Trumpek betoa paratuko dio mugarako laguntza planari

mikel rodriguez
2019ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
AEBetako Ordezkarien Ganberak 4.000 milioi euroko laguntza plan bat onartu zuen herenegun, Mexikoko mugako migrazio krisiari erantzuteko. 230 ordezkarik bozkatu zuten alde —227 demokratak eta hiru errepublikanok—, eta 195ek aurka —191 errepublikanok eta lau demokratak—. Donald Trump presidenteak Kongresuari eskatu zion laguntza plan bat onartzeko, baina demokratek baldintza batzuk paratu dituzte mugan dauden migratzaileen egoera hobetzeko, eta presidenteak erran die betorako ahalmena erabiliko duela onartutako plana aldatu ezean. Senatuak, gehiengo errepublikanoarekin, bertze plan bat onartu du.

AEBetako Gobernuaren datuen arabera, azken hamarkadako migrazio mugimendurik handiena ari da gertatzen hegoaldeko mugan. Maiatzean 132.000 migratzaileri eragotzi zien muga pasatzea: hilabete bakarrean geldiarazi duen kopururik handiena 2006tik. Erdialdeko Amerikako herritarrak dira gehienak, AEBetara ailegatu nahi dutenak bizi baldintza duinagoen bila, beren herrialdeetako muturreko pobreziatik eta indarkeriatik ihesi.

Trumpen agintaldiko eztabaidagai nagusietako bat da immigrazioa, presidenteak kanpainan hitzeman baitzuen geldiarazi egingo zuela —harresi bat eraikita, errate baterako—. Azken egunotan, eztabaida larritu egin da: izan ere, Mexiko eta AEBak banatzen dituen Rio Grande ibaian ito diren El Salvadorko aita-alaben argazki bat argitaratu da, eta Texasen atxikita dituzten adingabeen egoera kaskarraren berri zabaldu da.

«Ez dakit nola deskribatu, nola erran behar diegun [gobernukoei]: 'Janaria eta ura eman behar diezue haur horiei'», adierazi zuen Pramila Jayapal ordezkari demokratak herenegun, laguntza plana onartu ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.