Albistea entzun

Ekainaren 5etik geldirik daude metroaren Kontxako zulaketak

Zuloa hormigoiz estaltzen ari dira orain. Madrilen arabera, ez dute jarraituko tunela egiten «lanekin segurtasunez jarraitu ahal izateko behar diren azterketa geologikoak egin arte»
Makinak, Donostiako metroaren lanetan gertaturiko zuloa hormigoiz estaltzen, atzo, Londres hotelaren parean.
Makinak, Donostiako metroaren lanetan gertaturiko zuloa hormigoiz estaltzen, atzo, Londres hotelaren parean. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2020ko irailak 1

«Krakateko» bat entzun zuten bizilagunek goizaldean; ondoren, «zarata handi bat». Eta zulo bat agertu zen Donostiako Zubieta kaleko 8. zenbakiko eraikinaren sotoan, eraikinaren habe bat oinarririk gabe geldituta. Ekainaren 5a zen, eguerdia, eta ordutik geldirik dauzkate Donostiako metroaren Kontxako tunelaren zulaketak. Espainiako Gobernuaren arabera, lanekin «segurtasunez jarraitu ahal izateko behar diren azterketa geologikoak egin arte» ez dute segituko lanekin. Ez dute zehaztu datarik, ordea.

Satorralaia bizilagunen elkarteari erantzunez eman du horren berri Espainiako Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak. Izan ere, ekainaren 5ean zuloa agertu eta aste batzuetara, ekainaren 30ean, Satorralaia elkarteak Gipuzkoako Kosta Zerbitzuari eskatu zion bertan behera utz zezala metroaren lanei aurrez emana zien baimena —Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren menpekoa da Gipuzkoako Kosta Zerbitzua—. Joan den astean jaso zuen abuztuaren 20ko dataz idatzitako erantzuna Mikel Alvarez metroaren aurkako taldeko kideak: ministerioak erran dio ez duela obrari emandako baimena atzera botako.

Madrilek Satorralaiako kideari bidalitako ohar laburrean zehazten denez, ordea, lanak ez dituzte berriro abiatuko beharrezkoak diren ikerketak egiten dituzten arte. Honela dio idazkiak, zehazki: «Obraren kontrolari dagokionez, jakinarazten da gaur egun aipaturiko lanak geldirik daudela obrak segurtasun baldintzetan jarraitu ahal izateko beharrezko azterketa geologikoak egin arte». Ez dago zehaztapen gehiagorik.

ETS Euskal Trenbide Sareak berak abuztuaren hasieran jakinarazi zuen zuloa hormigoiz betetzeko lanak hasiko zituztela. Metroaren obrak kudeatzen dituen erakundearekin harremanetan jarri da BERRIA, azterketen eta lanen nondik norakoez galdetzeko, baina ETSk egunkari honi adierazi dio une honetan ez duela ikusten horri buruzko elkarrizketarik egiteko aukerarik. Hormigoia botatzeko lanak aurrera doazela baieztatu diote euskarazko kazetari, halere, eta gainontzeko auzoetako obra zatiak aurrera doazela. Amaran, erraterako, metroaren obrekin loturiko zarata handiak entzun zituzten joan den astean bizilagunek, gauez: 00:30etatik 02:00etara aditu zuten harrabotsa, abuztuaren 25eko gauean, eta bataz bertze 65 dezibeleko zarata jasan behar izan zuten auzokideek.

Ekainaren 5ean, zuloa agertu zenean, Donostiako Udaleko eta ETSko arduradunek ez zuten ukatu metroaren obrengatik sortua zela ezbeharra. Presazko agerraldia egin zuten arratsalde hasieran, lekuan berean, eta halaxe adierazi zuen Jose Mari Gutierrez Donostiako metroaren lanen zuzendari teknikoak: «Ez ginen jabetu hemendik 120 metrora dagoen tunelaren eta eraikinaren arteko harremanaz. Ohartu gara Kontxako hondartzako leku hau gune karstiko bat dela, zuloguneak daudela, eta horietako batzuek harreman zuzena dutela eraikin honekin. Tunela egitean, nahiz eta 120 metrora egon, ur filtrazio batzuk sortu dira, zeinek hondarra eraman duten, eta zimendatzean zulo bat sortu dute». Jon Txabarri Donostiako Udaleko Hirigintza zuzendariak erran zuen «istripu tekniko bat» izan zela gertaturikoa. Bizilagunek etxetik kanpo pasatu behar izan zuten gaua.

Satorralaiako kide Alvarezen ustez, ekainaren 5ean eta ondoren gertaturikoak erakusten du «proiektuak kristoren gabeziak» zituela «azterketen aldetik»: «Hau eraikita dago hareatza lurren gainean. Eta haiek esaten dute ez dutela arazorik, metroa hareatzaren azpian dagoen harkaitzean zulatzen dutelako. Baina proiektuan ez da agertzen inon arazo hori, eta hain justu hori zen guk salatzen genuena: tunelaren zulaketan ur filtrazioak gertatuko zirela, eta horrek hareatzaren egonkortasuna aldaraz zezakeela. Eta horrek eraikinen segurtasunean ere, zutabeetan, ezegonkortasuna sortzeko arriskua zuela». Horixe gertatu zen. «Baina problema hau ez dute inondik inora aztertu proiektuan».

Bertze aukera bat ere ikusten du Alvarezek: arriskuez jakitun izanda ere, lanekin jarraitzea erabaki izana. Ez baitziren Satorralaiakoak izan arriskuaz ohartarazi zieten bakarrak: langileek ekainaren 5eko lur jausia gertatu baino bi egun lehenago «zerbait gertatzen ari zela» salatu zuten —isuri handiak zeuden tuneletan—, eta enpresek erabaki zuten, halere, lanak ez gelditzea. «Segur aski bazekiten zailtasunen bat izango zutela, baina bortxatu egin zuten jakin gabe norainoko ondorioak izango zituzten», dio Alvarezek.

AHTaren geltokia, martxan

ETSk bere webgunean jakinarazi duenez, bertzalde, iraileko bigarren hamabortzaldian hasiko dituzte AHTaren Donostiako tren geltokia eraikitzeko inguruko eraikinetan egin beharreko ikuskapen teknikoak. Uztailean hasi ziren Atotxako tren geltokian topografia eta hesitze lanekin, eta ikuskapenekin emanen diete jarraipena orain. 80,4 milioi euroko aurrekontua dute AHTaren Donostiako geltokiko lanek, eta 42 hilabetez gutxienez egitea espero dute: 2022 hasierarako nahi dute egotea behin-behineko geltokia, eta 2023ko abendurako, berriz, behin betikoa. Bilboko eta Gasteizko AHTaren sarbideen proiektuak, aldiz, bukatu gabe daude oraindik.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Joseba Segura Bilboko apezpiku izendatzeko elizkizuna, 2019ean. ©Miguel Toña/ Efe

Bilboko Elizbarrutia hamalau apaiz ikertzen ari da sexu abusuengatik

Edurne Begiristain

Joseba Segura Bilboko gotzainak baieztatu du elizbarrutian sortutako ikerketa batzordeak hamalau apaiz identifikatu dituela abusuen ustezko egile gisa. Gainera, erabateko sinesgarritasuna eman die biktimen lekukotzei.

Migrante batzuk, Irungo Harrera Sarekoen azalpenak entzuten, atzo, herriko plazan. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Zeharkaldirako sareak eraikiz

Jone Arruabarrena

Egunero heltzen dira etorkinak Irunera, Lapurdiko muga igarotzeko asmoz. Irungo Harrera Sareko kideek han egiten diete ongi etorria, eta bidaia ahalik eta modu seguruenean egiteko informazioa eskaintzen diete. Aurten, bi gazte hil dira muga Bidasoa ibaitik gurutzatu nahian.
Suteak Akitanian

Ireki dute Biriatuko muga ibilgailu mota guztientzat

Jone Arruabarrena - Oihana Teyseyre Koskarat

Gauean zehar muga igaro ahal izan dute, baina 07:00etatik aurrera berriz itxi diete, Gironda departamenduan piztutako suteagatik. 7.400 hektareatik gora kiskali ditu suak han, eta 10.000 pertsona ebakuatu behar izan dituzte.

Txartelak balioztatzeko makinak Bilboko Metroan ©Marisol Ramirez / Foku

Bilboko Metroak iragarri du deskontuak aplikatuko dituela garraio publikoa sustatzeko

Berria

Bizkaiko Garraio Partzuergoaren erabakiaren zain dago, teknikoki nola egin erabakitzeko

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...