Klima larrialdiari irtenbide txikiak

Ikusita eguneroko ohiturek nolako eragina duten klima larrialdian, gero eta alternatiba gehiago sortzen ari dira: moda jasangarria, elikadura ekologikoa, energia berriztagarriak... Horiek dira norberak arazoari aurre egiteko har ditzakeen neurrietako batzuk.

Greenpeaceko ekintzaileak. Greenpeaceko ekintzaileen protesta bat NBEren egoitzaren kanpoan, Suitzan. MARTIAL TREZZINI / EFE.
ane insausti barandiaran
2019ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Elikadura ohiturak aldatu eta jendeak haragi gutxiago jan beharko lukeela dio IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak ateratako azken txostenak. Horrek arreta jarri du norberak egunerokoan klima larrialdiari aurre egiteko har ditzakeen neurrietan. Pixkanaka irtenbideak eta alternatibak sortzen ari dira: erabilera bakarreko plastikozko poltsak gutxiago erabiltzeko; etxeko energia iturri kutsagarriak aldatu eta energia berriztagarriak erabiltzeko aukerak ere badaude; eta ingurumenari kalte egiten ez dioten materialekin egindako jantziak ekoizten hasi dira hainbat diseinatzaile. Izan ere, ordezkari politikoek behar diren neurriak hartzeaz gain, pertsona bakoitzak bere ohiturak aldatu beharko ditu, egoerari buelta emango bazaio.

Fridays For Futureren (FFF) antzeko mugimenduak ere ugaritzen ari dira, eta berandu baino lehen neurriak hartzeko beharra azpimarratuko dute irailaren 20an eta 27an parte hartuko duten mobilizazioetan. Ados daude Lorea Flores Hego Euskal Herriko Greenpeaceko koordinatzailea eta Marisa Castro Ekologistak Martxan taldeko kidea, esaten baitute gero eta kontzientzia handiagoa dagoela gizartean klima larrialdiaren inguruan: «Horren erakusle dira FFF bezalako gazteen mugimenduak, edo tarteka herrietan egiten diren plastikorik gabeko edo haragirik gabeko astea, zabor bilketak itsasoetan, ibaietan eta erreketan...», esan du Floresek.

Castrok, ordea, uste du ordezkari politikoek hartutako neurriek pentsarazten dutela arazoa ez dela hain larria: «Goitik neurri inkoherenteak datozenez, jendea ez da konturatzen arazoaren larritasunaz. Adibidez, lanera joateko garraio publikoa hartzea bultzatu ordez, bidesariak merkatzen ari dira, autoz joatea merkeagoa izan dadin».

Energia berriztagarriak

Norberak aldatu beharreko ohituretako bat etxean kontsumitzen den energia kopurua eta modua da. Patxi Bergarak, Enargia proiektuaren sortzaileetako batek, «urrun» ikusten du gizarteaenergia kontsumoaren arloko kontzientziazioan. Energia berriztagarriak erabiliz Lapurdin sortutako argindar hornitzaile bat da Enargia, eta uztailean jarri zuten martxan, Lapurdiko, Behe Nafarroako eta Zuberoako etxeetara energia «garbiagoa» bidaltzea helburu duen proiektua: «Badakigu energia garbirik ez dagoela, baina guk proposatzen duguna behintzat garbiagoa da».

Castro Ekologistak Martxan-eko kidearen ustez, gizarteak gero eta gehiago erabiltzen ditu enpresa handien energia iturri kutsagarriak; Enargia proiektuaren bultzatzaileek, ordea, horietatik aldendu nahi izan dute: «Energiaren kontsumoa gorantz doa, enpresa kutsagarri handiei jarraituz, batik bat erregai fosilei lotutakoa».

Hegoaldean, antzeko lana egiten du Goiener kooperatibak, Catroren ustez, eguzki plaken bidez sortutako energia erabilita: «Eguzkiaren gaineko zerga kendu da, eta, eguzki plakak teilatuan jarrita, bakoitzak kontsumitzen duen energia ekoitzi dezake». Ingurumenerako hobea izateaz gain, aurrezteko eta hobeto bizitzeko aukera direla dio, soberakinak kooperatibara eramanez gero —beste norbaitek erabil dezan—, emandako hori kentzen baitiete erabiltzaileei energiaren fakturatik.

Enargiaren kasuan, ordea, Frantziak energia kudeatzeko eskumena zentralizatzea erabaki zuen; Bergarak uste du harrezkero herrietako jendea «problematika horretatik urrundu» dela, eta horregatik dio hain garrantzizkoa dela energiaren sareak nola funtzionatzen duen azaltzea. Argi dauka gobernuen inplikazioa ezinbestekoa dela gizarteak ere pauso hori emateko: «Egiturarik handienek kontsumitzen dute gehien, eta estatuei dagokie horren inguruko kontzientziazioa lantzea».

Halere, egunerokoan norberak har ditzakeen neurriak azpimarratu ditu Bergarak: argiak behar ez direnean itzaltzea, telebistako pantaila itzali ordez kablea ateratzea, ur beroa tarte batez moztea... Azken horren moduko neurriekin «kontsumoa optimizatzea» gakoa dela uste du: «Etxeko ur beroa hamar minutuz moztuz gero, zure etxeko ura ez da hoztuko, eta ez duzu igarri ere egingo; 100.000 etxetan hori egitea lortuz gero, asko murriztuko litzateke kontsumoa».

Ohituretan jartzen du arreta, bakoitzak har ditzakeen neurriei begira ez delako ahal bezainbeste egiten, haren ustez: «Batzuetan, energia gutxiago kontsumitzeko tresnak garatzen dira, LED bonbillak, esaterako. Kontua zera da: hobeak direlako aitzakian, LED bonbilletara aldatu den jende askok argindar gehiago kontsumitzen duela orain lehen baino».

Moda jasangarria

Modarekin lotutako ohiturak daude, halaber, alda daitezkeen usadioen artean. Hain zuzen ere, Nazio Batuen Erakundeak dioenez,industriarik kutsagarrienetan bigarrena da oihalgintza. Gainera, geroz eta arropa gehiago ekoizten da, Consumer aldizkariaren arabera: 2000. urtean, 50.000 milioi jantzi ekoitzi ziren; 2015. urtean, aldiz, halako bi. Asko material toxikoz eginik daudenez, karbono dioxido ugari isurtzeaz gain, ura kutsatzen dute, eta, munduaren beste muturrean ekoitzitako produktuak Euskal Herrira ekartzean, kutsadura areagotu egiten da. Horren inguruan kontzientziatzeko egin zuen Greenpeacek 2017an moda jasangarriaren inguruko kanpaina: «Gure arropetan dauden materialak toxikoak ez izatea bultzatu nahi genuen, eta ahal dela hemen inguruan ekoitziak izatea, esplotaziorik gabe», azaldu du Floresek.

Horren aurkako borrokan dabil Tytti Thusberg diseinatzailea, Donostian bizi den finlandiarra. Bere izena daraman markarekin, moda jasangarria egiten daramatza hainbat urte —segurtasun uhalekin poltsak eginez, kasurako—, eta jasangarritasuna ez da kontzeptu berria harentzat. Txikitan, bigarren eskuko jantziak sortzen zituen, etxeko arropei aldaketa batzuk eginda, eta bigarren eskuko dendetan erosten zituen bere arropak. Emotionally sustainable (emozionalki jasangarriak) diren produktuak ekoizten ditu: hau da, egiten dituen sormen lanek emozioak piztea du helburu, jasangarritasuna ardatz izanik betiere.

Lan baldintza duinak eta ingurumenari kalterik egiten ez dioten materialak bultzatzen ditu moda jasangarriak, Thusbergen arabera. Gero eta aukera gehiago daudela dio diseinatzaileak, eta jendea gero eta informatuago dagoela kate handietako arroparen atzean ezkutatutako esplotazioaz. Kontsumo ohiturei begira, zorioneko sentitzen da, bere tokia egitea lortu duelako: «Egia esan, zorte ona izan dut orain arte, urte asko daramatzadalako honetan eta bezero onak ditudalako».

Ordea, moda jasangarria egiteak baditu zailtasunak. Gaur, tailer «oso on» batean egiten ditu jantziak, baina kostata lortu zuen bat aurkitzea: «Gertuko tailer batean egin nahi nituen jantziak, eta bilaketa ez zen erraza izan».

Horrez gain, jasangarria garestia den mitoa hautsi nahi du: «Jasangarria erosten ari zarenean, proiekzio luzeagoa izan behar duzu, ez delako hurrengo urtean botatzeko jantzi bat izango». Kalitatea bilatu behar dela dio, eta ez kantitatea; hau da, gutxiagotan erosi behar dela arropa, eta ondo zaindu, gehiago iraun dezan. «Dirua inbertitzeko modu» gisara ulertu behar da moda jasangarria, Thusbergen ustez. Halaber, Castrok dioenez, «lanpostuak sortzen dira inguruan», eta, merkatari txikiak sustatzeaz gain, bultzada garrantzitsua da inguruko diseinatzaileentzat.

Erantzukizun politiko faltaz mintzo dira guztiak, halere. Garraioaren arloan, esaterako, Floresek uste du «auto partikularraren menpekotasun handia» dagoela; hirietan, ordea, garraio publikoa, bizikletak edo patineteak gehiago erabiltzen direla dio, herritarrek aukera gehiago dutelako horiek erabiltzeko. Aukera horiek landa eremuetara zabaltzeko baliabideak botatzen ditu faltan: «Euskal Herrian oraindik baditugu hirietatik urrun dauden landa eremuak, eta bertan garraio publikoa hagitzez murritzagoa da orokorrean». Kontzientzia nahikoa izanda ere, zaila iruditzen zaio autoen gehiegizko erabilera murriztea azpiegiturak eraiki ezean.

Floresen ustez, protestan jarraitzea da gakoa, politikariak zerbait egiten has daitezen. Greenpeaceko koordinatzaileak dio ikusten dela orain arte borrokatutakoaren emaitza: «Eusko Jaurlaritzaren klima larrialdi iragarpena kalean sortzen ari den guztiaren ondorioa da». Hauteskundeetako gai zerrendan klima larrialdia alderdi guztiek kontuan hartu izana ere garaipentzat dauka, ordura arte ez zelako gaia kontuan hartzen.

Castrok ere pentsatzen du protestarik ezean berdin jarraituko dutela. Geroz eta denbora gutxiago geratzen dela dio, egoerari ezin zaiola puntu atzeraezin batera heltzen utzi, ondorioak gizarte osoak sufrituko dituelako. Baina bakoitzak bere aldetik ere ahal duen guztia egin behar duela dio Floresek: «Gure banakako ekintzek eragina daukate, eta ohitura txikiak aldatuz aldaketa handiak sor ditzakegu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.