Itxaro Borda
Koronabirusa. GIZARTEA PENTSALDIAN

Zalantzak

2021eko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Ikusi ditugu hegoaldeko karrikak, espaloiak, hondartzak jendez beltz-beltzak, Espainiak alarma egoera bertan behera utzi ondoan. Maskararik gabe, distantziarik gabe, axolarik gabe. Normalitatetara itzultzea ospatzen zuten arraiki, gin-tonicak eskuan, besoak eta oinak airean. Uste dut Felix Zubia medikua bera durduzatu zela telebistetan atera ziren irudietako gorputz saltsa eta irri mutuekin. Plaza, Barrea bezain libre daukagu baina zalantzaz beteak gaude, afera hau nola bihurdikatuko den galdeka.

Descartes zaharrak zioen «zalantzak ditut, beraz naiz»... famatua da errana, batzuetan hitz horiekin jostatzen gara, txisteak asmatzen ditugu, txarrak alaina, baina hor dugu beti buru zokoa kilikatzen. Koronabirus garaiok gure egunerokoa berriz pentsatzera bultzatzen gaituzte, izparringietako edo dokumental zaharretako itxurak hozki kontsideratzera, hainbeste bizidun, hainbeste (g)izaki, metatuak, tinko-tinko, ahotik ezpainetara eta begitik belarrietara hain hurbil. Gure buruari eskatzen diogu orduan, nola jasan genezakeen horrelako promiskuitatea... erantzunik ez, baizik eta astiro dematerializatzen joan garelako sentimendua.

Eta zalantzak ditugu. Maiatzaren 19an, mugaren alde honetan, tabernetako terrazetan junta gaitezke saldoan. Ametsaren ametsa. Baina ausartuko al gara etxetik jalgitzera masa pilpiratsuetan urtzeko, ala hamalau hilabeteotan dastatu dugun salbaitasun biluzi horren altzoan kuzkurtuko gara, habia kitatzeko beldur den txori txikiaren antzera? Hondarrean ez baikinen hain gaizki ere: ordenagailu bat gela guztietan, isiltasun sakona, wasap saioak urruneko lagunekin, ibilaldiak ibai ertzean, irakurketa mamitsuak eta Tarkovskiren Ivanen haurtzaroa filmaren ikusketa bikoitza...

Gorputzen dematerializazioa aipatu dut gorago. Sentsazio bitxia da, dekorporatzearena. Online eta kontaktu fisiko zuzenak ekidinez aritzearen erruz, gorputzaren hunkimena galtzen dugula frogatzen dute gehienetan lur azpian eraman diren konfinamendu esperientzia luzeek. Immaterial bilakatzeak ez du baztertzen urratsak, bihotz taupadak, kaloriak, distantziak neurtzeko baliabideak ausaz erabiltzen ez ditugunik. Teknika menperatzen dugu, teknikak menperatzen gaitu eta bizitza errealarekiko zalantzak ditugu.

Pantaila taktilarekin eta behatz puntatik murgiltzen gara espazio birtualetan. Nortasuna, egoaren hazkurria eta norberaren ezagutza bideratzen duen bestearekiko kontaktuak ez du zalantzarik onartzen, hitzorduan hor izan beharko dugu, erdi izutuak, erdi zoratuak.

Xinarenean nago, beraz naiz...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.