Kasualitateetan sinesteari utzita

Aspaldi honetan Amurrio hainbat aldiz agertu da albistegietan: Alfredo Remirez eta Julen Ibarrola herrikideen zigorrak —lehenengoa, sare sozialetan txiokatzeagatik; bigarrena, errotuladore batekin pintaketa bat egiteagatik—, Galder Barbado gazte amurrioarraren espetxeratzea, familia baten baserriaren kontra tiro egin zuen Espainiako polizia ohiaren auzia eta abar. Herritar gehienak «harrituta» daude gertatzen ari denarekin.

Elkarrekin. Julen Ibarrola eta Alfredo Remirez, Galder Barbadoren argazkia eskuetan dutela, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2019ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Joan den otsailaren 10ean aske utzi zuten Julen Ibarrola gazte amurrioarra, espetxean urtebete eman ondoren errotuladore batekin egindako pintaketa batengatik. Senitarteko eta lagunek Amurrion (Araba) egin zioten harrera jendetsua izan zen, baina ez espero zuten bezain pozgarria; izan ere, hiru egun lehenago, otsailaren 7an, Ertzaintzak Galder Barbado eta Aitor Zelaia atxilotu zituen, Duran (Amurrio, Araba) aurkitutako bidoi batekin eta han zeuden piroteknia gailuekin zerikusia zutelakoan. Biak espetxeratu zituzten. Gazte horietako bat, Barbado, Amurriokoa da, eta Ibarrolaren lagun mina.

Gazte bat askatu, beste bat espetxeratu; zoritxarreko kasualitatea iduriko luke. Baina azken bolada honetan, Espainiako Poliziaren, Ertzaintzaren eta epaileen jazarpenarekin zerikusia duten gertakariak erreskadan datoz Amurrion, eta herrian batzuk hasi dira kasualitateetan sinesteari uzten.

Ibarrola Basauriko kartzelara (Bizkaia) sartu zutenean, herrikide bat zuen zain: izan ere, Alfredo Remirez 2017ko azaroan bidali zuten espetxera, sare sozialetan presoen aldeko mezuak hedatzeaz akusatuta, eta urtebeteko zigorra bete ostean kaleratu zuten. Azen ontzeko, urtarrilaren 6an tiro egin zioten Amurrioko ezker abertzaleko familia ezagun baten baserriari; ustezko egilea, polizia ohi bat, handik egun batzuetara atxilotu zuen Ertzaintzak, baina libre utzi zuten, etxean arma ugari aurkitu zizkioten arren.

Esperientzia «gogorra»

Ibarrolak dioenez, «gogorra» egin zaio espetxean eman duen urtebetea: «Pintaketa bat egiteagatik zigortu ninduten, baina, hala ere, talde armatu bateko kide banintz bezala sailkatu ninduten eta, ondorioz, ez zidaten baimenik, hirugarren gradurik edo antzekorik onartzen». Espetxera sartu baino apur bat lehenago, aita hil zitzaion Ibarrolari. Irtetear zegoela, haren urteurren ekitaldira joateko baimena eskatu zuen, baina ez zioten eman.

Remirezentzat ere ez zen esperientzia gozoa izan: «Niri urtea oso luzea egin zait, baina badakit gure egoera ez dela EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko gehienen egoeraren isla; Julen eta biok bigarren graduan egon gara, eta erraztasun batzuk izan ditugu, euskal preso gehienek ez dituztenak».

Edozein modutan, bi-biei urratu dizkiete legez dagozkien eskubideak: «Julen, zorionez, Basaurin egon da espetxealdi osoan, baina ni Darocara [Zaragoza, Espainia] urrundu ninduten», azaldu du Remirezek. «Aldiz, amaieran nik baimen batzuk izan nituen, baina Juleni, horretarako baldintza guztiak bete arren, ukatu egin zizkioten. Hori izaten da betiko jokabidea. Badakizu zure eskubideak ez dituzula inoiz osorik izango».

Eta Ibarrola irtetear zegoela, beste gazte amurrioar bat espetxeratu zuten. Ez edozein gazte, gainera: «Galder laguna dut», azaldu du Ibarrolak, «espetxean egon naizen bitartean izugarri lagundu dit, herriko gazteei beti lagundu dien bezalaxe. Eta ni irten baino bi egun lehenago atxilotu dute; ez dut sinesten kasualitatea denik».

Remirezek uste du EAJk «erantzukizun zuzena» duela gertatutakoan: «Azken atxiloketak, adibidez, Ertzaintzaren ikerketa baten ondorioz etorri dira. Hori al da zoru etikoa, euskal gazteak Madrileraino eramateko moketa? Terrorismoa leporatzen diete, ustez bidoi batean aurkitu dituzten txapligu batzuengatik, mundu guztiak dakienean ETAk jarduera armatua duela zazpi urte amaitu zuela».

Amurrioko alkate Josune Irabienen «anbiguetatea» ere salatu du Remirezek: «Amurrioko jaietan, gazte batzuek panpina bi egin zituzten, neuk egin nituenen modukoak [horregatik ezarri zioten Remirezi lehenengo zigorra, espetxealdia bete behar izateko erabakigarria izan dena] Julen eta bion egoera salatzeko. Alkateak Ertzaintzari deitu zion, elkartasuna delitutzat hartuz eta jakinda horrek ekar zezakeela salaketa eta espetxeratze gehiago. Zertarako behar dugu Auzitegi Nazionala, alkatea edukita?»

Eleak mugimenduko Maialen Begiristainek dioenez, atxiloketek erakusten dute «salbuespen legeek» hor dirautela «ETA desagertu den arren, eta nahi dutenean erabili egiten dituzte. Jarraitzen dute jendea atxilotzen, Auzitegi Nazionalera eramaten eta salbuespen legeak aplikatzen».

Polizia ohia tiroka

Julen Ibarrolak eta Alfredo Remirezek uste dute bi neurri oso desberdin erabili dituztela bi gazteen atxiloketetan eta Amurrioko baserri baten kontra tiro egitea egotzitako polizia ohiaren auzian: «Saihetsezina da kontu biak alderatzea», azaldu du Ibarrolak. «Bi gazteak behin-behinean espetxeratuta Soto del Realen [Madril, Espainia], eta bestea libre. Merkeago ateratzen da etxe baten kontra tiro egitea lau petardo dituen bidoi bat baino? Zer ari da gertatzen gure herrian?».

Remirezek uste du zenbait hedabide erasoa ezkutatzen saiatu zirela, eta, «sare sozialen presioagatik» izan ez balitz, albistea eman ere ez zuketela egingo: «Gero jakin dugu etxean 30 arma baino gehiago zituela. Neurrigabetasuna erabatekoa da. Bi ekintzetatik zeinek sor dezake mina, tiro egiteak edo petardo batzuk edukitzeak?», galdetu du.

BERRIA saiatu da Amurrioko alkate Josune Irabienekin hitz egiten, haren iritzia jakiteko auzi hauen inguruan. Amurrioko Udalak azaldu du esan beharreko guztia urtarrilean plazaratutako adierazpenean agertzen dela. Ohar hartan, alderdi politiko guztietako ordezkariek esan zuten erasoa eta «askatasun publiko eta politikoen esparrutik kanpo egon daitekeen edozein ekintza» gaitzesten zutela, eta kezka azaldu zuten «herritarren arteko bizikidetzaren kontra doazen indarkeriazko ekintzen eta mezuen aurrean».

Begiristainek, berriz, uste du «lagunaren eta etsaiaren legeria» erabiltzearen adibide dela Amurrion gertaturikoa: «Gu txikitu edo beldurtzeko asmoz egindakoak ez dituzte zigortuko, azken finean horixe delako haien helburua; baina kontrako norabidean ematen dugun pauso bakoitza zigortuko dute». Gogora ekarri du Aiaraldean eta Gasteizen zenbait elkarte, pertsona eta alderdi politikoren kontrako pintaketak ere agertu direla, «eta kasu horietan inoiz ez dago errudunik edo atxiloturik».

Horrelakoak ikusita, Amurrioko herritar gehienen erreakzioa «harridura» izan da, Remirezen arabera: «Ez dute ulertzen zertara datorren herra hau Amurrioko herriaren aurka». Eta hori mobilizazioetan ere islatzen ari dela diote: «Juleni eta bioi sostengua emateko egindako mobilizazioek ez dute parekorik izan Amurrion, eta, gainera, joera askotariko jendeak parte hartu du, konturatzen ari direlako Amurrion gertatutakoa ez dela normala», azaldu du.

Bat dator analisi horrekin Julen Ibarrola: «Elkartasun keinu asko izan ditugu gurekin inoiz bat egin ez duen jende askoren partetik», esan du. «Ez dira konturatzen herrian gero eta jende gehiago jabetzen ari dela gertatzen denaz, eta horrek indartsuago egiten gaituela».

Iraganeko egoerak

Begiristainen ustez, gaindituta egon beharko luketen egoerak ekartzen ditu jokabide horrek: «Duela urte batzuk oso argi genuen atxilotzeak egon zitezkeela, lagunak kartzelan bisitatu beharko genituzkeela eta abar. 2011n beste fase batean sartu ginen: pentsatzekoa da gaur egun herri mugimenduetan lanean ari diren gazteek ez luketela horrelakorik espero beharko. Baina behin eta berriro gogorarazten digute hor daudela, hortxe dituztela salbuespen lege horiek nahi dutenean aplikatzeko. Auzitegi Nazionalak jarraitzen du, salbuespen legeak hor daude, eta hori horrela den bitartean beti egongo da horretarako arriskua».

Horri Eleak mugimenduak errepresio zuria deitzen duena gehitu behar zaio: isunen bidezko jazarpena, batez ere mozal legea deritzonaren ondorioz jarritakoak. «Askotan salatu dugu hori», gogora ekarri du Begiristainek, «eta, era berean, errepresio beltza erabiltzeko prest daudela komeni zaienean. Gainera, horren kontra protesta egiten denean, errepresio zuria erabiltzen dute berriro. Altsasun [Nafarroa], adibidez, isunak etengabe ari dira iristen hango auzia salatzeko egindako mobilizazioengatik. Amurrion ere ez ginateke harrituko isunak ailegatzen hasiko balira».

Altsasu aipatu du Begiristainek, eta ukaezina da han jazotakoaren itzala presente dagoela beti Amurrioz hitz egiten denean. Remirezek eta Ibarrolak ez dute Amurrioko auzia Altsasukoarekin alderatzerik nahi, baina, batzuetan, ezin dute saihestu paralelismoak topatzea. «Adibidez, epaileak bidoi hori edukitzea besterik ez die leporatzen Galderri eta Aitorri», esan du Remirezek, «baina zenbait komunikabidek hori baliatu dute atxilotuek bi erasorekin harremana dutela esateko. Horrek beldur handia ematen du, eta Altsasuko auzian hedabide batzuek izandako rola ekartzen du gogora».

Biek ala biek azaldu dutenez, Aiaraldean egon dira iraganean gerra zikinarekin loturiko erasoak —Aitor Latorrek pairatutakoak, esaterako— eta tentsio uneak —Vox alderdi ultraeskuindarreko buru Santiago Abascal hangoa da, eta behin baino gehiagotan liskarrak egon dira harekin edo haren bizkartzainekin—. «Baina oraingoa desberdina da, legez egiten dutelako eta Ertzaintza erabiltzen dutelako».

Elkarrizketa bukatzear dagoela, Alfredo Remirezek eta Julen Ibarrolak ez dute galdu nahi Barbadori eta haren gertukoei elkartasuna adierazteko aukera: «Ez dakigu hau irakurriko ote duen, baina guk esker oneko hitzak baino ez ditugu Galderrek gugatik egindakoa dela-eta espetxean egon garen bitartean. Ea orain hori itzultzen asmatzen dugun».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.