'KHAXOGGI KASUA'

2018ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Jamal Khaxoggi ibilbide luzeko kazetari saudiarabiarra desagertuta dago joan den urriaren 2tik. Istanbulen ikusi zuten azkenekoz. Desagerpenak AEBen eta Saudi Arabiaren arteko harreman diplomatikoak bihurritu ditu, baita Turkiaren eta Saudi Arabiaren artekoak ere.

Nor da Khaxoggi?

Saudi Arabiako kazetari entzutetsuenetakoa eta polemikoenetakoa izan da Khaxoggi (1958) azkeneko hamarkadetan, eta Osama Bin Laden behin baino gehiagotan elkarrizketatzeak bihurtu zuen ospetsu. Riaden gertukoa izan zen behinola, eta erreinuaren informazio agentziarentzat lan egindakoa da. Azken urtean, ordea, kritiko agertu da Mohamed bin Salman printze oinordekoak bultzatutako erreformekin. Haren ingurukoek diotenez, atxilotua izateko beldur zelako erbesteratu zen AEBetara, iaz. The Washington Post egunkarian argitaratutako zutabeetan auzitan jarri izan du printze oinordekoaren jarduna.

Zer gertatu da?

Istanbulen zegoen Khaxoggi urriaren 2an, eta, bere bikotekide turkiarrarekin ezkondu ahal izateko, Saudi Arabiak han duen kontsuletxera jo zuen paper baten bila. 13:14an sartu zen —hori ikus daiteke kontsuletxearen kanpoaldeko kamerek jasotako irudietan—, eta, ordu batzuk geroago, 17:32 zirela, Poliziari deitu zion haren bikotekideak, jakinarazteko ez zela atera eraikinetik.

Bertsioak

Turkiako zenbait hedabideren eta The New York Times eta The Washington Post egunkarien arabera, Saudi Arabiaren konplot baten biktima izan da Khaxoggi, eta hilda dago. Riadek, ordea, argitaratutako informazioak ukatu ditu. Turkiako Poliziak hango prentsari filtratu dionez, Saudi Arabiako hamabost agente heldu ziren Istanbulera urriaren 2ko goizaldean; tartean, forentse bat. Iturri horiek diote urriaren 2an bertan hil zutela Khaxoggi, ondoren haren gorpua zatikatu zutela, eta Saudi Arabiako kontsularen etxera eraman zutela. Argitaratu dute, gainera, urriaren 2ko eguerdian jai eman zietela kontsuletxean lan egiten duten funtzionario turkiarrei.

Khaxoggiren gertuko iturriek The Washington Post-i esan diotenez, Riadek etxera itzultzea eskaini zion duela hilabete batzuk, baina ez zen itzuli, pentsatzen baitzuen atxilotu egingo zutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.