Espetxeetako osasunaren eskumena jasoko du Nafarroak

Akordioa lortu dute Espainiako Gobernuak eta Nafarroakoak, eta maiatzaren 24an sinatuko dute transferentzia. Trafikoaren eskumena bigarren seihilekoan ematea adostu dute

Maria Txibite eta Miquel Iceta, atzo, Madrilen egin zuten bileraren ondoren. FERNANDO VILLAR / EFE.
Erredakzioa
2021eko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Nafarroak espetxeetako osasunaren eskumena eskuratuko du aurki. Hala jakinarazi dute Maria Txibite Nafarroako presidenteak eta Miquel Iceta Espainiako Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko ministroak Madrilen egin duten bileraren ostean. Ez da eskualdatuko duten eskumen bakarra. Urtea bukatu aitzin trafikoaren eskumenaren transferentzia gauzatzea ere adostu dute, eta horretara iristeko proposamen teknikoa lantzen ari direla iragarri dute.

Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak akordioa iragarri eta egun gutxira iritsi da Nafarroakoa ere. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeen kudeaketari lotutako eskumenen, errepide garraioaren, ISSN kode bibliografikoaren eta Ondarroako Itsas Barrutiko eraikinaren eskualdaketa gauzatzea adostu zuten lehengo astean. Transferentzien Batzorde Mistoa maiatzaren 10ean bilduko da izenpetzeko, baina kartzelen arloko eskumenen eskualdaketak urriaren 1etik aurrera gauzatuko dira.

Nafarroari dagokionez, maiatzaren 24an bilduko da gobernuaren eta Espainiako Estatuaren arteko batzordea eskumen aldaketa izenpetzeko, eta bigarren seihilekoan trafikoaren eskumena gauzatzea ere adostu dute. Espainiako Gobernuak dokumentazio teknikoa helarazi behar dio, lehenik, Nafarroako Gobernuari.

Bide horretan, Txibitek berretsi egin du Nafarroako Gobernuak Nafarroako poliziei buruzko foru legean aurreikusitako «pasabidea» aktibatzeko hartutako erabakia. Horrek modua emango du Guardia Zibilaren trafiko taldeko kideak Nafarroako Foruzaingoan sartzeko. Proposamen teknikoa lantzen ari dira oraingoz. Martxoaren bukaeran, JUCIL Guardia Zibilen Elkarte Profesionalak «kezka» agertu zuen trafikoaren eskumenaren transferentziak «hunkitzen» dituen Guardia Zibileko 200 agenteei begira, eta «irteera duin bat» eskatu zuen.

«Ongi elkar ulertzen»

Espainiako Gobernuak eta Nafarroakoak «elkar ongi ulertzen» dutela nabarmendu du Txibitek. «Izaten ari garen bileretan, ministerio guztiekin dugu harreman ona, eta, batez ere, eskerrak eman nahi dizkiot Iceta ministroari, ondo ulertzen baitu autonomien Espainia plural hori, eta gure foru erregimena partekatzen eta errespetatzen baitu».

Horrez gain, Txibitek eta Icetak konpromisoa hartu dute langile publikoen behin-behinekotasunaren arazoa konpontzeko. Horretarako, bi gobernuak konponbide bat lantzen ari dira, «legezkotasuna eta araudia zehatz-mehatz errespetatuz, enplegu publikorako sarbideari eta administrazio bakoitzaren berezitasunei dagokienez», plantillak egonkortzea erraztuko duen irtenbide bat eskaintzeko.

Azkenik, Nafarroako presidenteak Iceta ministroari jakinarazi dio Nafarroako Gobernuak «apustua» egin duela administrazioaren digitalizazioan behin betiko aurrera egiteko, ministerioarekin eta gainerako erkidegoekin lantzen ari diren ildotik, zerbitzu publiko «moderno eta eraginkorra» eta langile publikoentzako baldintza duinak lortze aldera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.