'Argentina, 1985' filma

Negazionismoari kontrapuntua jartzeko bide bat

'Argentina, 1985' filmean junta militarraren aurkako epaiketa berregin dute. Gertaturikoaren ustezko zehaztasun horrek eztabaida sortu du filmaren ikusle arretatsuen artean.

Ricardo Darin eta Peter Lanzani aktoreak, epaiketako eszena batean. BERRIA.
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2022ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Jakina denez, Argentina erreferentziatzat hartzen da mundu zabalean bai giza eskubideei eta bai diktaduren osteko berreraikuntza prozesuei dagokienez; eta nabari da herritarren artean, ongi informatuta baitaude gai horien inguruan. Preseski, Argentina, 1985 filmak baieztatu egin du hori; izan ere, lan horrek Argentinaren demokraziarako trantsizioko gertaerarik gogoangarrienetako bat berregiten du: junta militarren aurkako epaiketa, hain zuzen. Santiago Mitrek zuzendu du, eta, besteak beste, Ricardo Darin eta Peter Lanzani ditu protagonista. 1985-ek —argentinarrek hala deitzen diote filmari— aretoak bete ditu, aspaldiko eztabaidak azaleratu, berriak sortu, eta pentsatzera eta argudioak berrikustera behartu du jendea. Mitreren filmak oihartzun handia izan du hala Argentinan nola nazioartean: Oscar sarietan lehiatzeko hautagaia da, Ikusleen Saria irabazi du Donostiako Zinemaldian, Iberoamerikako pelikularik onenaren Goya saria eskuratzeko lehian izango da, eta, horrez gainera, zinema politikoko tresna bat ere bada, arrunt beharrezkoa negazionismoa eta gorroto diskurtsoak nonahi aditzen diren garaiotan.

Ikusi gehiago:Eva Basterra: «Ezin dut ulertu zer erakutsi nahi izan zuten»

Argentina, 1985 lana, zeinaren gidoia Mitrek berak eta Mariano Llinasek idatzia baita, irailaren 29an estreinatu zen Argentinako zinemetan, eta arrakasta handia lortu du; urriaren 21ean, Prime Video plataforman ere jarri zuten ikusgai. Filmak Julio Strassera eta Luis Moreno Ocampo fiskalen istorioa du hizpide —Darinek egiten du Strasserarena, eta Lanzanik Ocamporena—, bai eta gazte talde baten laguntzaz egin zuten izugarrizko lana ere, Argentinako diktadurako (1976-1983) lehen hiru junta militarretako bederatzi kideak ikertu eta auzipetzeko. Filma berregite historiko bat da, eta zehaztasunez erakusten du nola taxutu zen junta militarren aurkako epaiketa (1985), noiz-eta diktadurari eusten zioten mekanismo instituzionalak desegin gabeak zirenean eta, beraz, gertatutakoa ikertzearekin zerikusia zuen guztiari gogor buru egiten ziotenean.

Hain zuzen, ustezko zehaztasun hori da filmaren ikusle arretatsuen artean sortu den eztabaida edo arrakala nagusia. Batzuek uste dute filmak xeheki bat egin behar duela gertatu zenarekin, egiazko gertaeretan oinarritua denez gero; beste batzuek, berriz, irizten diote fikziozko lan batean zilegi dela lizentzia zinematografikoak hartzea behar dena mozteko eta hitzaldi batzuk hitzez hitz ez berregiteko.

Alde horretatik, kontuan hartu beharrekoa da giza eskubideen aldeko erakundeen lan kolektiboa dela gehien goretsi diren gauzetako bat Argentinako diktaduraren osteko berreraikuntza prozesuan, eta, haatik, filmean ez dela ia agertu ere egiten; haren ordez, heroi nazional (indibidual) bat da ardatza, Strassera fiskala. «Filmean ageri den Strassera hori ez da Strassera, baizik eta epaiketan parte hartu zuten hamaika ahotsen irudikapen zinematografiko bat», argudiatu du Mitrek. Mitreren iritziz, filma hainbat ikuspegitatik konta zitekeen, «baina herritarren hurbilekoa» izan beharra zuen, «edozein ikusleri bide eman ziezaion» istorioarekin bat egiteko.

«Alde horretatik, fiskaltzaren inguruan helduleku asko zeuden istorioan sartzeko: batere gardena ez den pertsonaia pasibo batek, Strasserak, epaiketa bere gain hartu izana; Moreno Ocampo ere tartean izatea, militar familia bateko kidea; justiziak fiskaltzari bizkarra eman izana eta fiskalek ia eskarmenturik gabeko gazteengana jo behar izatea... Horrek guztiak epika eta balio zinematografiko batzuk zekartzan, eta oso interesgarriak iruditu zitzaizkigun».

Mitreren esanetan, sarbide bat hautatzean datza kontua, betiere gertaera bati begiratzeko beste sarbide guztiak itxi gabe. «Zinema politikoan, askotan pentsatu izan da film batek kontakizunari erreparatzeko sarbide posible guztiak baliatu edo bildu behar lituzkeela, baina gai bat lantzea ez da hura ixtea, irekitzea baizik; ate batetik sartzea, eta eskura dauden beste ehunka ate erakustea, filma ikustera joaten diren guztiek aukera izan dezaten mundu zabal horretan sartzeko. Interes bereziz erreparatzen zaie demokraziarako trantsizioaren nondik norakoei, eta, arlo horretan, erakundeak dira erreferentzia nagusia, zalantzarik gabe». Asko nabarmendu dute zer falta den edo zer ez den esaten filmean —filmak, nolabait, jakina den guztia du helduleku—, eta Mitrek gogoeta egin du horren harira: «Zineman, pantailatik kanpo esamoldea erabili ohi da enkoadratutakotik kanpo gelditzen dena izendatzeko; ez du esan nahi ez dela existitzen, baizik eta ez dela enkoadraturik ageri, besterik ez».

Basterraren kasua

Filmak zirrara emozional handia sortzen du, Strasserari eta haren lantaldeari egindako mehatxuak erakusten dituelako, baina baita kontzentrazio esparruetan izandako gertakaririk makabro eta izugarrienen berri ematen duten zenbait testigantza azaltzen direlako ere. Tartean, Esma Armadaren Mekanika Eskolatik bizirik atera zirenetako batena, Victor Basterrarena.

«Esklaboen eskulanaren auzia lantzea izan zen gauzarik zailenetako bat. Nola landu Basterraren pertsonaia?», galdetu du Mitrek. «Ulertzen dut haren alaben sentipena, eta arrazoi osoa dute. Zoritxarrez, ezinezkoa da filmak kontatu behar litzatekeen guztia kontatzea, baina ez dut uste zalantzarik agertzen duenik Basterraren inguruan: adibide gisa erabiltzen du, ikusarazteko zer zen Esman esklabo izatea. Izatekotan, defentsako abokatuak agertzen du zalantza, eta gaiztoetako bat da hura, argi eta garbi. Gai zaila da. Uste dut memoriarekin lotutako kontakizunetan gehiago gogoetatu behar dela Basterraren inguruan, eta hobeki pentsatu nor izan zen; eta nahi nuke lan hori egin dadila».

Filmak eraginik handiena izan duen arloei erreparatuz, kontuan hartzekoak dira ikusle gazteen artean sortutako eztabaida bizia, bai eta nazioartean izandako oihartzun handia ere. «Niretzat, zinez pozgarria da filma hainbeste jendek ikusi izana, eta, bereziki, gazteen artean halako interesa pizten duela jakitea; biziki pozgarria zait eskoletan proiektatu izana eta nazioartean oihartzuna eduki izana: beste herrialde batzuetan ikusi izana zer egin zen eta zer ez, eta agerian gelditzea memoriak eta justiziak zer-nolako garrantzia duten demokrazia sendotzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.