Itxaro Borda
Koronabirusa. GIZARTEA PENTSALDIAN

Bertigoa

2021eko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Badu kasik urte bete koronabirusaren atzaparretan dagoela mundua, urakan baten minean bezala biribilketa. Zenbait hilabete atzera egiten dugunean, leizea nolazabaldu den ikusten dugu. Gure egunerokoa eremu hertsi eta ikaratia bilakatu da. Ez dakigu bihar zer eta nola eginen dugun. Gauzak biziki konplikatuak dira, muga pasatzea adibidez. Halako beldur birla izenda ezin batean irautera behartuak gara. Sentsazio bitxia da, mundu hau preseski, segurtasunaren eta hamabi hilabeterako proiektu finkoen harrobia (izan) dela kontuan edukitzen badugu.

Egoerak bertigoa ematen du. Osasunean gaude momentuko eta gure aldian ukanen dugu txertoa, udaberri erditsutan edo uda atarian. Baina ez dakigu... txertoak eskasten ahal dira, edo bat-batean koronabirus horren aldaera ezezagunak jazar daitezke, ingelesaren, hego afrikarraren edo brasildarraren ildotik. Telebistetan, berri kontra-jarriak aditzen ditugu: batean, berehala konfinatuko gaituzte hirugarren aldiz, eta bestean, zeinu azpian jarriko dute jendalde zaurgarriaren gehiengoa, polizia kontrolak indartuz. Pandemia giroan, Jupiterrek azken hitza bere duela, badirudi 2022ko presidente hauteskundea prestatzen dabilela Macron, dezentzia ahantziz.

Bertigoa halaber, pobreziaren zenbakiak agertzen direnean. Jende arruntak lana galdu du, eta lanik gabe zeudenak, dagoeneko, Aturri hegiko janari bankuaren ateetan metatzen dira Tati marka dakarten poltsa higatuak beso puntetan. Behartsuen lerro ilun eta konkortua osatzen dute: hilabeteak joan ahala, are ilunago, are konkorrago. Europaz haraindiko lurraldeetan errepikatzen den itxura. Askotan, gure eskualdeko kinka larria baizik ez dugu aipagai, baina Afrikan, Indian edo Hego Ameriketako sasi-hirietan amiltzen diren txiroak anitzez gaizkiago daude, asaldatzeko ahalmenik gabe: brasildar batzuk arranguratzen hasi eta Jair Bolsonarok erantzun zien tem que deixar de ser um pais de maricas... har ezank hori muturrean!

Bertigoa oraino ere, ohartzean, hainbat eta hainbat denda, jatetxe, zinema edo enpresa txiki ez dela erauntsi pandemiko honetatik onik altxatuko, diru-laguntzak erdiesten dituzten arren. Noiz arte iraunen du egoera honek? Nork ordainduko du botere publikoek oparo hazten duten zor kolektibo hau? Herritarrek pagatu beharko dugula entzuten da jadanik, eskubide sozialen murrizketak eginen dituztela, elektrika, ura eta gasa ikaragarri kariotuko direla eta aspaldian suntsitua den George Orwellen Wiganeko Kaian bilduko gara, eskuak hutsik (baina sendo?).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.