Eskoziak ezinen dio betoa paratu 'brexit'-a gauzatzeko legeari

mikel rodriguez
2018ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak parlamentuen arteko hierarkia argi markatu du atzo eman zuen ebazpenarekin. Eskoziako Parlamentuak ezinen du «aldatu, ordezkatu, baztertu edo bertan behera utzi» Erresuma Batukoak onartu zuen brexit-erako legea. Erresuma Batuko Gobernuak Eskoziakoaren aurka paratu zuen helegite bati buruz erabaki du justiziaren organo gorenak. Hala ere, funtseko arazoan ez da sartu, brexit-a gauzatuko denean erresumara itzuliko diren 110 eskumenak zein gobernuk hartuko dituen baitute eztabaidagai.

«Argi utzi nahi dugu ez dagoela gure funtzioen artean eztabaida honetan dauden kontu politikoak baldintzatzea», adierazi zuen atzo Brenda Hale Auzitegi Goreneko presidenteak. Atzoko ebazpena eragin duen auzia joan den otsailean hasi zen. Eskoziako Gobernuak ez zuen lortu Erresuma Batukoarekin ados paratzea eskumenei buruz; hortaz, Eskoziako Parlamentuak lege bat onartu zuen botere horiek hartzeko. Gauza bera egin zuen Galeskoak, baina hango gobernuak legea eten zuen, Londresekin akordio bat egin ondoren.

Eskoziakoaren kasuan, ordea, Erresuma Batuko Gobernuak Auzitegi Gorenera jotzea erabaki zuen. Gorenak erabaki du Eskoziako Parlamentuak ahalmena duela brexit-arekin zerikusia duten legeak egiteko, betiere gaur egun dituen eskumenetara mugatzen bada. Horregatik, legearen ia atal denak onartu ditu, bat izan ezik, iritzi baitio Eskoziako Parlamentuak bere buruari ahalmena eman diola Londrestik jaulkitako legeak blokeatzeko. «Espero dugu Holyroodek [Eskoziako Gobernuaren egoitza] orain jarrera pragmatiko bat hartuko duela, eta gurekin lan eginen duela EB uzteko bidean», adierazi zuen atzo David Mundell Erresuma Batuko Eskoziarako idazkariak.

Mayk urtarrilera gibelatuko du 'brexit'-aren akordioaren bozketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.