EAEko Euskararen Legeak 40 urte. ANALISIA

40 urteren ondoren

Iñigo Urrutia Libarona
2022ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Charles Evans Hughes XX. mende hasierako jurista estatubatuarrak (Auzitegi Goreneko epaile izan zenak) zera esan zuen: «We are under a Constitution, but the Constitution is what the judges say it is» (Konstituzioaren menpe gaude, baina Konstituzioa da epaileek konstituziotzat jotzen dutena). 40 urteren ondoren indarrean dugu 10/1982 Legea, azaroaren 24koa, Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoa. Legeak 40 urte beteta, une aproposa da Legeaz eta euskararen normalizazioaren etorkizunaz hausnartzeko.

Euskararen Legeak fase berri bat abiarazi zuen. Aurretik, diktadura faxistaren garaietan euskara jazarpen politikoaren menpe bizi izan zen 40 urtez, debeku, zigor eta bazterkerien artean. Erregimen faxistak oinarrizkoenak diren giza eskubideak zokoratzeaz gain, euskaraz aritzea ordena publikoaren aurkako jardueratzat jo zuen, euskara, bera, klandestinitatera bultzatuz.

Autonomia Estatutuaren 6. artikuluak euskararen ofizialtasuna aitortu ondoren, Eusko Legebiltzarrak 1982ko azaroan Euskararen Legea onartu zuen, euskararen normalizazioa gidatzeko helburuarekin. Katalana edo galegoaren normalizaziorako legeak garai bertsukoak dira, baina Euskararen Legeak beste norabide bat hartu zuen. Kataluniako hizkuntza-politikak, errealitate soziolinguistiko desberdin batean oinarrituta, «hizkuntza-uztarketaren» printzipioa hartu zuen irizpidetzat (horren adierazle, ikasleak hizkuntza-aukeragatik bereizten ez dituen irakaskuntza-eredu bakarra, edo funtzio publikoan hizkuntza-eskakizunak orokortzea ditugu). EAEko eredua, ordea, «hizkuntza-banaketaren» printzipioan oinarritu zen, eta horren ondorioz, ikasleei irakaskuntzako hizkuntza aukeratzeko eskubidea bermatu zitzaien (ikasgela desberdinetan bereiziz); hizkuntza-eskakizunak aurrez elebidun gisa zehaztutako lanpostuei soilik aplikatuko zitzaizkien, baina ez guztiei, eta telebista eta irratiko bina kanal publiko sortuko ziren, bata euskara hutsean eta bestea gaztelania hutsean.

Euskararen Legeko eredua hizkuntza-askatasuneko espazioak bermatzean datza. Ereduak hizkuntza eskubideak aitortzen dizkio hizkuntza bat edo bestea erabili nahi duenari, hizkuntza-taldeak indartuz. Legea, azken batean, euskal hiztunen hizkuntza-taldea garatzeko espazioak ahalbidetzera bideratzen da, baina ez du hizkuntza-eraldaketa integralik planteatzen. Euskararen Legearen eredua Europako Gutxiengoei buruzko Hitzarmen-Markoak gutxiengoei aitortutako norabide bertsutik abiatu zen. Gutxiengoa babesteko eredua da, lehentasunezko edo pribilegiozko hizkuntza egoera iraultzeko anbiziorik gabe.

Egindako bide luzearen ondoren, une honetan planteatu beharrekoa da Euskararen Legearen ereduak askoz gehiago eman ote dezakeen, edo aitzitik bere potentzialtasuna ez ote dagoen agortua eta neurri batez gainditua (eskola hitzarmena, Udal Legea...). Bada garaia zintzoki galdera bati erantzuteko: zein izan behar da euskararen normalizazioaren ardatz eta eredua XXI. mendean?

Hizkuntza askatasun hutsetik, berezko hizkuntzaren eremu funtzionalak indartzera jauzi egitea nahitaezkoa da. Hots, norbanakoak euskalduntzetik eremuak ere euskalduntzera igaro beharko litzateke, euskaraz normaltasunez jardungo duten eremuak bermatuz (toki administrazioa / eskola, gazteen aisia, zinema kuotak...), betiere herritar guztien hizkuntza-eskubideei kalterik egin gabe, baina modu integratuago batez. Euskara lehenetsi behar den hizkuntza bihurtzeko «itun sozial eta politiko» berri bat nahitaezko da, Euskararen Lege berri bati bidea emango diona. Hori da aukera bakarra Epaileen eta Botere judizialaren oldartzea geldiarazteko. Finean, XXI. mendeko euskararen normalizazio prozesua ezin da epaileek nahi dutena izan, euskal herritarrok nahi duguna baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.