Erdialdeko Amerikako etorkinei asiloa gehiago zailtzeko neurria

Washingtonek adierazi du AEBetarako bidean beste estatu batetik igaro diren immigranteei ez dietela asilorik emango. Ez du astebururako iragarritako papergabeen atxiloketarik egin

Migratzaile haitiarrak Agua Caliente (Honduras) inguruan oinez, aurrena Guatemalako mugara heltzeko bidean. GUSTAVO AMADOR / EFE.
Igor Susaeta.
2019ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Donald Trumpek joan den astean iragarri zuenez, herenegun zen hastekoa 2.000 bat papergabe atxilotu eta deportatzeko «operazio handia». Baina Washingtongo hainbat funtzionario neurriaren kontra agertu ziren, baita zenbait hiritako alkateak ere, eta Los Angelesen eta Chicagon, esaterako, manifestazioak egin zituzten. Ez da ez atxiloketa, ez deportazio masiborik gertatu azken orduetan, baina AEBetako presidenteak Erdialdeko Amerikako «legez kanpoko» etorkinei trabak jartzen jarraitzen du. Justizia eta Segurtasun Nazionalerako departamentuek atzo jakitera eman zutenez, AEBetarako bidean beste herrialde batetik igaro diren etorkinei ez diete asilorik emango. Neurria gaur da indarrean sartzekoa.

Washingtonek nahi duena da AEBetako hegoaldeko mugara iritsi eta asilo eskaera egiten duten immigranteak beste herrialde batean geratzea, eskaeraz erabaki bitartean —dena dela, gehienak baztertzen ditu—. Mexikorekin lortu zuen akordio hori gauzatzea joan den hilabetean —bestela, Mexikoren kontrako gerra komertzial bat abiatuko zuela mehatxu egin zuen Trumpek—, eta Guatemalarekin ere hirugarren herrialde segurua delakoaren formula negoziatzen dabil, El Salvadorko eta Hondurasko etorkinak han gera daitezen. Trump eta Jimmy Morales Guatemalako presidentea atzo ziren Washingtonen biltzekoak, baina bilera atzeratzea erabaki zuen Guatemalak, herenegun. Argudiatu zuen Auzitegi Konstituzionalak hirugarren herrialde seguruaren formulaz deliberatzearen zain zegoela. Eta, oposizioko zenbait kidek jarritako helegitea aztertu ondoren, Guatemalako instantzia judizial gorenak ebatzi zuen, atzo goizaldean, behin-behineko babes bat aitortzea herrialdea ez dadin izan etorkinentzako hirugarren herrialde seguru bat. Auzitegiaren arabera, erabaki hori hartzea ez dagokio gobernuari, Kongresuari baizik. Moralesek dio, halere, gobernuak ez duela formula hori negoziatu nahi.

Guatemalako Konstituzionalak bere erabakiaren berri eman eta ordu batzuetara egin zuen iragarpena Washingtonek. Neurriak baditu salbuespen batzuk. Ez du balioko, esaterako, aurrez beste herrialde batean asilo eskaera egin eta ukatu dietenentzat; ez eta pertsona trafikoaren biktima izan direnentzat ere. Kevin McAleenan Segurtasun Nazionalerako behin-behineko idazkariak komunikatu batean azpimarratu zuenez, igarotako lehen herrialdean «babes presazkoa» bilatzen ez duten etorkinek zein «immigrante ekonomikoek» AEBei eragiten dieten «zama egundokoa» arindu ahal izango dute neurriaren bidez.

Berez, betebeharra

AEBetako legediaren arabera, «legez kanpoko» migratzaileen asilo eskaerak jasotzeko betebeharra dauka administrazioak. Baina Trumpen diskurtsoaren ardatzetako bat da immigrazioaren aurkako borroka, eta joan den azaroan, «interes nazionala» argudiatuta, papergabeei asiloa ukatzeko dekretua sinatu zuen.

Aintzat hartu behar da hurrengo urteko azaroan egingo dituztela AEBetako presidente izateko hauteskundeak. Eta testuinguru horretan uler daiteke Trumpek herenegunerako iragarritakoa. Immigrazioaz, deportazioez eta mugen kontrolaz arduratzen diren agentziek erabakia defendatu zuten arren, ez da Etxe Zuriko maizterrak iragarritakoa bete: ez dituzte kanporatze agindua duten, edo haien egoeraz informatuak izateko auzitegi batera joateari uko egin dioten etorkinak atxilotu eta deportatu. Hori bai, etorkinen komunitateak osatzen dituzten herritarrak antsietateak jota egon direla adierazi duteAEBetako hainbat hedabidek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.