Maialen Berasategi Catalán.
HIRUDIA

Sormenaz, ogiaz

2018ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Duela urte batzuk, Richard Florida teorialari txit sortzaileak zioen gizarte (kapitalista) bat sozioekonomikoki garatzeko inportanteena ez zela ez industria, ez teknologia, ez ezagutza bere hartan, baizik eta sormena. Esplikatzen zuen bazegoela klase sozial bat, klase sortzaile esaten ziona, puntako teknologiako adituz, artistaz, diseinatzailez, unibertsitateko irakaslez, arkitektoz, jende bohemioz eta homosexualez (sic) osatua, eta, haren azterlanen arabera, komunitate aktibo eta segur aski gazte eder osasuntsu siliconvalleytar hura gai izango zen ganbara-usaineko produkziomolde tradizional hertsia eraberritzeko eta, hala, beren gisako jende ekintzaile bezain asmamentsua eta malgua erakarriz, eskualdeak garabide bete-betean jartzeko. Azken urte hauetan, aditu askok kritikatu dute Floridaren teoria hori, elitistatzat eta gentrifikazioaren sustatzailetzat jota (besteak beste), baina politikari eta urbanista askok kasu ere egin diote, cooltasunaren liluraren eta diru-gosearen erakusgarri.

Sormena, ezbairik gabe, garabide baita: hari esker bihurtu genuen harria lanabes, egurra zur. Baina, batzuetan, garabide bainoago, gorabide ez ote: sormenak bilakatzen du, antza, gizaki arrunta jenio, inorreza inor, hutsaren hurrengoa artista huts. Muin-muinean dauzkagu sortzaileak, sortze hutsa beti balitz bezala onuragarria, edo suntsipenaren antonimoa; sormen artistiko, teknologiko eta (zer esanik ez) ekonomikoak sekula ekarri ez baligu bezala mordoilorik edo, are, txandrio alimalekorik. Sortzaileak ia jainko(sa). Sormena kasik erlijio. Sorkuntza ia panazea.

Agian horregatik galdetzen zaie ez hain bakanki itzultzaileei (literatur itzultzaileei, batik bat) ea sortzaileak diren, ea sormena behar den inoren inongo testuak jatorrizko hizkuntzatik beste batera iraultzeko. Eta, halakoetan, bitxiena da ia lausengu gisa egiten zaiela galdera, nahiko balute bezala itzultzaileek baietz erantzutea, halako apaltasun barne-aizun kanpo-ozen batez disimulatutako sortzailetasun prestigiozko batean gozo gozatzea, behingoagatik beren lantoki-zuloko ilunpe lizun-usainekotik aterata. (Lizunarena hiperbole bat da, jakina. Edo ez). Galdera horrentzat, seguru asko, itzultzaile adina erantzun egongo da noski, baina niri neuri guztiz interesgarriak eta egokiak begitandu zitzaizkidan 2014an Ana Moralesek Elearazi itzulpen- eta pentsamendu-blogeko elkarrizketa batean esandakoak: «Iruditzen zait interpreteak bezalakoak garela itzultzaileak, baina ez kabinetakoak baizik eta musika-interpreteak [...] Pianista bakoitza konpositore baten interpretea da, bada itzultzaileak berdin». Alegia: zer diren, esate baterako, Frederic Chopin eta Maria João Pires, bada, horixe izango dira idazle on bat eta haren itzultzaile on bat. Musikazaleak gustura joaten dira Chopin entzutera, baina, batzuetan, Chopin eta Pires, sortzailea eta interpretea, biak entzutera ere joaten dira. Batak sortu egin baitu, eta besteak, sorberritu.

Horregatik dira antzuak idazleen eta itzultzaileen sorbideen konparazioak: sormena, (ezer) izatekotan, ez delako huts-hutsean abilezia-multzo zerutar sortzezko bat, inspirazio-kolpe landugabeen eta musa arrotz apetatsuen mendekoa, baizik eta lantegi bat amaigabea, findu eta hautatu behar bat atergabea, teknika bat azken batean, eta idazleen teknika gauza bat delako eta itzultzaileena beste bat. Ez: itzultzaile gehienak ez dira idazleak, idazle gehienak itzultzaile ez diren bezalaxe. Itzultzaileak, stricto sensu, edo gaur egungo ikusmolde orokorraren arabera behintzat, ez dira sortzaileak; baina horrek ez du ezein jardun literario edo artistikoren aldean beheratzen gure erobide, barka, ogibide maite hau. Ogia asmatu zuenari bezain esker oneko baikatzaizkie egunero beren moldean ogia egiten, erreproduzitzen dutenei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.