Genovako sinboloa erori da

Italia iparraldeko hiriko zubibide bat behera erori, eta gutxienez 30 hildako eta bost zauritu izan dira. Gobernuak erantzukizunak eskatu ditu. Herritarrek azpiegituren egoera salatu dute sareetan

Genovako sinboloa erori da.
Kristina Berasain Tristan.
2018ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Euri zaparrada baten ostean gertatu zen zorigaiztoko ezbeharra. 11:30ak aldera entzun zen burrunba. Italiako Genova hirikoA-10 autobideko zubibidearen 215 metroko zati bat behera erori zen. Bat-batean. Bi norabideetan zihoazen hainbat auto errepidetik behera amildu ziren, eta zubibidearen azpiko bi errepideetatik zihoazen autoak ere hondakinen artean geratu ziren harrapatuta. Morandi zubibidea 45 metro garai eta 1.182 metro luze da. Trenbideen eta industria eremu baten gainetik pasatzen da, kaitik gertu, eta hautsitako tartean merkataritza guneak eta etxebizitzak ere badaude;Sampierdarena eta Cornigliano Genova mendebaldeko auzoen artean dago zubibidea —Poncevera ibaia ere azpitik pasatzen da—.

Matteo Salvini Italiako Barne ministroak arratsaldean jakinarazi zuen gutxienez 30 zirela hildakoak eta beste hamahiru lagun larri zeudela. Etxebizitzetatik, berriz, 50 bat pertsona aterarazi zituzten. Edoardo Rixi Azpiegitura ministrordeak, berriz, adierazi zuen «zoritxarrez handiagoa» izango zela biktimen kopurua.

Hainbat informazio iturriren arabera, 20 eta 30 auto artean zeuden zubibidean ezbeharraren unean. Horietako batzuk eroritako asfalto zatitik metro eskasetara geratu ziren.

Morandi zubiak trafiko handia dauka; izan ere, Frantziako mugatik iristen den A-10 autobidea Milanera doan A7arekin lotzen du. Hiri barruko desplazamentuetan ere maiz erabiltzen da zubibidea, kaira edo aireportura joateko. Ezbeharra, gainera, egun berezi baten bezperan izan da. Gaur Ferragosto eguna ospatzen dute italiarrek, festa egun laikoa eta sakratua, eta itsasaldera edo mendialdera joateko ohitura dute.

Genovako sinboloetako bat zen zubibidea, hiriko azpiegitura ikonikoetako bat, «mirarien garaian» eraikitakoa, 1963. eta 1967. urteen bitartean, gerra ostean, herrialdea suspertzen ari zela. Giuseppe Saragat errepublikako presidenteak inauguratu zuen betoi altzairudunezko estruktura duen zubibide hori, 1967ko irailaren 4an —Riccardo Morandi ingeniariak diseinatu zuen—.

New Yorkeko Brooklyn zubiaren izenaz ere zen ezaguna zubibidea, eta, orain, herrialdearen lur jotzearekin alderatu dute herritarrek zubiarena, mirariaren sinbolo izan zena gainbeherarena bilakatuz.

Zubia «gaixorik» zegoen

Herritarrek errepideen egoera salatu dute sareetan, zubia aspalditik «gaixorik» zegoela adieraziz. Italiako Eraikitzaileen Elkarteak berriki salatu zuen oinarrizko 270 lan geldirik daudela burokraziagatik.

Italiako Gobernuak, kritiken aurrean, erantzukizunak eskatu ditu. Salvini irmo mintzatu zen: «Italiar gisa nire eskuetan dagoen guztia egingo dut iraganeko eta gaur egungo erantzuleen izen-abizenak lortzeko, onartezina baita Italian horrela hiltzea». Errepideen egoeraren inguruko eztabaida oposizioko alderdien ahotan ere egon da, eta denek eskatu dute ikerketa zorrotz bat egiteko.

Eroritako zubia dagoen autobidea kudeatzeaz arduratzen den enpresak ere, Autostradek, ohar bat helarazi zuen zehazteko zubibidearen zoladura sendotzeko lanetan ari zirela eta egitura indartzeko lanak eginak zituztela: «Aurreikusita zegoen moduan, zubi garabi bat jarri zen mantentze lanen garapena baimentzeko. Zubiaren egoera eta lanak etengabeko behaketapean zeuden». Otsailean egin ziren azken segurtasun lanak; duela bi urte, porlanezko estruktura berreraiki zen, eta hesiak aldatu ziren. Enpresak jakinarazi du, era berean, gertatutakoa «sakon» aztertuko dutela lehenbailehen. Autostraderen akzioak %8,8 jaitsi ziren burtsan.

Lehen zantzuen arabera, egiturazko akats baten ondorioz erori zen zubibidearen zatia. Orduantxe euri jasa handia ari zuen Genovan.

Lekukotzak

Lekukoen arabera, izugarria izan zen burrunba ezbeharraren unean. Piero Fraterrigok Ansaldo Energia lantegian egiten du lan, eta hasieran lantegian zeozer gertatu zela adierazi zuen: «Patiora atera naiz, eta orduan ikusi dut zubia. Ikaragarria zen. Zubia ikusten zen, lainoaren erdian, zati bat falta zitzaiola». Une horretan tximistak erori zirela adierazi zuen Fraterrigok.

Alberto Lercari autobus gidariak, berriz, jendea «batetik bestera» korrika ikusi zuela kontatu du: «Oinutsik zihoazen, ikaratuta. Marruma baten modukoa entzuten zen. Niregana zetozen. Beldurgarria zen».

Davide Ricciren autoan zegoen, zubibidearen azpiko errepidean: «Nengoen lekutik hogei metrora erori zen zubia. Hasieran, zubibidearen zutarri zentrala erori zen, eta, ondoren, errepidea behera etorri zen».

Edoardo Rixi Azpiegitura ministrordeak adierazi zuen gertalekua «dramatikoa» zela: «Onartezina da horren inportantea den zubi bat... horrelako tragedia bat saihesteko eraikia behar zuena». Danilo Toninelli Italiako Garraio ministroak Twitterren zabaldu zuenez, «neurrigabeko tragedia» izan zen gertatutakoa. Giuseppe Conte lehen ministroa bart zen hirira joatekoa.

Larrialdi zerbitzuak lanean aritu ziren gau eta egun, hondakinen artean harrapatuta zeuden lagunak bizirik ateratzeko itxaropenarekin. Tokian bertan 200 bat suhiltzaile ari ziren lanean, hala nola sorospen taldeak, udaltzainak eta medikuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.