Nagore Odriozola Juaristi.
Tokio 2020. TOKION TOKIKOA

Aurrerapena eta hori guztia

2021eko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Hogei urteren ostean Txinari tranpolin jauzietako tronua kendu zioten atzokoan. Thomas Daley eta Matty Lee britaniarrek eraman zuten urrezko domina eta Daleyk, bere laugarren Olinpiar Jokoak diren honetan eta une historikoa aprobetxatuz, LGTB komunitatearen aldeko aldarrikapen mezu bat bidali nahi izan zuen: «Edozein gauza lor dezakegu», zioen malko artean. Aspalditik da bera homofobiaren aurkako aktibista, txikitatik hamaika oztopo gainditu behar izan dituelako tamalez.

Olinpismoak hori beharko luke, iruditzen zait. Aurrerapena, aldaketa inklusiboa, normalizazioa, ezberdinarekiko errespetua. Baina izaten da ba atentzioa deitu behar hori? Bada, Tatiana Navkak listoia altu ipini nahi izan du. Olinpiar txapelduna izandako patinatzaile errusiarrak 2016ko Neguko Jokoetan urrezko domina irabazi zuen, baina azken urteetan nahiko polemikatan sartuta ibili da. Oraingo honetan zera esan du: «Gimnastika erritmikoa kirol femeninoa da eta gizonezkoek maskulinoak izan behar dute». Zergatik? Cristofer Benitez gimnasta espainiarraren bideo bat ikusi duelako, bertan gimnastika erritmikoko errutina zoragarri bat osatzen ari zela.

Antza denez, Navkak ulertzen omen ditu «aurrerapena eta horiek guztiak», baina pozik dagoela dio Errusian ez omen delako halakorik existitzen ezta onartzen ere. «Nire seme-alabek ez dute sekula inoiz ikusiko hau, ez dezaten pentsatu normala dela», gaineratu zuen. Tira, nik esango nuke ez duela ezertxo ere ulertu.

Benitezek hamabost urte baino gehiago daramatza gimnastika erritmikoa praktikatzen, eta argi erantzun du errusiarraren irainak bere ibilbide osoan zehar jasan behar izan duenaren isla besterik ez direla. Garrantzitsuena, ordea, bere alde atera den jendetza hori guztia omen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.