Foro Sozialak ikasturtea itxiko du Bartzelonan, topaketa batekin

Uztailaren 1ean eta 2an izango da Institut Catala Internacional Per la Pau elkartearekin antolatutako jardunaldia. Foroak ez ezik, biktimek abiarazitako dinamikak balioetsi dituzte

Foro Sozialeko Agus Hernan, Nekane Altzelai eta Tasio Arrizabalaga, atzo, Donostiako Koldo Mitxelenan, ikasturtearen balorazioa egiten. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Maider Galardi
Donostia
2019ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Foro Sozialak amaiera emango dio ikasturteari, datorren astean. Biktimen arteko topaketetan jarri dute arreta aurten, eta halako batekin amaituko dute, datorren astelehen eta asteartean, Bartzelonan antolatutako jardunaldi batzuekin. Horren berri emateko eta urtearen balorazioa egiteko, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean agerraldia egin zuten Foro Sozialeko kide Nekane Altzelaik, Agus Hernanek eta Tasio Arrizabalagak, atzo. Bartzelonan Euskal Herriko eta Kataluniako askotariko indarkeriek lau biktima elkartuko dituzte, eta, modu horretan «amaiera borobila» eman nahi diote ikasturteari.

Espainiako estatuaren indarkeria eta ETAren indarkeria jasan duten lau kide bilduko dituzte datorren asteartean, Kataluniako Kazetarien Eskolan, Bartzelonan. Hipercorreko atentatuaren biktimen elkarteko bozeramaile Roberto Manriquek, ETAk hildako Ernest Lluch politikariaren alaba Rosa Lluchek, Axun Lasa GALen biktimak eta Andoni Txasko frankismoaren biktimak parte hartuko dute solasaldian.

Hain justu, Bartzelonako Udalak «Euskal Herriko bakearen aldeko adierazpena» onartu eta urtebetera egingo dute solasaldia. Arrizabalagak azaldu duenez, helburu nagusia izango da aldarrikatzea «zer garrantzitsua» den euskal bake prozesuak eta etorkizuneko elkarbizitzaren eraikuntzak Euskal Herritik kanpoko beste lurralde batzuetan ere babesa izatea.

Asmoa ere badute Espainian halako formatuko topaketak egiteko, baina Hernanek esan du horiek «sukalde lan handia» eskatzen dutela, eta oraingoz ez dutela iragarriko egitasmorik.

Edonola ere, askotariko biktimek halako saioak egiteko zer prestutasun duten goraipatu dute Foro Sozialeko kideek, eta Jokabide ezohikoa eta eredugarria dela nabarmendu du Altzelaik: «Bitxiak dira biktimek bake prozesuaren aldeko mezu horren garbiak ematen dituzten bake prozesuak». Horregatik, biktimak «itsasargi bat» direla ziurtatu du, eta eskertu egin du haien «eskuzabaltasuna»: «Guztiok dugu haiengandik zer ikasia: erakundeek, alderdi politikoek, eragileok eta baita gizarte zibilak ere».

Biktimen elkarguneak

Bai Hernanek eta bai Altzelaik azpimarratu dutenez, ikasturte honetan hainbat egitasmo abian jarri dituzten arren, garrantzi berezia eman diote Entzunaz, bizikidetza eraiki dinamikari. Bederatzi solasaldi antolatu dituzte, hainbat jatorritako indarkeria jasan duten biktima batzuekin. «Helburuak izan dira konfiantzazko eremuak sortzea, biktimek elkar entzutea eta elkar ezagutzea, eta enpatia sortzea», azaldu du Altzelaik. Lehen topaketa Donostiako Emakumeen Etxean egin zuten, azaroan. Han parte hartu zuten Kristina Getek, Leire Gallastegik eta Miren Azkaratek —hirurak dira torturaren biktimak—. Donostiako Miramar jauregian ere antolatu zuen Foro Sozialak kongresu bat, eta han bildu ziren Peru del Hoyo —kartzelan hildako Kepa del Hoyoren semea— eta Maria Jauregi —ETAk hildako Juan Mari Jauregiren alaba—. BERRIAk ere prestatu zuen topaketa bat Foro Sozialarekin. Protagonista izan ziren Pablo Martinez espetxeetako funtzionarioa eta Etzozi Elgezabal euskal preso baten bikotekidea.

Balioa eman diete, gainera, biktimek beren kabuz abian jarritako dinamikei. «Perspektiba historikoaz» aritu da Hernan, eta oroitarazi du 2012rako hainbat biktimek egina zutela lanketa hori; Glencree prozesua goraipatu du.

Bestalde, hainbat eragilek aurten egindako zenbait aurrerapauso ere balioetsi dituzte. Besteak beste,goretsi dituzte Etxerat-ek martxoan aurkeztutako agiria, eta Sarek joan den urrian Miramar jauregian aurkeztutako manifestua eta antolatutako jardunaldiak. Gainera, ETAren 49 biktimak iritzi artikulu bat sinatu zuten, estatuaren indarkeria jasan zuten biktimen eskubideak aitortzea eskatzeko. Foro Sozialak eskerrak eman dizkie guztiei: «Bihotzez eskertu nahi ditugu ekarpen horiek guztiak. Inolako zalantzarik gabe diogu denak direla baliagarriak aro berri bat zabaltzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.