Egindako urratsak ez dira aski oraindik

Irisgarritasun Unibertsalaren Estrategia plazaratu du Eusko Jaurlaritzak. Desgaitasun fisikoa dutenek eskatzen dute aitorturik dituzten eskubideak gauzatzea. Iruditzen zaie irisgarritasuna ez dela gutxi batzuen arazoa.

Josu Cifuentes, bere etxebizitzako eskailera buruan. JUANAN RUIZ / FOKU.
Igor Susaeta.
2020ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Etxera sartzea eta etxetik ateratzea aitortutako giza eskubide bat dela gogorarazi nahi du Mikel Malkorrak. Begi onez ikusten du Eusko Jaurlaritzak duela hilabete aurkeztutako Irisgarritasun Unibertsalaren Estrategia. «Badakigu ez dela erabateko konponbidea, baina urrats bat da». Elkartu Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Gipuzkoako Federazio Koordinatzaileko kudeatzailearen ustez, ordea, auziaren erdigunean jarri behar da irisgarritasuna ez dela gutxi batzuen arazoa, «gizarte osoaren eskubide bat baizik». Auziaren garrantziaren berri ematen duen datu bat plazaratu du: «Gizartearen %30ek dute mugikortasun murriztua». Eta nabarmendu du, gainera, populazioaren zahartze bat gertatzen ari dela, eta, horrenbestez, geroz eta jende gehiagok beharko dituela erraz iristeko moduko etxebizitzak.

Estrategiaren aurkezpenean Jaurlaritzak plazaratutako ikerketa bateko datuek esaten dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako etxebizitzen %57 ez direla irisgarriak, eta %30ek ez dutela igogailurik —%36 ziren 2010ean—. Mutua de Propietarios Fundazioak iaz kaleratutako txosten baten arabera, Nafarroan eraikinen %58 ez dira irisgarriak kaletik atarira, eta etxebizitzen %17k ez dute igogailurik.

Malkorrak ez du ukatzen «aurrerapausoak» eman ez direla. Oroitu du Jaurlaritzak 1997an onartutako Irisgarritasuna Sustatzeko Legea «oso positiboa» izan zela. Baina iruditzen zaio irisgarritasunari buruzko politikak «ez atzera, ez aurrera bezala» daudela. Bizkaian (Fekoor) eta Araban (Eginez) haien, Elkartukoen, lan bera egiten dutenekin bat eginez, duela bi urte planteatu zioten Jaurlaritzari auziari «bultzada bat» eman behar zitzaiola. Lanean aritu dira estrategia gauzatzeko, eta aurten landuko dituzte ildo nagusiak.

Sei helburu nagusi, sei ardatz ditu estrategiak. Aurrenekoa da irisgarritasun gaietan indarrean den araudia betetzen dela «guztiz» bermatzea. Hala adierazi du Ingurumen, Lurralde, Plangintza eta Etxebizitza Sailak. Elkartuko kudeatzailearentzat, «bitxia» da «kontrola» izatea lehendabiziko helburua. «Guk beti esaten dugu Euskadi mailan ez dugula irisgarritasunari dagokionez legeak egiteko aukerarik. Baina eskubideak aitorturik ditugu, eta erronka nagusia da horiek gauzatzea».

Eraikinetan ikuskaritza tekniko gehiago egiteko eskatu du. Pentsatzen du, adibidez, eraikinetan energia kontsumoarekin loturiko «beharrak» detektatzen baldin badira, fatxadak zaharberritzeko obligazioa dagoela. «Baina eraikinetan ikusten badira gabeziak irisgarritasunari dagokionez, ez da esku hartzeak egitera derrigortzen. Maila berean jarri beharko genituzke».

Ez luke ahulune jakin batean jarriko arreta. «Kate bat da». Kontuan hartu behar da, batetik, etxera nola iritsi, zein egoeratan dauden kaleak, inguru guztia. Bestetik, ea trabarik ote dagoen atarira sartzeko, edo igogailua hor dagoen. «Baina, askotan, igogailua ez da irisgarria: dela zabaleragatik, dela atea irekitzeko moduagatik». Etxebizitzetan beraietan ere aintzat hartu behar da, gainera, ateen zabalera, eta bainugela egokituta dagoen ala ez, besteak beste. «Baina igogailua edukitzea oinarrizkoa da».

Espainiako Jabetza Horizontalaren Legea joan den martxoan berritu zuten —1960koa da—, eta 10. artikuluak orain ezartzen du «obligaziozkoa» izango dela, eta ez dela eraikineko etxebizitzetako jabeen akordiorik beharko igogailu bat jartzeko, eskatzailea 70 urtetik gorakoa bada edo egiaztatutako desgaitasun fisikoren bat baldin badu. «Joan da hobetzen», esan du Malkorrak. Gertatzen dena da obraren gastuak etxejabe elkargoaren urtebeteko gastu arrunten kopurua gainditzen badu beharrezkoa izango dela etxejabe gehienek obra egin nahi izatea.

Lehen, gehiengo «zorrotzagoak» exijitzen zirela argitu du Malkorrak. Dena den, ez dago konforme legean egindako aldaketarekin. «Egun, pertsona batek, bere etxetik ateratzeko, bizilagunen gehiengoa behar izatea...». Badaude diru laguntzak: Jaurlaritzak obraren aurrekontuaren %5finantzatzen du, etxejabe elkargoari, gehienez, 2.000 euro emanez. «Igogailuen kasuan, arazorik handiena, askotan, ekonomikoa izaten da. Badaude diru laguntzak, bai, baina ez dute estaltzen obraren zati oso-oso handi bat». Horregatik, Jaurlaritzak eta udalek behar horietarako diru gehiago bideratu beharko luketelakoan dago. Diru laguntza horiek, hori bai, «egokitzapen txikiagoen» gastuak estal ditzakete: «Atariko ateari motor txiki bat jartzea, plataforma bat jartzea, maldatxo bat....». Etxebizitzen Beharrei eta Eskaerari Buruzko Jaurlaritzaren 2017ko inkestaren arabera, irisgarritasuna hobetzea da etxebizitzaz aldatzeko bigarren arrazoia —etxebizitzaren tamaina desegokia da aurrenekoa—.

Kontzeptu zabala

Irisgarritasuna «kontzeptu oso zabala» dela iruditzen zaio Malkorrari. «Jende askok du mugikortasun murriztua, ez bakarrik aulki gurpildunean dagoen pertsonak: makulu baten beharra dutenek, pertsona helduek, hardun dauden emakumeek, umeentzako gurditxoak erabiltzen dituzten gurasoek, aldi baterako lesio bat dutenek...». Arazoa, horrenbestez, «larria» da, Malkorraren aburuz, eta emandako pausoak aski ez direla uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.