Itxaro Borda
Koronabirusa. GIZARTEA PENTSALDIAN

Ibiltariak

2021eko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Ez ditut Macronen ibiltari sektarioak aipatuko. Azken urteotan burua aski jaten digute. Gaurko giroan, ahalkegarriak dira beraien erreforma larri eta deus ez duena are biluziago uzteko xede lizunekin. Baina bego. Ibiltari horiek ez zaizkit interesatzen. Gutun Zurian entzun nuen David Le Breton idazle-ikerlariak finkatu oinezkariaren figurari lotuko natzaio, bere hitzetan, ibiltzea, bizitzea delako, hots marcher, c'est la vie! Horrela gabiltza gu ere kopetak hodeietan eta oinatzak lurrean.

Badu urtea baino gehiago orain, osagarri neurri ezberdinengatik, espazio murriztuetan itxirik gaudela. Kilometro bakarretik hamar kilometroko mugara lerratu gara hamabi hilabetez, eta egun osoan, nahi dugun bezainbat kanpoan nagitzeko eskubidea dugu. Ez gara negarrez ariko, gu baino anitzez gaizkiago daudenak badirela dakigulako. Dezentziaren limiteak haztatzea ongi dela iruditzen zait. Hatsa har dezakegu, we can breath, hiru konfinamendu aroetan eguraldi eguzkitsua ukan dugu eta gure bideetan gurutzatzen ditugun ezezagunak bistaz adiskide bilakatu zaizkigu.

Lehen aldian harrigarria zen ikustea zenbat jende bazen ordu beteko kirola egiten: ez nuen uste Baiona hain hiri dinamikoa zenik. Orduan ohartu nintzen beti berak ginela hamster gisako Aturri hegiko zirkuituetan ibilki. Aste pare baten inguruan elkar agurtzen ginen, herabeki hasieran, finkiago gero, bata bestearentzat misterioak izaten segituz. Baina bost, lerrake Pedro Alberdik Bilbon, irri zabal eta gozoa askatuz. Denbora joan ahala, bigarren konfinamenduaren atarian, hitza harilkatu eta haize molekulez osatu itzalkion biografiak sakonkiago galdekatzera ausartu ginen.

Geroztik, Marc eta Finarekin geratzen naiz berriak trukatzeko. Halaber Gotainen sortu Kapitain anderearekin, badakit Pfizer txertoaren bi ziztak jaso dituela. Isabelle adineko aktore-poetarekin momentu politak pasa ditzaket. Bai eta Johann zein Marie idazleekin. Aviron Bayonnais taldeko haur kirol alorreko entrenatzaile ohiak eta Baionako ospitalean erizain den ene adineko emazte gisakoak urrunetik interpelatzen naute. Errealitatea hor dut eskura, bere otzan distiratsu itxuraz troxaturik: informatzen naiz eta humano gisako emozioak dastatzen ditut.

Jasone Salaberria aldiz ez dut gehiago solastatuko ibai ertz hauetan. Duela urtea, Eiffel zubian elkartu ginen batez, erran zidan tumorea diagnostikatu ziotela, bere kimio saioen latza kontatzen zidan eta berrikitan ikasi dut mundu madarikatu eta maitagarri hau utzi duela, ibiltari zeliestiar bihurtzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.