Albistea entzun

Zaldibarko zabortegia zigilatzeko eskatu dio Jaurlaritzak Verterri

Jaurlaritzak fiskaltzari jakinarazi dio Verter Recyclingek ez dituela egin behin betiko zigilatze lanak. Lege baliabideak abiatu ditu enpresak zor dizkion 28 milioi euro jasotzeko
Zaldibarko zabortegia, artxiboko irudi batean.
Zaldibarko zabortegia, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Edurne Begiristain -

2023ko otsailak 8 - Gasteiz

Astelehenean hiru urte bete ziren Eitzagako zabortegia (Zaldibar, Bizkaia) kraskatu eta amildu zenetik, baina Verter Recycling enpresa ez da hasi zabortegia behin betiko zigilatzeko lanekin. Horixe salatu zuen atzo Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburuak, gobernu kontseiluaren osteko agerraldian. Adierazi zuenez, Eusko Jaurlaritzak «hasiera-hasieratik» lanak egin zituen desagertutako langileak bilatzeko eta zabortegia egonkortzeko, eta, horri esker, gaur egun Zaldibarko zabortegia «egonkortuta eta zigilatuta» dago. Alabaina, ohartarazi zuen behin betiko zigilatzea egin gabe dagoela, eta Verter enpresari exijitu zion lan hori egiteko eta zabortegia itxi ondorengo kontrol eta jarraipen neurriak hartzeko. Jakinarazi zuen Jaurlaritzak fiskaltzaren esku utzi duela afera horri lotutako informazioa.

Gaur egun, gertakari horri lotutako auzi bakarra geratzen da epaitegietan —ingurumenaren aurkako delituarena—, eta horrekin lotuta, Eusko Jaurlaritzako hiru ingurumen teknikarik ikertu gisa deklaratu beharko dute otsailaren 28an, Durangoko (Bizkaia) epaitegietan. Jaurlaritzak justiziarekin elkarlanean aritzeko borondate osoa duela azpimarratu zuen Tapiak, eta jakinarazi hiru teknikariek Jaurlaritzaren abokatuen laguntza juridikoarekin deklaratuko dutela, «gobernuko beste edozein langilek bezala».

Era berean, Zaldibarko zabortegia amildu eta hiru urte bete diren honetan, sailburuak gogoan izan zituen hondamendian hil ziren langileak, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran, eta haien sendiak. Zabortegiaren egungo egoerari lotuta, berriz, jakinarazi zuen Jaurlaritzak zabortegiko lanak ikuskatzeko lantaldea «indartu» duela: luizia gertatu zenean, zortzi ikuskatzaile zituen; orain, 11 dira.

Zorraren zatirik handiena

Jaurlaritzak 28,7 milioi euro eskatzen dizkio Verter Recycling enpresari, hondamendiaren ostean egin behar izan zituen lanengatik —dirutza horretan sartzen dira hondamendiak ingurumenari eragindako kalteak; ez, ordea, AP-8 autobidean eragindakoak—. Zabortegiaren jabeek enpresa likidatzeko bidea hartu zutenez, gobernuak uste du horren kudeatzaileek eta administratzaileek ordaindu beharko dutela zorra. Jaurlaritzak behin baino gehiagotan esan du legeak ematen dituen baliabide guztiak erabiliko zituela dirua berreskuratzeko, eta hori bera berretsi zuen atzo Tapiak: iragarri zuen «premiamendu bideari» ekingo diola gobernuak, diru horren zatirik handiena berreskuratu ahal izateko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

UEMAko herrietarako udalen ordezkariak, atzo, Azpeitian. ©JON URBE / FOKU

UEMAk egiturazko neurriak eskatu ditu euskararen erabilera sustatzeko

Irati Urdalleta Lete

Ehun herriko langa gainditu du, beste lau herri onartuta: Arrankudiaga, Arruazu, Doneztebe eta Etxebarria. UEMAk Euskal Herri euskaldunaren orubeak sendotzeko konpromisoa hartu du
Hezkuntza Plazara elkarteko ordezkariak, atzo, Donostian eginiko agerraldian. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

«Plan pilotu bat» galdegin dute, euskal hezkuntza sistemaren bidean

Ion Orzaiz

Hezkuntza Plazara-k elkarlana sustatuko du, hezkuntza proiektua, euskalduntzea eta euskal curriculuma bilduko dituen bide orria lantzeko
Ekitaldia atzo, Azpeitian. ©GOTZON ARANBURU / FOKU

Pasaiako segada argitzeko eskea egingo diote Jaurlaritzari

Gurutze Izagirre Intxauspe

Biktimen senideek sumina adierazi dute «hiru urteko lana lapurtu dietelako». Etzi, sarraskian parte hartu zuten polizietako bat identifikatzeko proba egingo dute auzitegian
Immigrazio lege proposamen berriaren aurkako afixa itsatsi zuten Baionako herriko etxe aitzinean. ©GUILLAUME FAUVEAU

Dozenaka lagun bildu dira Baionan immigrazio lege berriaren aurka

Garazi Aduriz Zuñeda

Legeak ukango lituzkeen ondorioen berri eman, eta zakarrontzi batera bota dituzte. Migrazio politika duin bat» ukan dute aldarri

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.