Polinesia, Kaledonia Berrira begira

Frantziaren menpeko eremua deskolonizatu beharreko lurraldeen zerrendara itzuli da; han ere, etorkizun politikoaz galdeketa bat egin nahi dute.

Polinesia, Kaledonia Berrira begira.
urtzirrutikoetxea
Papeete
2019ko azaroaren 14a
00:00
Entzun

Kaledonia Berrirako bigarren erreferendumera deitzeak 2020an munduko hainbat mugimendu independentistaren arreta piztu du. Prozesua hurbilen aztertzen ari direnak polinesiarrak dira, Frantziak Ozeanian izan duen koloniarik handiena izateaz gain, kanakekin elkarlanean aritu izan baitira. Badira ezberdintasunak bi herri eta errealitateen artean, baina antzekotasunak ere ez dira gutxi.

Tahitiren aldamenean dagoen uharte ederra da Mo'orea, Frantziako Polinesiako hiriburutik minutu gutxira itsasontzian. Hurbil baina oso desberdin ageri da irla, beste patxada batekin ibiltzen da itsasertzeko errepidetik, koralezko atoloi izugarri ederrak uzten dituen koloreek txundituta, edo polinesiar kondairen arrastoan sumendien magaletako oihanetik. Luxuzko hotel garesti pare bat eta ostatu txiki ugari agertzen dira irlako herrietan, eta, halako batean, bidean ezkerretara jo, eta, itsas aintziraren ertzean, Puna Reo Piha'e'inara heltzen da. Umerik ez badago ere, Pazifikoko txoko horretan zabaldu dute tahitierazko murgiltze eredu izan gura duen eskola bakarra. «Gure asmoa tahitierazko murgiltze eredua izango duen eskola bat da, Hawaiin edo Zeelanda Berrian egiten duten bezala, baina oraindik ez daukagu agintarien baimenik, beti dago oztopo burokratikoren bat», diosku Dom Leoture Puna Reo elkarteko idazkariak. 2003an eguneroko murgiltze eredu bat lantzeko sortu zuten, eta, ordutik, gobernuak ezetz esan die eskola irakaskuntza formalean txertatzeko egindako ahalegin guztiei, eta aisialdiko talde gisa diraute oraindik, ume eta nerabeekin kultura eta hizkuntza bultzatzen. Lee Rurua egon da urte guztiotan eskolan; sortzailea izan zen, eta zuzendaria da orain, eta ez du etsitzen: «Nekazari gunean etxe berri bat ikusi berri dugu, eta Frantzian luzaroan bizi izan den eta zenbait haur eskola sortu dituen ezagun batek lagunduko digu dosierra egiten».

Hexagonoan XX. mendean bizi izandakoen oroitzapena dator: hizkuntza bizirik dago, sarritan entzuten da kalean, baina transmisioa eteten ari da; hizkuntza ondo ez dakiten gurasoak umeekin frantsesez dihardutela entzun daiteke. Europan baino biziagoa da hizkuntza, baina ez du ez diwan ez calandreta ez ikastolarik. Eredu bila ez dute metropolira jo, ahaide polinesiarrengana baizik. Zeelanda Berrian izan berri dira hango maorierarekin daukaten kohanga reo murgiltze ereduaz gehiago ikasi eta, ahal den neurrian, Polinesia Frantsesean ere ezartzeko. «Duela 30 urte, maoriak Zeelanda Berritik Tahitira etorri ziren, gure kulturaz ikertzera eta ikastera. Eta hortik bide garrantzitsua egin dute. Orain, gu goaz eurengana, gurea galtzen ari garela ikusita».

Gaur egun, astean ordu pare batez ikasten dute tahitieraz, eta bada hori ere lorpen handitzat duenik, 1960ko hamarkadako eskoletako debekuak gogoan. Huahine uhartean, Jean-Philippek hala gogoratu du: «Gure garaian, irakasleek jo egiten gintuzten tahitieraz egin ez genezan. Oraingo haurrek dagoeneko ez dute egiten, eta tahitierazko eskolak ematen dizkiete».

Kolonialismo berria

Seaskako ikastolek mende erdia ospatu dute aurten. Zail da irudikatzen garai bertsuan Frantziaren menpe bizi izanda ere, 1960ko hamarkada haren amaierara arte lasai antzean eutsi izan ziotela euren hizkuntza, kultura eta bizimoduari. Harik eta munduko lekurik gehienetan deskolonizazioa gertatzen ari zelarik, frantses kolonialismoak aurpegirik bortitzena erakutsi zien arte: «Frantsesak orduan etorri ziren Tahiti uharte nagusitik kanpo, hau eurena zela esaten, proba nuklearrak egitera. Eta borondatez onartu ezean militarki okupatuko gintuztela esanez», adierazi du Leoturek.

193 entsegu nuklear egin zituzten hiru hamarkadatan, 1996 arte, Mururoa eta Fangataufa atoloietan, Hiroshimako bonbak halako 800en eraginarekin.

Borroka antinuklearra estu-estu dago lotuta Polinesia Frantseseko independentismoarekin. Iaz, Oscar Temaru buruzagi historikoak Frantzia salatu zuen Nazioarteko Zigor Auzitegian, gizateriaren aurkako krimenengatik.

Deskolonizazioa

Duela mende erdi, Frantziaren jarrera ezaguna zen kanakentzat, Pairsek ia ehun urte lehenago hasi baitzuen kolonizazioa han. Espetxe-kolonia gisa lehendabizi, eta nikel meatzeetan jarraian, europar asko iritsi zen Caillou-ra. Melanesiarrak dira kanakak, Australiatik hurbil Ozeania mendebaldean diren herririk gehienak bezala. Kaledonia Berriko uharte nagusia Polinesia Frantseseko bost artxipelagoetako uharte guztiak batuta baino lau aldiz handiagoa da. Parisen utzikeriaren aurrean kolonizazio bortitza jasan izanak kanaken erresistentzia mugimendua indartsuago antolatzea ekarri zuen.

Gerora, sarritan elkarrekin joan dira bi nazioak, etsai berari aurre egiteko. Bateko eta besteko independentistek sarritan bat egiten dute, eta hainbat estrategia ere elkarrekin prestatu izan dituzte. Orain Kanakyko galdeketak hauspotu egin du polinesiarren egarria. Tavini Huiraatira alderdia independentzia erreferenduma eskatzen ari da NBEk 2013an herrialdea deskolonizatu beharreko lurraldeen zerrendan sartzea berriz onartu zutenetik.

Haserre, unionisten erreakzioa galdeketa 2013an bertan egiteko eskatzea izan zen, garaipenaz seguru, auzia ahalik eta bizkorrena ixteko. Baina, handik gutxira bozak irabazi, eta Polinesia Frantseseko Gobernua eskuratu zuten. Edouard Fritch presidentea New Yorken izan zen urrian deskolonizatu beharreko lurraldeen zerrendatik ateratzeko. Frichek argudiatu zuen Frantziak itsasoz haraindi dituen lurraldeetan autonomiarik handiena daukan herrialdea dela. Ordezkari independentistek, berriz, «lan programa bat» eskatu zuten, deskolonizazioa gauzatzeko. Programa horren lehen urratsa NBEren ordezkari talde baten bisita izaten da, herrialdearen egoera zein den aztertzeko, eta hori 2020rako izatea nahi du Tavini alderdi independentistak. Baina, horretarako, ezinbestekoa da lurraldea administratzen duen estatuaren oniritzia, eta Parisek behin eta berriz esan du ezetz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.