KRITIKA. Dantza

Ate txikia eta handia

Agus Perez.
2023ko irailaren 12a
00:00
Entzun

Aterballetto konpainia

Konpainia: Aterballetto. Piezak eta koreografoak: Yeled (Eyal Dadon), Shoot me (Diego Tortelli). Lekua: Miarritzeko Gare du Midi antzokia. Eguna: Irailak 8.

Aterballetto italiar konpainiarena izan da aurtengo Dantza Maitaldiko lehen ekitaldi dantzatua —beste gauza asko daude festibalean, dantza emanaldiez gain—, eta haren aurkezpenean jakinarazi digu Maider Arostegi auzapezak Gare du Midiren aurreko gune zapalari jarriko diotela Jakes Abeberriren izena. Abeberri Iparraldeko abertzale historikoa duela hilabete batzuk zendu zen, eta berak sortu zuen Euskal Herrian dugun nazioarteko dantza jaialdirik sendoena.

Aterballettok egitarau bikoitza ekarri du, ordu erdiko zati bitan banatua. Lehen atala Eyal Dadon koreografo israeldarraren Yeled izan da, eta berak konposatu du piezarako soinu banda ere. Esku-programan euskaraz zein frantsesez argitu digutenez, «Yeled hitzak ume esan nahi du hebreeraz», eta koreografoaren asmoa izan omen da haurtzarotik heldutasunera doan bidea eta haren gatazkak dantzaren bidez irudikatzea.

Xede horri begira, ate txiki batek eta beste handi batek presiditu dute eremu eszenikoa—gogoratzen jostailu-kate famatu batek dendetan zeukan umeentzako ate txikia?—, eta balizko ume batek heldu bati egindako galderen ahots deformatuek osatu dute soinu bandaren hasierako denbora. Dantzari batek ate txikia zeharkatu ostean hasi da guztia, ate handiaren atzealdetik beste bi dantzari elkarrekin jolasten edo borrokatzen ari zirelarik. Bitartean konpainiako hamazazpi dantzariak lerroan jarri, argiek sortutako kaleetan eta gune karratuetan kokatu, eta perfekzio osoz deskribatu dituzte beren mugimendu zehatzak, kementsuak, esanguratsuak, neurtuak.

Bregje van Balenen diseinuak kolore leun eta bariatuekin hornitu ditu arropak —denek jantzi dituzte garai bateko praka motzak— eta Fabiana Piccioliren argiek —berea ere izan da dekoratua— maila sublimea erdietsi dute, eta seguruenik haiengatik gogoratuko dugu beste ezer baino lehen sorkuntza miresgarri hau. Koreografian zehar ez dut bereziki aurkitu jatorrizko ideia justifikatu zukeen elementurik, baina zeharo harrapatuta geratu naiz dantzaren diseinuan eta egikeran, sinbolismo handikoa zelako batzuetan, baina sinbolismorik bilatu gabe; figuratiboa ere izan zitekeelako, baina ezer zehatzik irudikatu gabe; abstraktua, orduan? Ez, zinez: edozein intelektualismotik ihes egiten jakin du Dadonek, eta horregatik guztiagatik egin zaigu hain zoragarria Yeled izeneko lan hau.

Gaualdiko beste pieza Diego Tortelliren Shoot me (Egidazu tiro) deitu da, eta lanaren justifikazioa Spiritualized ingeles taldearen kontzertu bati dantza eranstea izan da. Taldearen musika space rock bezala jotzen da, baina dantza-lanaren lehen erdian hard rock-aren parametroetan geratu da, dantzarien eboluzio interesgarri oro eragotziz. Baina une batetik aurrera, musikak askoz izaera fin eta garatuagoa hartu du, eta horri esker ikusi ditugu norbanakoen eboluzio laburren segidak eta amaieran izan diren binakako zein hirunakako eboluzio poetiko ia aldiberekoak, balada orkestratu eder baten laguntzarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.