Jaurlaritzak 70 milioi euro erabili nahi ditu espetxeen kudeaketan

Zigorra «erdi askatasunean» bete ahal izatea sustatu nahi dute. Gogora-k bikoiztu egin du aurrekontua. Osakidetzak lan eskaintza publikoa egingo du, ia 1.500 lanpostukoa

Basauriko espetxeko zaintzarako talaia (Bizkaia). ARITZ LOIOLA / FOKU.
gotzon hermosilla
2021eko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak espetxe erakundeen kudeaketaren eskumena bere gain hartu izanak eragina izango du Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren aurrekontuan. 70 miloi euro bideratuko dira espetxeetara: 30 milioi langileen soldatak ordaintzeko izango dira, eta gainerako 40 milioiak, programa eta inbertsioetarako.

Jaurlaritzako sailburuek jarraitu dute 2022ko aurrekontuei buruzko azalpenak ematen Eusko Legebiltzarrean, nork bere sailaren inguruan. Atzo osasungintzara, berdintasunera, justiziara, gizarte politiketara, gobernantzara, turismora, merkataritzara eta kontsumora bideratutako aurrekontuen txanda izan zen.

BERDINTASUNA ETA JUSTIZIA

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak 528 milioi euro baino gehiago izango ditu orotara, baina horietatik 362 milioi inguru izango dira politika zehatzak sustatzeko, eta gainerakoak, 166 milioi, langileen soldatak ordaintzeko.

Estreinako aldiz, espetxeen kudeaketara bideraturiko diru baliabideak agertzen dira aurrekontuetan, eta zati garrantzitsu bat hartzen dute. Egitasmoen artean, zigorra erdi askatasunean betetzea erraztera bideraturikoak nabarmendu ditu Beatriz Artolazabal sailburuak. Bi milioi euro erabiliko dituzte xede horretako etxebizitzak erosi edo alokatzeko: «Behar adina baliabide izan nahi ditugu zigortutako pertsonen tratamendua errazteko, eta erdi askatasuneko egoerara pasatzea ez atzeratzeko». Aukerak-ek, birgizarteratzeko euskal agentzia sortu berriak, 15 milioi euroko diru poltsa izango du.

Artolazabalek zuzentzen duen sailak memoriari buruzko gaiak ere kudeatzen ditu, eta, horri dagokionez, esanguratsua da Gogora institutuak aurrekontuetan izango duen igoera handia: bi milioi euro izatetik, ia bost milioi euro izatera igaroko da. Horren arrazoi nagusietako bat da Gogora-ren egoitzan ezarri nahi duten erakusketa gunea. Martxoaren 3ko Gasteizko Memoriala ere agertzen da diruz sustatu nahi dituzten egitasmoen atalean.

Gizarte politikei dagokienez, Artolazabalek nabarmendu du atal horren garrantzia, eta esan du langileen arloa alde batera uzten bada diruaren %40 gizarte politiketara bideraturik dagoela. Sexu indarkeriaren aurkako programak, bakarrik bizi diren adinekoei laguntzea helburu dutenak, pobrezia energetikoaren kontrakoak, gizarte larrialdiei erantzun nahi dietenak eta beste batzuk sustatu nahi dituzte aurrekontuen bidez.

Gazteen arloan, berriz, helburu bat finkatu du Artolazabalen sailak: gazteen emantzipaziorakobatez besteko adina 28 urtera jaistea. Bederatzi milioiko aurrekontu bat bideratu nahi dute horretarako, eta beste 73 milioi, familiei eta haurrei zuzenduriko politiketarako. Emakundek, berriz, 7,3 milioiko aurrekontua izango du.

EAJren eta PSE-EEren ordezkariek ontzat eman dituzte Artolazabalen azalpenak, baina oposizioko taldeak ez dituzte gogobete. EH Bilduko Oihana Etxebarrietak eta Elkarrekin Podemos-IUko Isabel Gonzalezek kritikatu dute aurrekontuek «norabide sendorik» ez izatea, eta zenbait ataletan ez dagoela benetako igoerarik.

OSASUNA

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren 2022ko aurrekontua 4.352 milioi eurokoa izango da, aurreko urtekoa baino %4 handiagoa, eta berritasunen artean nabarmendu behar da lan eskaintza publiko baterako deialdia egingo dutela, Osakidetzan ia 1.500 lanpostu betetzeko.

Gotzone Sagardui sailburuak esan duenez, aurrekontuen helburuak izango dira «pandemiari aurre egiten jarraitzea, osasun sistemaren funtzionamendu normala berreskuratzea, azpiegiturak eguneratzea, ikerketa sustatzea, eta desberdintasunik gabeko osasungintza lortzea, hurbila eta pertsonen zerbitzukoa».

Pandemiaren kontrako borroka «lehentasun» izango da oraindik, eta, horretarako, 185 milioi euro bideratuko dituzte. Inbertsioetan hazkundea «nabarmena» da, Sagarduiren hitzetan: %53 gehiago izango dira. Osakidetzaren aurrekontua 3.333 milioikoa izango da, eta hor ere igoera da aurreko urtearekin alderatuta: %3,6.

Osakidetzaren aurrekontuaren bi heren langileei ordaintzera bideratuko dira. Sagarduik iragarri du lan eskaintza publikoa egingo dutela abenduan; horren lehentasuna familia medikuntza eta pediatria izango dira; zehazki, 322 familia mediku eta 62 pediatra lanpostu aterako dituzte, eta espero dute azterketak 2022ko apirilean edo maiatzean egin ahal izatea.

Arreta soziosanitarioa ere aurrekontuetako alor garrantzitsu bat da, eta 35 milioiko aurrekontua izango du. Ikerketan, berriz, aurrekontua %15,5 igoko da: «Berebiziko garrantzia du, jakintza zientifikoa eta teknologia berriak orain arte ezagutu dugun medikuntza aldatzen ari direlako», azaldu du Sagarduik.

GOBERNANTZA PUBLIKOA

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren aurrekontu proposamena 139,2 milioikoa da, hau da, aurreko urtekoa baino 7,5 handiagoa. Olatz Garamendi sailburuak esan duenez, «administrazioa modernizatzea» izango da helburu nagusia, «irekiagoa, arinagoa eta eraginkorragoa izan dadin».

Teknologiarekin, komunikazioarekin eta digitalizazioarekin zerikusia duten diru atalek garrantzi berezia izango dute, eta, esaterako, administrazioari aplikatutako adimen artifizialari buruzko atalaren hazkundea nabarmendu du Garamendik.

Jaurlaritzaren eraikinetan«eraginkortasun energetikoa eta jasangarritasuna» bilatzea izango da beste lehentasunetako bat.

MERKATARITZA

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtado izan da bere sailaren aurrekontuak azaldu dituen azkena. Esan duenez, COVID-19aren izurriak asko baldintzatu ditu turismo eta merkataritza jarduerak, eta, «erresistentzia» fase baten ostean, orain «suspertzeari» ekiteko garaia da. Gaueko aisialdia eta merkataritza sustatzeko laguntzak iragarri ditu. Aurrekontua 52,1 milioi eurokoa izango da, aurrekoa baino %10,2 handiagoa, eta 79,3 milioira igoko da Europako diru funtsei esker.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.