Itxaro Borda
Koronabirusa. GIZARTEA PENTSALDIAN

Mila mediku

2021eko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Gure diskurtsoak toteltzen ditu koronabirusak. Ez garenak izatera bultzatzen gaitu eta ikusten dugun guztia, pandemiaren neurrietara borobiltzen dugu. Pasa den astean, adibidez, Chantal Akermanen Jeanne Dielman handia, lur sagarrak zuritzen, gogor konfinatua kausitu nuen, bere bizitza zorrotz eta monotonoan. Ez nuen inpresio hori ukan, duela urte parrasta bat, lehen aldiz irentsi nuenean. Bukaeran, labanaz kalitu zuen gizonaren ohe gaineko itzalak ez ninduen sentsazio astunetik libratu. Funtsean, aspaldi du, filmak eta liburuak etxekotze-kartzelatze fenomeno humano horrez ari zaizkigula.

Behar bada guztion ametsa da, harpe kantoi batean egotea, handik atera gabe, kanpoa aiher, beldurra izpi. Bortxaz erauzi gintuzten amaren sabeletik, oroitzen? Zein ongi ginen likido amniotiko bero-beroan igerika, larru finaren artetik, mehatxuz bete eta burrunba elkorra osatzen zuen inguruko hotsa entzuten! Kanpotik aldiz, barneak gaitu izutzen. Iragan ostiralean, halatan, Donostian nintzen, eta Konstituzio plazako taberna zenbait zabalik ziren arren, ez nuen bertan sartzeko gutiziarik, hain maite dudan kafea manatzeko ere: etxekotze olde ezberdinek ohitura sozial batzuk kanbiatu dizkigute.

Gauza bat ez da aldatuko. Hau da errealitatea komentatzeko dugun jaidura elekaria. Munduko futbol txapelketa denboretan, ehunka entrenatzaile zenbatzen diren bezala, gaur egun, pandemiaren karietara, mila mediku aurkitzen ditugu orotan, agerian eta harro, epidemiologo tituludunak bailiran. Nire burua, berdin, talde kalakarian kokatzen dut, bistan dena. Ez dut okasio bat galtzen, egunkariak irakurtzen ditut, bitxikeriak azpimarratzen, edozein arduradun politiko edo kulturalen erran larriak notatzen, eskumenean dudan kaier txiki batean.

Irri egiteko parada eman zidan herenegun, Baiona eta Miarritze arteko T1 autobusean nindoala, bi emazte adineko koronabirusaz mintzo hautematean, osasun publikoko arduradunak bailiran, eta euskaraz gainera. Batek, —ile grisak, akote trinkoa—, spike proteinaren aldaera aipatzen zuen, eta besteak,—betaurreko beltzak, hatsa hartzeko makina aldamenean—, bakea emazu xuxurlatzen zion, zer diozu, ikaragarria da... eta biak niri begira, larderiatsu: zer duzu zuk guri so? Baionako autobusetan tentsio handia dagoela kontuan edukiz, begirada apaldu nuen, andreen solasaldia alegia deus ez jarraitzeko.

T1 autobusean konfinatu Jeanne Dielman itxurako bikote mihi lerden hori, pantailetan nagusitzen zaizkigun hainbat aurkezle aho-zabal bezain jakintsua zen: egiaz, deus ez dakigu, orduan, dena da posible!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.