Albistea entzun

Gerra Ukrainan. Errefuxiatuak Euskal Herrian

Lau bizitza geldialdian

Gerratik ihesi, dozenaka lagun iristen ari dira egunotan Euskal Herrira. Galdakaora heldu berri dira lau emakume Kotsiubynske herritik, sei eguneko bidea egin ondoren. Esker ona adierazi arren, laster itzuli ahal izatea espero dute.
Zaitxenko ama-alabak, Galdakaoko etxearen atarian; ezkerretik eskuinera, Kateryna, Polina, Alevtina eta Ulya.
Zaitxenko ama-alabak, Galdakaoko etxearen atarian; ezkerretik eskuinera, Kateryna, Polina, Alevtina eta Ulya. ARITZ LOIOLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Maite Asensio Lozano -

2022ko martxoak 17 - Galdakao

«Zorte ona izan dugu», esan du behin baino gehiagotan Kateryna Zaitxenkok, Ukrainatik Euskal Herrira egindako bidea deskribatzean. Polina amaren eta Alevtina eta Ulya ahizpa txikien izenean ari da, berak baitaki ondoen gaztelaniaz; Txernobylgo Umeak elkartearen bidez, aurrez Bizkaian egonda zeuden Kateryna eta Ulya, eta horregatik onartu zuten euren euskal familien laguntza gerratik ihes egiteko. Joan den ostegunean iritsi ziren Galdakaora (Bizkaia), eta hango udalak utzitako etxe batean ari dira atseden hartzen. «Gutxi gorabehera ondo gaude, lasaiago», adierazi du alaba zaharrenak. Esker on handiz mintzatu dira bidean babesa eman dietenei buruz: «Asko lagundu digute».

Polina Zaitxenkok ireki du atea, eta korrika agertu dira alabak atzean, alai. Alevtinak besarkada batez agurtu du kazetaria: 18 urte ditu, eta neskatoen artean Euskal Herrian egon ez den bakarra da, baina hizkuntza gosez jarraitzen ditu solasaldiak, adi. Txikiena da Ulya, 15 urtekoa; BERRIAren ale bat erakutsi dio amari: «Euskara». 22 urte ditu Katerynak, eta eroso hartu ditu itzultzaile lanak; sakelako telefonoa hartu du, mapen aplikazioa ireki eta leku batera joan da: Kotsiubynske. «Hemengoak gara».

Kieveko probintzian dago herria, Ukrainako hiriburuaren kanpoko aldean; 15.000 biztanle inguru zituen gerra hasi baino lehen. Datak eta astegunak lausotuta eduki arren, Katerynak azaldu du hilaren 4an atera zirela handik, Errusiako armadaren inbasioa hasi eta astebetera: «Azken egunak babeslekuan eman genituen, batez ere gauez, 18:00etatik aurrera-edo, bonbardaketak orduan hasten zirelako». Hamar kilometro ingurura dago Irpin hiria, eta han erasoaldi ugari izan dira. «Kotsiubynsken ez zuten erasorik egin, baina gero eta hurbilago nabaritzen genuen gerra. Irpinen eta gure herriaren artean baso bat dago, eta esan ziguten han bazeudela soldadu errusiarrak. Ahizpok amari esaten genion han geratzea arriskutsua zela, eta azkenean amak alde egitea erabaki zuen».

Trenez egin zuten bidearen lehen partea. «Irpinen eraso egin zioten trenari; beraz, egun hartan ezin izan zuten guztiek alde egin. Bestela, trenak gainezka doaz; batzuetan, gidariak ez dira geltokietan geratzen, edo ez dituzte ateak zabaltzen». Vokzalnan egin zuten lehen geldialdia, han lotura asko daudelako: «Oso zaila zen tren batera sartzea; jende asko zegoen, gehiegi. Taxian joan behar izan genuen beste geltoki batera, Darnytsiara». Poloniarekiko mugarantz abiatu ziren handik: «Vinnytsia, Jmelnitsky, Ternopil... Hamar ordu egin genituen zutik trenean; gaixotzen zirenei uzten zieten esertzen, baina ume txikiak besoetan zeramatzaten andreak ere zutik ikusi ditugu».

Mugarantz, eta atzera

Lvivera iritsi ziren, mendebaldeko mugaren aurreko azken hirira. «Hotz handia pasatu dugu, zero azpitik zortzi gradutara ere egon gara. Bi praka eta bizpahiru elastiko jantzita atera ginen etxetik, hotzik ez izateko, baina alferrik». 70 kilometro inguru daude bertatik Poloniara; autobusa hartzeko ilara luzeegiak zeudenez, taxi bat hartu zuten lau emakumeek, baina muga garraio publikoan gurutzatu behar zutenez, atzera egin behar izan zuten tarte batez. Garraiobide batetik bestera orduak egin zituzten zain, eta Poloniara igarotzerako hiru egun beteak zituzten etxetik kanpo. «Lo egin gabe», zehaztu du Ulyak; amak erantsi du berak lortu zuela lo egitea, tren batean, zutik eta hormaren kontra jarrita. Barrez oroitu dute une hori, baina Polinak erakutsi duen bideoan ez da halakorik sumatzen: nekea, asperdura eta kezka islatzen dute aurpegiek.

Smilnytsya inguruan zeharkatu zuten muga, eta Polonian harrera beroa egin zieten: «Boluntarioak zeuden han, dena prest zuten, jaten eman ziguten, arropa... Dutxatu ginen, eta lo pixka bat egin nahi genuen, baina 03:00etan esnatu gintuzten, esanez Espainiarako autobusa ateratzear zela», kontatu du Katerynak, umoreko. Ordurako, harremanetan zeuden Euskal Herriko sendiekin, eta Valentziako (Herrialde Katalanak) GKE batek lotutako autobus batean ekarri zituzten Bilbora. Felix Gutierrezek egin zien harrera, urteetan Ulya etxean hartutako gizonak: «Ez genekien nora eraman. Udaletan galdetu genuen, eta Galdakaokoak larrialdi egoeretarako zuen azken etxebizitza utzi zien».

«Bai, mila-mila esker udalari», nabarmendu du Katerynak. «Jende asko ari zaigu laguntzen, denetik dugu». Azken asteetako tentsioaren ostean, atseden hartzeko garaia iritsi zaie, eta horretan daude egunotan. Oroitzapen gogorrenetatik ihes egingo balute bezala, ez dute berariaz gerraz edo izuaz hitz egin, baina aipatu dute kostatzen ari zaiela lasaitzea: «Sirena hotsen edo zarataren bat entzutean, oraindik beldurtzen gara. Badakigu hemen ez zaigula ezer pasatuko, baina han gertatutakoa buruan dugu».

Ukrainako albisteei adi kasu egiten diete. «Han geratu da gure amona bat, Ulyaren eta Aleren aita, beste senide batzuk... Ez dira aterako, ez dute nahi». Haien berri jasotzen dutela berretsi du Polinak: «Beste gune batzuetan bizi dira, eta han lasaiago daude; nire anaietako bat lurra prestatzen ari da, aurki landatzeko».

Eta orain, zer? Galdera entzunda elkarri begiratu diote, erantzunik ezin baitute eman: ez dakite, geldialdian geratu dira beren bizitzak. Ulya eskolan hasiko da, baina, horrez gain, dena dute pentsatzeko, erabakitzeko, abiatzeko. «Lanen bat bilatuko dugu», esan du Katerynak. Amak ez ezik, bi ahizpa zaharrenek ere lan egiten zuten Ukrainan, ikastearekin batera. Tristuraz mintzatu da Alevtina: «Albaitari ibiltzen nintzen, oso gustuko nuen animaliekin lan egitea; hor segitzeko ere bueltatu nahi dut». Izan ere, itzuleraren ideia buruan dabilkie ezinbestean: «Itzuli nahi dugu, baina ez dakigu noiz amaituko den hau guztia eta zein egoera geratuko den. Ikusiko dugu».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Hainbat aplikazio eta streaming plataforma erakusten dituzten pantailak. ©Berria

Gaztelaniazko ikus-entzunezkoak dira nagusi Uemako herrietako ikasleen artean

Julen Aperribai

Uemako herrietako ikasleen %73k gaztelaniaz ikusi dute, azkenekoz, telesail bat. Netflix 'streaming' plataformaren kontsumoa gehien ikusten den hurrengo plataformarena halako bi da. Lehen Hezkuntzako ikasleen artean, marrazki bizidunen Clan katearen audientzia ETB3rena halako bi da.

Iraitz Lazkano UEMAko lehendakaria, eta Garikoitz Goikoetxea teknikaria Eusko Legebiltzarrean ©UEMA

Uemak adierazi du «sendotasun handiagoz» heldu behar zaiola ikus-entzunezkoen gaiari

Isabel Jaurena

Iraitz Lazkano Uemako lehendakariaren erranetan, EITBk eta RTVEk «ardura handia» dute. Online plataformen eta sare sozialen eginkizuna ere azpimarratu du.

Ikasgela bat Gasteizko Angel Ganivet eskolan, artxiboko irudian ©juanan Ruiz / foku

Irakasleek berriz ere aukera edukiko dute eszedentziak noiz amaitu aukeratzeko

Irati Urdalleta Lete

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak duela urtebete arautu zituen jardunaldi murrizketak, eszedentziak eta aldi baterako eteteak, eta erabaki zuten baimenak horiek emateko arrazoia amaitzen zenean edo urtarrilaren 31n edo abuztuaren 31n soilik bukatu ahal izango zituztela. Arartekoak eskatu zuen agindu hori bertan behera lagatzea, eta hala egin du Hezkuntza Sailak.

Tokiko erakundeetako ordezkariak, gaur, bilerara sartzean. ©Berria

Espainiako Gobernuak Araban duen ordezkaritzara eraman dute aldiriko tren zerbitzuaren eskaera

Berria

Arabako eta Nafarroako 50 toki erakundek udaberrian abiatutako prozesuari jarraikiz bildu dira Arabako ordezkariarekin, AHTaren aurkako alternatibaren berri emateko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...