Atzoko datuetan, proben %8,3k eman dute positibo.

Positiboak pilatzen ari dira, eta intzidentzia tasa gorantz ari da herrialde guztietan. Hamalau eguneko datuak hartzen dituzte oinarri: bi astean zenbat positibo egon diren 100.000 biztanleko. Bizkaian, 500era iristear dago tasa; 100.000 biztanleko 499 positibo izan dira bi astean. Beste 534 positiboren berri eman zuten atzo. Araban ere gorantz doaz datuak. Intzidentzia tasa 407 positibokoa da, eta asteazkenean beste 125 kutsatu erregistratu zituzten.

Gipuzkoa eta Nafarroa ere gorakada gelditu ezinik daude. Intzidentzia tasek eta positiboek gora egin dute etengabe. Gipuzkoan, 100.000 biztanleko 848 da intzidentzia tasa jadanik, eta beste 564 positiboren berri eman zuten atzo. Nafarroan, intzidentziaren datua are handiagoa da, milako langa gainditzen baitu. Hain zuzen, 100.000 biztanleko 1.095 positibo daude, eta beste 552 kasu erregistratu zituzten herenegun egindako probetan. Gainera, bost pertsona hil dira koronabirusaren eraginez, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez.

Kutsatuen gorakada sumatzen ari dira ospitaleetan. ZIU zainketa intentsiboetako unitatean 132 paziente daude, bigarren olatuan izandako kopururik handiena; ohiko geletan, 806. Egoerari aurre egiteko neurriak hartzen hasi dira: ebakuntzak atzeratzen hasi dira, esaterako, Nafarroako erietxeetan eta Baionako ospitalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.