Koronabirusa

Egoitzen tamaina eta kokapena, erabakigarri birusaren kutsaldian

Uxue Rey Gorraiz.
2020ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Nafarroako Gizarte Errealitatearen Behatokiak azterketa bat egin du herrialdeko 74 zahar etxeetan eta hamalau menpekotasun zentroetan birusak izandako ondorioei buruz. Haren arabera, zahar etxeetan bizi ziren 280 egoiliar hil dira orain arte koronabirusaren ondorioz, eta, horiez gainera, beste 163 lagun zendu dira COVID-19arekin bateragarri diren sintomekin. Menpekotasun zentroetan, zortzi heriotza erregistratu dituzte koronabirusarekin lotuta.

Birusa gogor sartu da Nafarroako zaharren egoitzetan lehen asteetatik, eta, besteak beste, agerraldien zergatiak zein izan diren aztertu dute ikerketan. Arrazoiak «askotarikoak» dira, txostenaren arabera. Dena dela,bereziki erabakigarriak izan dira aldagai batzuk. Hauek, adibidez:egoitzaren kokagunea eta inguruko kutsatze tasa, egoitzaren tamaina, eta alarma egoeraren aurretik jasotako bisita kopurua.

Carmen Maeztu Nafarroako Gizarte Eskubideen kontseilariak argitu du egoitzetan atzemandako kasu kopurua nabarmen handiagoa izan dela mila herritarretatik hiru kasu positibo baino gehiago izan diren eremuetan. Horietan, sei aldiz arrisku handiagoa dute gaitzak gogor eragiteko, kontseilariaren arabera. Halaber, zahar etxea handiagoa izanda, arrisku handiagoa dago kutsatzeak gertatzeko. «Ehun egoiliar baino gehiago dituzten egoitzetan probabilitatea bost aldiz handiagoa izan da».

Ondorioak eta gomendioak

Kontseilariak nabarmendu du ikerketarekin lortutako ondorioek balio behar dutela hemendik aurrera neurri eraginkorrak hartzeko. Nolanahi ere, pozik agertu da; izan ere, haren esanetan, dagoeneko martxan dira gomendatutako neurri gehienak. Gogoratu du joan den asteazkenean onartu zutela zaharren egoitzen eredua hobetzeko dekretua.

Azterketan ikusitakoetatik abiatuta, gomendatu dute kutsatze tasa handia duten eremuetako zahar etxeei «lehentasunezko arreta» ematea. Maeztuk azaldu duenez, horrek lagundu eginen luke kutsatze kateak eteten; izan ere, aztertutako 70 zahar etxeetatik 24tan pilatu dira kasuen eta hildakoen %93. Gainera, premiazkotzat jo dute egoitzek baliabide gehiago izatea behar adina prebentzio neurri hartzeko. Era berean, azpimarratu dute langileak ordezkatzeko mekanismoak indartu behar direla, eta PCR proba gehiago egiteko premia dagoela. Hain justu ere, atzo, inoiz baino PCR proba gehiago egin zituzten egun bakarrean Nafarroan: 3.346, zehazki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.