Polizia abusuen biktimek bi urteko epea dute kalte-ordaina eskatzeko

Edurne Begiristain.
Gasteiz
2019ko irailaren 18a
00:00
Entzun
1978 eta 1999 bitartean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan poliziaren gehiegikeriak jasan zituzten biktimek aitortza eta erreparazioa eskatzeko aukera izango dute hemendik aurrera. Eusko Jaurlaritzak atzo onartu zuen erreparazio eskaerak aurkezteko epea ahalbidetuko duen ebazpena, eta, horren arabera, biktimek bi urteko epea izango dute ordaina eskatzeko, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik. Aldizkariak astebete edo hamar egun barru argitaratuko du ofizialki gobernuaren ebazpena, eta bertan zehaztuko dira polizia abusuen biktimek egin beharreko urratsak kalte-ordainak eskatzeko.

Bi urteko epea izango dute kaltetuek eskaerak aurkezteko, eta beste bi urtekoa izango da gobernuak horiei erantzuteko izango duen denbora. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak atzo jakinarazi zuenez, legeak aurreikusten dituen epeak «oso zabalak» dira biktimei behar besteko denbora eman nahi zaielako arauaren berri izateko eta beraien eskaerak «behar bezala» prestatzeko. Gainera, Jaurlaritzak «prozesu zabala» sustatu nahi du eskaerak aurkezteko eta eskaera horiek aztertzeko. «Helburua da eskaerak arinegi ibili gabe eta beharrezkoa den patxadaz eta dedikazioaz aztertzea eta ebaztea».

Balorazio Batzordearen esku egongo da biktima izaera aitortzea eta kalteen balorazioa egitea. Haren egitekoa arautzen duen araudia prestatzen ari da oraindik Giza Eskubideen eta Bizikidetza idazkaritza, eta dekretu bidez onartuko du, udazkenean.

447 biktima inguru

Joan den apirilean onartu zuen Eusko Legebiltzarrak 1978tik 1999ra bitartean Poliziaren abusuen biktimei aitortza eta erreparazioa emateko legearen moldaketa, eta, ordutik, eskaerak tramitatzeko prozedura lantzen aritu da Jonan Fernandezek zuzentzen duen idazkaritza. Izan ere, legearen aurka PPk eta Ciudadanosek jarritako helegiteek moteldu egin dute erreparazioa emateko prozedura.

1978tik 1999ra estatuaren indarkeria pairatutako biktima kopuru ofizialik ez dago, baina, Jaurlaritzak egindako aurreikuspenen arabera, aitortuko dituzten biktimen kopurua 315 eta 447 artekoa izango da. Kalte-ordainei dagokienez, elbarritasun larria aitortzen zaien lagunek jasoko dute kopururik handiena: 390.000 euroko laguntza; eta elbarritasun partziala dutenek kopururik txikiena, 35.000 euro. Hildakoen senideek, berriz, 135.000 euroko ordaina izango dute. Legeak ere jasotzen du osasun arreta integralerako eskubidea, hala eskatzen dutenentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.