Nagore Odriozola Juaristi.
Tokio 2020. TOKION TOKIKOA

Argazkiak

2021eko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Olinpiar Jokoen azken txanpan sartu garen honetan, begiak itxi eta zenbat irudi ote datozkit burura. Rion eta Londresen gimnastikako kapitaina izan zen Aly Raisman izar estatubatuarrari zera irakurri diot: «Benetan atsegina eta ederra» iruditzen zaiola Joko hauetan ikusten ari garen kirol legea. «Jarraitu beharreko zenbat pertsona eredugarri!», zioen txio batean, eta arrazoia duela iruditzen zait.

Denok ditugu argazki bilduma mentalak, bizitzan zehar osatzen goazen horietakoak. Izan daitezke Olinpiar Jokoetakoak kasu honetan, edota inspirazio iturri gisa balio diguten pertsona horienak. Pasa den uztailaren 21etik hona, nik nabaritu dut nire erretinek irudi asko gorde dituztela bidean, eta oraindik ere nire garuna prozesatzen ari da horiek guztiak. Aurkariak elkar besarkatzen, dominak elkarbanatzen, ondokoarengatik malkotan, txalotzen, irribarreak agerian uzten. Raismanek arrazoi du, bai, zenbat jokabide eredugarri ikusten ari ote gara «non-stop» azken egunotan? Horrek ere badu bere balioa. Kirol legeak berak badu sekulako bizi balioa. Hobeak egiten gaitu, ziur nago.

Baina badira Olinpiar Joko hauetako albuma betetzean ahaztuko ez ditudan beste batzuk ere. Askotan errepikatzen diren irudiak, antzekoak, baina, hala eta guztiz ere, emozionatzen nautenak: Tokion lehiatzen ari diren kirolarien senitartekoen irudiak dira. Urruti dauden horien erreakzioek benetan ukitzen nautela onartu beharra daukat, bai. Ikusi ditut gimnastikakoak eta igerilariak bideo dei ofizialak egiten dominak jaso ostean, eta eman ditzaket orduak sare sozialetan etxean izan dituzten erreakzioen bideoak ikusten. Eta, formula matematikoa balitz bezala, malkotan amaitzen dut beti. Txorotzat har dezaket neure burua, baina pentsatu nahi dut zoriona edo mina partekatzeak eta ezezagunekiko enpatia hori lantzeak ere badutela garrantzia eta balioa. Orduan, nolakoa izango da zuen Tokioko argazki albuma?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.