'Naparra auzia' ireki daiteke, gorpua lurperatutako tokiaz berriak lortuta

«Estatu terrorismoari» lotutako norbaitek eman du informazioa. Iruinek eskaera egin du Madrilen

'Naparra auzia' ireki daiteke, gorpua lurperatutako tokiaz berriak lortuta.
enekoitz esnaola
Donostia
2016ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Berriro irekitze bidean egon liteke Jose Miguel Etxeberria Alvarez Naparra-ri buruzko auzia, haren gorpuzkiak non egon daitezkeen jakiteko informazio baliotsua lortu baitute. 1980ko ekainaren 11n desagertu zen Naparra (Iruñea, 1958) Komando Autonomo Antikapitalistetako kidea; Ziburun (Lapurdi) hitzordu bat zuen. BVE Batallon Vasco Españolek bere gain hartu zituen haren bahiketa eta hilketa, baina kasua, bi aldiz auzitegietan izan arren, ez da argitu. Orain, informazio «erabakigarria» erdietsi dute sendiak eta Iñigo Iruin abokatuak: «estatu terrorismoarekin» lotutako pertsona batek jakinarazi du non egon daitekeen lurperatuta hilotza. Mont de Marsan (Frantzia) iparraldera dagoen udalerri batean kokatu du tokia, haritzen paraje batean —Ziburutik autoz ordubete ingurura—. Atzo iragarri zuen hori Iruinek, Donostian, prentsaurreko batean, eta esan zuen auzia berriro irekitzeko eskaera egin duela Espainiako Auzitegi Nazionalean. Paco Etxeberria auzi medikuak lekuaren txosten bat egin du, eta hori ere aurkeztu du Iruinek auzitegian. «Itxaropena» izan arren, «zuhurtzia» eskatu du.

Frantziako Justiziak 1982an utzi egin zuen ikerketa —Baionako epaitegiak—, eta Espainiako Auzitegi Nazionalak ere bai 2004an, auzia 1999tik izan ondotik. 2014an NBE Nazio Batuen Erakundeak desagertze behartu modura onartu zuen kasua, eta gomendioak egin zizkion Espainiako Gobernuari; ezer ez, ordea. Senideek zaila zuten aurrerabideren bat aurkitzea. Baina 2015eko bukaeran, Iñaki Errazkin kazetariak informazio baliagarri bat jaso zuen: Naparra lurperatu zuten tokiaren kokapena. Hori jaso, eta Iruinengana jo zuen Errazkinek abenduan, abokatuak dioenez. Informazio hori eman duena espainiar bat da; Iruinen esanetan, 1970eko urteen amaieran eta 1980koen hasieran «estatu terrorismoarekin» lotura eduki zuen. Egun, Hego Amerikan bizi da. «Ikerketa ondo joan dadin», jendaurrean ez dituzte eman haren izena eta Naparraren gorpua egon daitekeen toki zehatza.

Lehen hartu-emanaren ostean, iturriak, hilabete batzuetara, Errazkini dokumentazio «zehatzagoa» helarazi zion, Iruinek kontatu duenez, eta kazetariak joan den ekainean berriro jo zuen abokatuarengana; eta horrek, gero, Etxeberria auzi medikuarengana eta Euskal Memoria fundaziora. Informazioa aztertu, eta Iruin eta Etxeberria Mont de Marsan ondoko udalerri hartara joan ziren udan. Datu xeheei esker, «arazorik gabe» topatu zuten lekua. Auzi medikuak abuztu hasieran txosten bat egin zuen.

Eskaera, herenegun

Kasua berriro irekitzeko «nahikoa oinarri» badela iritzita, Iruinek lehenik Baionako epaitegira jo zuen, desagerpena Frantziako Estatuko lurretan gertatu zela eta. Fiskalburuak erantzun zion auzia preskribatua dagoela 1992tik, Frantziako jurisdikzioan halako kasuak 10 urtera iraungintzen direlako. Irailaren 5ean, Espainiako Auzitegi Nazionalera jo zuen Iruinek Javier Zaragoza fiskalburuarengana, eta horrek irekiera eskaera babesteko prestasuna azaldu ei zion. Espainiako Estatuan auzia ez dago preskribatua, aurreko kereila batek auzibideak segitzea ahalbidetu zuelako. Abokatua herenegun izan zen kasuarekin berriro Madrilen, Ismael Moreno instrukzio epaileari eta fiskaltzari auzia zabaltzeko eskatzeko. Errazkini eta Etxeberria auzi medikuari deklarazioa hartzeko galdegiteaz gain, eskatu du Auzitegi Nazionalak Frantziari «premiaz» eska diezaiola gorpuaren bilaketa lanei ekiteko erabakia hartzeko.

Iruinen ustez, «oinarrizko bi datu» dituzte. Batetik, «iturriaren sinesgarritasuna», nahiz eta aitortu duen haren izaeragatik erne ibili beharko dutela. Beste datua, «pauso hau emateko erabakigarria: datuen egiazkotasuna». BVEk, kasuko bere aldarrikapen batean, Mont de Marsan aipatuazuen —hango zezen plazaren aurkako atentatu bat egin zuela ere esan zuen—. Eta, bestetik, hori baino «indar handiagoa» duen datua da iturriak 36 urtera tokiaz emandako «zehaztapena».

Auzi medikuak ere zehaztasuna nabarmendu du. «Iturriak esan du Naparra hil egin zutela, eta non lurperatu zuten». Kasua ikertzeko baimena emateko eskatu du.

Espainiako Estatuak ez dauka terrorismoaren biktima gisa aitortua Naparra. Bi aldiz ukatu du eskaera. Biktimaren anaia Eneko Etxeberriak eskerrak eman dizkie urte hauetan euren «ondoan» izandako denei. Sendiak beti salatu izan du «estatuterrorismoak» hil zuela Jose Miguel Etxeberria. «Gorpuzkiak aurkitzeko ez ezik, ea honek balio duen teoria hori berresteko ere», adierazi du Iruinek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.