Estatutu «baztertzaile» bat adostea egotzi die PSEk EAJri eta EH Bilduri

Sozialistek boto partikularra aurkeztuko diote abertzaleek adostutakoari. Esan dute eskubide nazionalak aitortzea «lehenengo eta bigarren mailako herritarrak» sortzea dela

Jose Antonio Pastor PSE-EEren bozeramailea eta Idoia Mendia idazkaria nagusia, atzo Bilbon eginiko agerraldian. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
2018ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak urte politikoaren azken bilera egitekoa du gaur,Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako estatutu berriko oinarriak ixteko, eta Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak aurreratu du bere alderdiak boto partikularra aurkeztuko duela, orain arte EAJk eta EH Bilduk adostutako oinarrien aurka eta sozialisten ikuspegia ere aintzat har dezaten estatutuaren testu artikulatua idatziko duten adituek.

Sozialistek estatutu berriaren hitzaurrean eta atariko tituluan egin nahi dituzte aldaketak, hor esaten delako «abertzaleek nahi dutenaren» mamia. Mendiaren iritziz, EAJk eta EH Bilduk adostutako testua legezkoa denetik harago doa, erabakitzeko eskubidea sartu dutelako, eta «ideia arriskutsu bat» ere jasotzen du: «hiritartasun eta nazionalitate kontzeptuak bereizten dituztelako». Horrek, Mendiaren arabera, «lehen eta bigarren mailako hiritarrak» sor ditzake, eta eztabaida eta zatiketa eragin ditzake euskal gizartean.

Horrekin batera, azaldu du egungo proposamena ez dagoela herritarren premietara egokituta: «Abertzaleek nahiago izan dute beren artean soilik adostu, euskal gizartearen beharretara moldatu baino». Mendiak azpimarratu duenez, hori baino «aukera gehiago eta hobeak» daude, eta azaldu du sozialisten proposamena «bizikidetzaren itun zabalean» oinarritzen dela, eta «pluralismoan». «Horiek dira, hain zuzen ere, babestu beharreko baliorik handienak», azpimarratu du.

«Ideia arriskutsua»

Oro har, sozialistak hiru punturekin daude desados. Batetik, esan duteabertzaleek eskubide nazionalak giza eskubideen aurretik jarri dituztela. Bigarrenik, estatus politikoari buruz, azpimarratu dute Espainiarentzat sistema federala dela «bideragarria», eta ez EH Bilduk eta EAJk proposatu duten sistema konfederala. Horrekin batera, sozialistek uste dute abertzaleek estatu molde bat «inposatu» nahi diotela «Espainia osoari». Erabakitzeko eskubideaz,berriz, ohartarazi dute «ideia izugarri arriskutsua» dela, euskal gizartea «banatu»egin dezakeelako.

Mendiaren ustez, EAJk eta EH Bilduk «sintesi nazionalisten» alde egin dute «adostasun zabaleko akordioak» garatu beharrean. Proposamen horretan Euskal Herrian dauden «sentsibilitate guztiak» kontuan hartu ez izana leporatu die.

Horrekin batera, EAJri jarrera argitzeko eskatu dio Mendiak. Uste du jeltzaleek «erosi» egin dituztela EH Bilduren proposamenak, neurri batean behintzat. «EH Bildurentzat bere proiektuaren gutxienekoa dena EAJrentzat berearen maximoa da», zehaztu du.

Mendiak azpimarratu du legebiltzarreko autogobernu lantaldearen lehenengo fasea ez dela «ongi aprobetxatu», baina, aurrera begira, espero du bere alderdiak bat egitea besteekin: «Uste dugu batzen gaituzten gauzak banatzen gaituztenak baino gehiago direla». Horren harira, Mendiak berretsi du PSErentzat «garrantzitsuagoak» direla etxebizitza, enplegua eta zerbitzu publikoen inguruko gaiak, «identitatearekin loturikoak» baino. Eta nabarmendu du autogobernuaren inguruan akordio zabal eta pluralak eraikitzea dela beraien helburua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.