Udal eta foru hauteskundeak. Kanpaina hasiera

Ortuzar: «Etxean geratzeak ez du ezer konpontzen. Botatzera!»

Abstentzionistei botoa ematera joateko eskatuz hasi du kanpaina EAJk. EH Bilduk Hegoaldeko hautagaiak batu ditu Gasteizen. PSE-EEk inkestak iraultzea du helburu

EAJk Gasteizen abiatu zuen kanpaina, Bilborekin eta Donostiarekin bat eginda aldi berean. DAVID AGUILAR / EFE.
Edurne Begiristain - Gurutze Izagirre Intxauspe
2023ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Kanpaina ekitaldi ofizialez josi da. Maiatzaren 28an jarri dute begia hautagaiek, eta botoa eskatzeko dauzkaten hurrengo hamabost egunak zukutzen hasi dira. EAJk abstentzionistak mugitzera deitu ditu; EH Bilduk dikotomia honetan kokatu du lehen eguneko mezua: «Betikoen akordioa, betikoa egiteko» edo «alternatiba sustatu eta soluziobideak eman»; PSE-EEk «inkestak iraultzea» du helburu; eta PP «alternatiba bakar gisa» aurkeztu da.

Aurrera, batera! Euskadi mira al futuro lelopean, Gasteizko Plaza Berria hartu du EAJk kanpaina abiatzeko, Andoni Ortuzar EAJren EBBko lehendakaria buru, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin, Beatriz Artolazabal Gasteizko hautagaiarekin eta Ramiro Gonzalez Arabako Aldundirako hautagaiarekin batera. Donostiako eta Bilboko ekitaldiekin bat egin zuten, elkar agurtuz pantailen bidez eta elkarren arteko mezuak entzunez. Ortuzarrek Gasteizen egindako agurrarekin hasi zuten ekitaldia. Inkesten arabera, bost boto emailetatik batek ez du oraindik erabaki botoa emango duen, eta, ematekotan, ez du erabaki nori emango dion. Esan zuen EAJren aurkari nagusiak ez direla beste alderdiak izango, abstentzioa baizik. Horregatik botoa ematera deitu zuen Ortuzarrek: «Etxean geratzeak ez du ezer konpontzen. Botatzera joan behar da. Abstentzioak muturreko jarrerei baino ez die mesede egiten, haiek ez direlako inoiz etxean geratzen», esan zuen, «botatzera ez joateak gizarte osoari egiten dio kalte, erakundeak ahulagoak eta desorekatuagoak direlako». Horregatik eskatu zuen botoa ematera joateko: «Onartzen dugu ez dugula dena ondo egin, badakigu erosketaren saskia garestitu dela, hipotekak...», horregatik esan zuen botoa exijentea izateko, «ez txeke zuri bat».

Urkulluk itxi zuen ekitaldia botoa ematera deituz: «Ez da gauza bera botoa ematea edo ez ematea. Ez da gauza bera batzuen edo besteen eredua». Goratu zuen «ongizate maila», eta esan zuen hori «egunez egun irabazten dela». Urkullu: «Gure garapena eta ongizatea ez da betiko izango ez badugu zaintzen, ez badugu elikatzen. Asko dago jokoan hauteskunde hauetan».

Eztabaidaren maila

Maite dugun herria lelopean abiatu du kanpaina EH Bilduk. Goizean, kanpaina ofizialki hasi baino ordu batzuk lehenago, Bilboko, Donostiako eta Gasteizko alkategaiak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldungaiak eta Nafarroako lehendakarigaia Gasteizen izan ziren, Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiarekin batera. Ekitaldi xumea egin zuten Andre Maria Zuriaren plazatik gertu, San Migel elizaren parean. Han hartu zuen hitza Otegik.

Azken egunotan zenbait alderdi ETAren inguruko eztabaida lehen lerrora eramaten ari badira ere, kanpaina beste gako batzuetan egitearen alde egin zuen. Mezu argia bidali zien eztabaida eremu horretara eraman nahi dutenei: «Kaskarkeriaz eta lokatzaz eztabaidatzea ez da ona. Ez gaitu herri hobea egiten». Eztabaida politikoaren «maila» goratzearen alde agertu zen, «lokatzetik eta zaratatik at».

Eztabaida politikoa «lokazten» ari direnen aldean, EH Bilduk Euskal Herrirako «soluzioak» proposatzen dituela azpimarratu zuen: «Herri honek merezi duen eztabaida egin behar da». Horixe da, preseski, koalizio subiranistaren asmoa kanpaina honetarako: «Herri honek merezi dituen proposamenak eta eztabaidak sustatuko ditugu». Maiatzaren 28ko hauteskundeei so, «bi aukera» baino ez daudela ohartarazi zuen Otegik. Lehena: «Betikoek betikoekin akordioak egitea, betikoa egiteko». Bigarrena: «Herri honetan alternatiba bat sustatzea, indartzea eta soluziobideak ematea jendeari». Otegiren ustez, horixe da hauteskundeetako «markoa», eta «samurra» eta «sinplea» da hautua.

Herritarrei eskatu zien gogoratu dezatela zeintzuk ziren duela lau urte alderdiek kanpainan hartutako konpromisoak, eta begira dezaten ea hitza bete duten. EH Bilduk, ordea, emandako hitza betetzen duela ziurtatu zuen: «EH Bilduk esaten duena egiten du, eta egiten duena esaten du». Gaineratu zuen EH Bildu «konfiantzarekin» aurkeztuko dela, «aldaketa politikoa» sendotzeko esperantzarekin.

PSE-EEk Gasteizen egin zuen ekitaldi nagusia Gasteizko alkategai Maider Etxeberriarekin eta Kristina Gonzalez ahaldungaiarekin. Alboan zituzten Eneko Andueza idazkari nagusia, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburu ohia eta Patxi Lopez lehendakari ohia. «Inkesta iraultzea» dute helburu: «Batzuek ikusarazi nahi dute hauteskunde hauek bien kontua direla, baina Euskadi ez da banatzen EAJren eta EH Bilduren artean», esan zuen Anduezak. Zapaterok gogora ekarri zuen alderdi sozialistak bakearen eta garapenaren berme direla, eta elkarrizketarako eta akordiorako gaitasuna goratu zituen. Lopezek EAJren jarrera kritikatu zuen etxebizitzaren legean eta lan erreforman: «Eskuina dira».

PPk Donostian abiatu zuen kanpaina, «sanchismoaren eta behartutako nazionalismoaren» alternatiba bakarra direla esanaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.