Adingabeek asti gehiago izango dute sexu abusuak salatzeko

Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurka babesteko lege proiektua onartu du Espainiako Kongresuak. Delitu larrien preskripzio epea biktimek 35 urte betetzean hasiko da Hegoaldean

Haur batzuk Iruñeko parke batean jolasean, iazko apirilaren 27an. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Igor Susaeta.
2021eko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Adingabeek jasandako sexu abusuen preskripzio epea biktimek 35 urte betetzen dituztenean hasiko da Hego Euskal Herrian. Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurka babesteko lege proiektua onartu zuen atzo, Espainiako Kongresuak, eta hori da, hain zuzen, berritasun nagusietako bat. Gainera, gurasoen alienazioaren sindromea debekatuko du (GAS), eta inguruan indarkeria matxista pairatzen duten adingabeen babesa indartuko du; testuak, era berean, hainbat prebentzio neurri biltzen ditu. Lege proiektua Senatura bidaliko dute, tramitazioan jarrai dezan.

Haurtzaroan sexu abusuak jasandakoek eta haiekin lan egiten duten eragileek urteak zeramatzaten adingabeen aurkako indarkerien kontra borrokatzeko marko bat eskatzen, eta hori ezartzen du, hain justu, arauak.

Joan den ekainean aurkeztu zuen proiektua Espainiako Gobernuak, eta adierazi «umeentzako babes hesiak jartzea» izango zuela helburu. Azkeneko hilabeteetan 576 zuzenketa jarri dizkiote testuari —horietatik 200 pasa jaso dituzte lege proiektuan—, eta horiei buruz eztabaidatu dute alderdiek, auziari buruzko Kongresuko batzordean. Gai arantzatsuenetako bat preskripzio epearen hasierako adina zen. Proiektua aurkeztu zuenean, biktimek 30 urte betetzean hastea proposatu zuen Espainiako Eskubide Sozialen Ministerioak. Herenegun, ordea, proiektua bozkatua izan bezperan, hori 35 urtera atzeratzea adostu zuten gobernuko bazkideek —PSOE eta UP Unidad Podemos—, PPk, ERC Esquerra Republicanak, Ciudadanosek, EH Bilduk, BNGk eta Mas Paisek.

Kongresuaren gehiengo osoaren babesa behar zuen proiektuak, lege organiko bat izaki, eta aise lortu zuen sostengu hori, EAJk eta Voxek soilik bozkatu baitzuten kontra: 268 alde, 57 kontra, eta 16 abstentzio. Jeltzaleen diputatu Iñigo Barandiaranek adierazi zuen hemizikloan «minez» baina «behartuta» bozkatu zutela aurka. EAJk uste du lege hori ontzea ez dela Kongresuaren egitekoa. «Babestuko dugu Eusko Legebiltzarraren egitasmoa denean», gehitu zuen Barandiaranek.

EH Bildu, bestalde, abstenitu egin zen, ERC bezalaxe, eta ez du legearen onarpena «oztopatu» nahi izan. Mertxe Aizpurua subiranisten Kongresuko bozeramailearen esanetan, «aurrerapauso kualitatiboak, kuantitatiboak eta hobekuntzak» izan dira, baina legeak «argiak eta itzalak» ditu.

Hona hemen lege proiektuan jasotako berrikuntza nagusiak.

PRESKRIPZIO EPEA

Delitu larriei dagokienez —sexu abusuak, esaterako—, biktimek 35 urte betetzen dituztenean hasiko da; egun, aldiz, 18 dituztenean abiatzen da. Arauaren helburua da biktimei denbora gehiago ematea. Izan ere, normalean denbora asko behar izaten dute pairatutakoa prozesatzeko eta hori salatzera ausartzeko. Ione Belarra Espainiako Eskubide Sozialen ministroak atzo nabarmendu zuenez, eliza katolikoa abusuen «konplize» izan da «gehiegitan», eta horrek «bukatu egin behar du». Hain justu, Euskal Herrian azken urteetan Eliza katolikoaren jardueraren barruan gertatuko hainbat sexu abusu azaleratu dira, baina biktimek ezin izan dituzte salatu, preskribatuta zeudelako.

JAKINARAZTEA EGINBEHAR

Legea indarrean sartzean, herritar orok administrazioei «derrigorrez» eman beharko die adingabeen aurkako delitu zantzuen edota arrisku egoeren berri.

DEKLARAZIO BAKARRA

Delituak jasan dituzten 14 urtetik beherako adingabeek behin baino ez dute deklaratu beharko auzibidearen instrukzio fasean. Lekukotza hori froga gisa hartu ahal izango da epaiketan, eta, testuaren arabera, modu horretan adingabeak «birbiktimizatzea» eragotziko dute. Legeak bermatzen du, gainera, adingabeei, haien adina edozein dela ere, hitza emango zaiela prozesu judizial eta administratiboetan.

ESPEZIALIZAZIOA

Adingabeen aurkako indarkerian espezializatutako epaitegiak sortzea du asmo lege proiektuak. Indarrean sartzean —ondo bidean, aste batzuk barru—, gobernuak urtebete izango du epaitegi horiei bide emango dien lege proiektu bat aurkezteko Kongresuan.

GAS

Lehen zirriborroan ez zegoen jasota gurasoen alienazioaren sindromea (GAS) debekatzea, baina debekatu egingo dute. OME Osasunaren Mundu Erakundeak ez du sindrome gisa aitortzen, eta elkarte eta erakunde feministak debekatu zezatela eskatzen ari ziren.

INDARKERIA MATXISTA

Proiektuaren arabera, indarkeria matxistaren biktima bat babesteko agindu judizial bat indarrean baldin badago, eta «egiaztatutako zantzuak» baldin badaude adierazten dutenak adingabeak indarkeria ikusi edo nozitu duela, bisita erregimenak bertan behera geldituko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.