Isabel Sola. Espainiako CNB-CSICeko birologoa

«Bere erritmoa du zientziak; epe batzuk ezin dira laburtu»

SARS-CoV-2 birusean gizakiari kalte egiten dioten gene guztiak kentzea eta birus otzan hori txerto gisa baliatzea da Solaren taldearen apustua. Pazientzia eskatu du.

CESAR HERNANDEZ - CSIC COMUNICACION.
jakes goikoetxea
2020ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Etxetik erantzun zituen galderak Isabel Sola Gurpegik (San Adrian, Nafarroa, 1967), ez han egon nahi zuelako, koronabirusak Luis Enjuanes lankidea kutsatu zuelako baizik. Solari eta taldekideei birusa antzemateko proba egin diete, ordea, eta, kutsatuta ez dagoenez, laborategira bueltatu da, SARS-CoV-2 birusari eta hark eragindako COVID-19 izurriteari aurre egiteko. Txertoak eta antibiralak ikertzen ari dira. Espainiako Bioteknologia Zentro Nazionalean lan egiten du, CSIC Zientzia Ikerketan Kontseilu Nagusiaren mendeko erakundean. Solak eta Enjuanesek zuzendutako taldeak hogei urte baino gehiago daramatza koronabirusak ikertzen.

Zer estrategia duzue SARS-CoV-2 birusari aurre egiteko txerto bat lortzeko?

Beste koronabirus batzuekin erabili dugun estrategia bera. Haiek ere giza koronabirusak dira, oso patogenoak. Ingeniaritza genetikoko sistema bat daukagu, birusaren genoma, informazio genetikoa, aldatu ahal izateko. Birusaren erabilera gidaliburutik kendu egiten ditugu haren birulentziarekin lotuta dauden gene guztiak, hau da, kutsatutako pertsonei kaltea, baita heriotza ere, eragiten dietenak. Birusaren gainerako osagaiei eutsi egiten diegu, beharrezkoak baitira erantzun immune on bat eragiteko, kutsatzea gertatzen denean gorputzak aurre egiteko.

Hitzez erraza dirudi; praktikan korapilatsuagoa izango da. Birus hau, gainera, RNA azido erribonukleiko birus bat da. Nola egiten duzue?

RNA ezin da laborategian manipulatu. Erabiltzen ditugun biologia molekularreko teknikek ez dute balio RNArentzat, DNArentzat [azido desoxirribonukleikoa] baizik. Nolabait esateko, birusaren RNA hori DNAra itzultzen dugu, eta bere genoma osoaren DNA kopia bat sintetizatzen dugu. Horrela, birusaren erabilera gidaliburua daukagu. Laborategian manipula dezakegu, eta nahi ditugun sekuentzia guztiak kendu diezazkiokegu.

DNA hori gero RNA bihurtzen duzue berriro?

Birusa erreskatatzea deitzen diogu prozesuari. Horrek esan nahi du zeluletan sartzen dugula. Birusek zelulen makineria behar dute bizirik irauteko, bizkarroiak baitira. Beraz, erreplikatzeko, zelula baten barruan egon behar dute. DNA molekula osoa zeluletan sartzen dugu, birusak sortzeko fabrikak baitira. Zelularen beraren makineriak DNA RNA bihurtzen du. RNA bihurtzen duenean jada birusaren genoma bat da, kode eta seinale propioekin, erreplikatzeko, besteak beste. Birusak bere erabilera gidaliburua bete baino ez du egiten, RNAn idatzita dagoen moduan.

Baina zelulek sortuko lituzketen birusak indargabetuta egongo lirateke, ezta?

Birus akastunak sortuko lituzkete, birulentzia generik gabeak. Horiek lirateke txertoa lortzeko gure hautagaiak. Birusak ez luke gizakia kutsatuko, ezingo luke zelula batetik bestera pasatu, baina giza gorputzak antigorputzak sortuko lituzke birusaren kontra.

Nola dakizue zein diren gene kaltegarriak?

Gene bakoitza kendu egiten dugu, eta ikusi egiten dugu birusak nola jokatzen duen animalietan: birus osoak hil egiten badu, eta birusak, gene bat kenduta, ez, ondoriozta dezakegu gene hori birulentzia gene bat dela.

SARS-CoV-2 berria da, baina SARS-CoV-ren oso antzekoa, eta zuek eskarmentu handia duzue horretan. Lagundu dizue?

Bai. Ez gara hutsetik hasi. Sekuentzien antzekotasuna %80koa da. Beraz, birulentziarekin harremana duten geneetako batzuk birus honetan ere badaude, eta gure txerto prototipoan lehendik garrantzitsuak zirela genekien gene konbinazioak kenduko ditugu.

SARS-CoV-2 ikertzeko zailtasunetako bat animalia ereduen falta da: birusaren kaltea gizakietan gertatzen den moduan erreproduzituko duten ereduen falta. Zuek badituzue.

Badago genetikoki eraldatutako arratoi eredu bat, SARSarekin erabili zena 2002an. Arratoi horrek birusaren giza hartzailea adierazten du: birusak S proteinan dauka giltza giza zeluletan sartzeko, baina sarraila egokia topatu behar du zeluletan, eta sarraila hori ez dago arratoi arruntetan; arratoiak gizatiartu egin behar dira giza sarraila sortzeko.

Eta nola gizatiartzen dira arratoiak?

Arratoien zigotoei giza DNA zati bat sartzen diegu, guk nahi dugun giza genea adierazteko. Kasu honetan, SARS-CoV-2 birusak baliatzen duen giza zeluletako hartzailea, AC2 proteina. Ez dugu hartzaile horren material genetikoa soilik sartzen, baita hartzaile hori guk nahi dugun lekuan sortzekoa ere. Kasu honetan, biriketan egitea nahi dugu, birusa eta birusaren kaltea bertan ikertzeko.

Arratoiak badauzkazue?

Lortzear gaude. Lortu ziren 2002ko SARSa ikertzeko, baina gero utzi egin zioten erabiltzeari. Haien espermatozoideak eta enbrioiak izoztu egin zituzten. Orain arratoi mota hori berpizten ari gara. Txertoak eta antibiralak probatuko ditugu haietan. Animalia eredua funtsezkoa da eraginkortasuna eta segurtasuna lortzeko.

Zer urratsetan zaudete? Zer egoeratan dago zuen ikerketa?

Txertoaren prototipoa eraikitzen ari gara laborategian. Birusaren genoma guztia DNA bertsioan eraikiko dugu; 30.000 hizki dira. Enpresa bati eskatu genion kimikoki sintetiza zezala zazpi zatitan, oraindik ez baita posible kimikoki 30.000 hizki horiek egitea, bata bestearen atzetik. Zati horiek modu ordenatuan lotzen ditugu birusaren genoma osatzeko. Genoma osoa osatzeaz gain, beste genoma batzuk egiten ari gara, birulentzia geneak kenduta. Azken urratsean gaude; zazpigarren zatia txertatu behar dugu birusaren genoma guztia edukitzeko. Gero zeluletan sartuko dugu, birusa jasotzeko eta karakterizatzeko. Aste batzuk beharko ditugu. Arratoiak prest dauzkagunean, gure txertoaren eraginkortasuna eta segurtasuna aztertuko ditugu.

Noizko egongo dira prest?

Uste dugu arratoiak ekainean egongo direla esperimentuak egiteko moduan.

Zein da zuen zailtasun edo erronka nagusia?

Gurearen oso antzeko hautagaiek oso ondo funtzionatu dute MERSari aurre egiteko arratoi ereduetan, baina sistema biologiko batekin ari gara lanean, eta birus bakoitzak ezaugarri propioak ditu. Ustez gauza logikoak eta zuzenak eginda ere, gerta daiteke emaitzak ez izatea espero izandakoak. Ikuspegia aldatzeko prest egon behar dugu.

Ignacio Lopez-Goñi mikrobiologoak zioen zuen txertoa, eraginkorra izanez gero, besteak baino errazagoa izango litzatekeela ekoiztea eta immunitate sistemaren erantzun zabalagoa eragingo lukeela. Zergatik?

Immunitate sistemaren erantzun zabalagoa eragingo lukeela, ziur. Probatzen ari diren txerto guztiek birusaren proteina bakarra erabiltzen dute, S proteina. Proteina hori oso garrantzitsua da antigorputz neutralizatzaileak sortzeko, baina badaude beste proteina batzuk immunitate sisteman eragiten dutenak. Birusaren proteina bat baino gehiagoren efektuak erantzun immune osoago bat eragiten du, eraginkorragoa eta orekatuagoa. Gure txertoak ez dauka S proteina bakarrik, baita erantzun immune hori laguntzen duten beste batzuk ere.

Eta ekoizpenari dagokionez?

Birus akastun bat da; birulentzia osagai guztiak kendu dizkiogu, baina erreplikatzeko makineria guztia dauka. Pertsona bati hiruko dosi bat ematen badiogu, dosi hori 3.000koa edo hiru milioikoa bihurtu daiteke. Ez dira hain dosi handiak eman behar, eta horrek erraztu egiten du ekoizpena.

Nola bizi duzue presaka lan egin beharra? Mundua erantzun baten zain egotea?

Zientziak bere erritmoak ditu, eta sistema biologikoei buruz hitz egiten ari gara. Birusaren DNA zelulan sartzen dugun bakoitzean, zelulak bi edo hiru egun behar ditu birusa sortzeko eta guk lana egin ahal izateko. Arratoietan erantzun immune bat eragin nahi baldin bada, bi edo hiru aste itxaron behar dira erantzuna sortzeko eta birusaren infekziotik babesten duela frogatzeko. Epe batzuk, nahita ere, ezin dira laburtu.

Gerta daiteke txerto eraginkor bat sortzea, baina gero beste txerto batek ordezkatzea, eraginkorragoa delako.

Jakina. Ez dago formula bakarra txertoentzat. Aukera bakoitzak ditu bere abantailak eta desabantailak. Txinan eta AEBetan probatzen ari direnek birusaren proteina bakarra espresatzen dute, S proteina. Gerta daiteke haien erantzun immunea ez izatea behar bezain eraginkorra eta iraunkorra. Txerto sinpleak eta sortzeko errazak dira, baina ziurrenik hobetu daitekeen erantzun immune bat izango dute.

Birusak nolako bilakaera izango duela espero duzu? Urtaro epidemia edo endemikoa bihurtuko dela uste al duzu?

Normalean hori gertatzen da birusen eboluzioan, baina birusak iragarrezinak izaten dira, eta zaila da aurreikustea zer mutazio hautatuko dituen. Gaur egun, zazpi giza koronabirus ezagutzen ditugu, eta horietako lau arinduta daude. Hotzeria baino ez dute eragiten neguan. Espero dut horixe gertatuko dela honekin ere.

Txertoa nahitaez behar da, bai birusa endemikoa bihurtuta, baita desagertuta ere.

Urtero bueltatzen bada, txertoa behar da. Urtero bueltatuko ez balitz eta desagertuko balitz ere bai: erabilgarria izango litzateke koronabirus honen antzeko beste bati azkarrago erantzuteko.

Bazenekiten horrelako zerbait gerta zitekeela? Horrelako birusak eta pandemiak sor zitezkeela? SARSaren eta MERSaren eragina mugatua izan zen.

Koronabirusari buruzko hitzaldi bat ematen dugun bakoitzean, lehen diapositiban esaten dugu koronabirusak birus emergenteak direla, gaitasun pandemikoa dutenak. Hori da giza koronabirusen definizioa. Espero ez denean agertzen dira. Horregatik, prestatuta egon behar dugu, ez bakarrik orain, baita bake garaian ere. Ezin dira bazterrean utzi birusa ezagutzeko eta harengandik babesteko orain abian jarri diren estrategia guztiak.

Egia al da SARSa eta MERSa eta gero haien ikerketak bertan behera utzi zirela edo baztertuta utzi zirela?

Dirua emateari utzi zioten. Epidemia bat gertatzen ari denean gobernuek eta erakundeek ahalegin handia egiten dute dirua emateko eta konponbideak aurkitzeko. Baina, SARSaren kasuan, 2002an agertu eta 2003 erdialdean epidemia amaitutzat jo zuten. Denbora batean eutsi zioten finantzaketari, baina gero amildu egin zen. Denbora honetan guztian esan da SARSa ez zegoela gure artean, eta ez zuela zentzurik ikertzen jarraitzeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.