'Brexit'-aren beste arantza

Irlandakoaz gain, beste muga bat dauka Erresuma Batuak. Espainiak mugak itxita izan zituen garaiaren mamua zabaldu du 'brexit'-ak Gibraltarren. Ia hiri osoak bozkatu zuen EBn geratzearen alde, eta, orain laino ilunak badaude ere, herritarrek argi dute ez dutela Espainiarekin bat egin nahi.

Herritar bat brexit-aren kontrakoelkarretaratze batean, Gibraltarren. A, CARRASCO RAGEL / EFE.
urtzirrutikoetxea
Gibraltar
2018ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Mugen kontrola da brexit-aren zaleek darabilten argudio nagusia. Uharte sentipenak hauspotu du ideia hori, Ingalaterran bereziki, baina Erresuma Batua Britainia Handia baino gehiago ere badenez, mugaren gaia konponbiderik gabeko auzi bihurtu da Irlandan. Gutxi aipatua da, ordea, herrialdeak badaukala beste muga bat ere Europako herrialde batekin, Espainiarekin, hain zuzen ere, Gibraltar hirian. 2016ko erreferendumean, ia hiri osoak bozkatu zuen EB Europako Batasunaren barruan gelditzearen alde, beste inon baino gehiago zeukatelakoan etorkizuna jokoan. Orain, laino ilunak ageri dira, baina brexit-ari ezetz esan zioten indar berarekin diote ez dutela Espainiarekin bat egiteko asmorik, zer gerta ere.

«La Linea, Algeciras edo Andaluziako jendearekin ez dugu inolako arazorik; milaka datoz euren herrialdean irabazi ezin duten soldata irabaztera. Inor gutxik erabiltzen ditu nazionalismo espainiarraren argumentu horiek. Madrilen dago gakoa, gurekin daukaten obsesio eta era berean haserrearekin». Gibraltartar askok errepikatzen dituzte Richard Buttigieg Autodeterminazioa Gibraltarrentzat taldeko bozeramailearen hitzak. Gibraltarren denek piazza izenarekin ezagutzen duten plaza nagusian egin dugu hitzordua. Udalaren beste aldeko jolaslekuan familia judu ugari dabiltza olgetan, aldamenean hiriko sinagoga garrantzitsuenetako bat dago eta. Hemen, Mediterraneoak eta britainiar arkitekturak bat egiten dute; kale-izenak, postontziak, polizia-autoak, zebra-bideak... Denak dirudi Londrestik Europa hegoaldera ekarria. Baina historia hurbilak erabat urrundu du Gibraltar Espainiatik. Ingelesa indartuz doa, diglosia bitxi batean: posta elektronikoz eta Whatsapp-ez ingelesez egin ditugu kontaktuak, baina, aurrez aurre topo egindakoan, gehienek espainieraz egin digute.

Muga itxiaren memoria

1969an itxi zuen Francok muga, baina gibraltartarrek ez dute ahazten urte gehiago egin zituela itxita diktadorea hil eta gero. «Inork ez zuen muga ireki Europak hartara behartu zuen arte». Harik eta 1985ean, Europako Batasunean sartzeko atarian, Londresekin horretarako akordio bat egin behar izan zuen arte. Orain, Erresuma Batuak utzi behar dutelarik EB, muga ixteko arriskua xaxatu dute Espainiatik. «Lehen ere Franco saiatu zen gu itotzen. Mundutik isolatuta, errenditu egingo omen ginen. Isolamenduak gure nortasuna indartu eta komunitatea lotuagoa izatea ekarri zuen, eta argi gelditu zitzaigun espainiar nazioarekin kontuz ibili behar genuela, ito egin nahi gintuela. Baina ez zuen lortu».

Gutxik irudikatzen dute zeinen urte gogorrak izan ziren: «Gibraltarrek ez zeukan loturarik inorekin; ez Maroko ez Portugal ez inorekin. Dena sartzen da Espainiako mugatik: ospitaleetako oxigenoa, janaria, pentsa, baita meza katolikoetako ardoa ere, baina hain sinestuna zen Francori hori ere bost axola!». Hondamendi ekonomikoa izan zen Espainiako eskualderik behartsuenetakoa den mugaldearentzat ere. Gibraltartarren memorian mugaren itxierak ekarri zuen haustura soziala gelditu da batez ere, familiak erdibitu baitzituen.

«Nire amona gibraltartar batekin ezkondutako espainiarra zen; familia zeukan Algecirasen. Halako batean, mugaren zein aldetan bizi erabaki behar izan zuen, jakinda horrek beste aldekoak ezin ikustea zekarrela. Azkenean, Gibraltarren gelditzea erabaki zuen», dio Buttigiegek. Fortunato Azzopardi taldeko kideak urte haietako arrangurak gogorarazten ditu: «Senide bat hil eta haren berri ez izatea egunak edo asteak pasatu arte, edo hilzorian dela jakin eta kilometro gutxi batzuk ezin egitea azken agurra emateko». Azzopardik Euskal Herritik dauka oroitzapen on bakanetakoa: hirian diren Athleticen zale ugarietako bat da, eta behinola Esteponara (Espainia) yatez joatea lortu zuten bilbotarrek Malagan zuten Ligako partida ikusteko. «Autobusaren irteeran ikusi gintuzten, eta Txetxu Rojok opari txiki bat egin zigun».

Setiatuta egoteko sentipen horrekin hazi zen belaunaldi bat. Eta bigarrena gurasoen kontuak zirela sinetsita zegoenean, Jose Manuel Garcia-Margallo Espainiako Atzerri ministro ohia agertu zen. «'Ondo jaten da, ondo pasatzen dugu hara goazenean; non dago arazoa?', esaten zidaten 15 urteko ilobek. Eta halako batean, Margalloren mehatxuak hasi ziren, eta egunero hainbat ordutako ilarak mugan. Bihotzekoak eman eta anbulantziak ezin iritsi, boluntarioak ura banatzen udan... Ondorioa: beste belaunaldi batek etxean entzundako istorio zaharrak bere gorputzean bizi izan zituen», dio Autodeterminazioaren Elkarteko ordezkariak.

Tradizio britainiarrak, autodeterminazioa eta azken hitza herritarrek izatea oso errotuta dago Gibraltarren. «Gibraltar espainiarra aldarrikatzen dutenak errespetatzen ditugu. Ez dut uste horrelakorik ikusiko dutenik, aurrekoek ikusi ez duten bezala, baina hala pentsatu nahi badute, ondo dago». Azken 50 urteotan egindako bi galdeketetan, mahai gainean egon da Espainiarekin bat egitearen aldeko boto-papera, baina ehun lagunek baino gutxiagok hartu due. Herritarren %99k Erresuma Batuari lotuta segitzea bozkatu dute. «Guk errespetatzen dugu espainiar izatea aldarrikatzen dutenak, baina gure hitza ere errespetatzea nahi dugu».

Kataluniako gertakariei ere hurbiletik jarraitzen diete: «Ikusten dugu nola tratatzen dituen eskualde batzuk, bozkatu nahi dutelako soilik, eta gazteek ere esaten dizute: nola nahiko dut Gibraltar espainiarra izatea? Espainiak berak egiten dio kaltea bere buruari».

Ingeles hizkuntza

Andaluziako nortasuna nagusi da, Malta, Italia eta Mediterraneoko beste igurtzi ugarik zipriztinduta. Mugaren itxierak nortasun hori indartu zuen 70eko eta 80ko hamarkadan, historian ordura arte ez bezala: «Irudimena behar izan genuen bat-batean falta zitzaizkigun guztiei aurre egiteko: janari falta, langile falta —horregatik dago marokoar komunitate egonkortu bat— eta bestetik oso lotura estua eratzea» gogora dakar Azzopardik. «Orduan hasi ziren futbol-taldeak, klub sozialak, hainbat taldek asteburuero jaiak antolatzea. Orduko gibraltartarrak jende xumea ziren, ia ez zuten hegazkinik hartzen. Hemen gelditu eta gibraltartar nortasuna errotu zen».

Hizkuntzaren atzerakada ere hor nonbait kokatzen dute gibraltartarrek. Haur-parkean batetik bestera egiten dute jauzi gurasoek, esaldi bera hizkuntza baten hasi eta bestean amaitzeraino. Llanitoa funtsean Cadiz inguruko espainiera da, hiriak hartu eta bere egin dituen kulturetako berbak txertatuta. Umeak, baina, ingelesez ari dira nagusiki. «Nire amonak ez zekien ingelesik; amak zerbait bai, eta, nire belaunaldian eskola ingelesez bazen ere, barre egiten genion ingelesez egiten zuenari, oso klase altuko itxura ematen zuelakoan. Oharkabean, nire ilobak eta bere belaunaldiak negargarri egiten dute espainolez», dio Buttigiegek.

Muga ixteak eta bizimodu modernoak bat egin zutenean etorri zen aldaketa: «Gure garaian hiru telebista kate geneuzkan, hirurak espainieraz; espainierazko prentsa genuen, Espainiako futbola, eta gaurko gazteak, Internetekin, ingelesez dabiltza espainieraz baino gehiago».

Etorkizuna

Brexit-a kaltegarria izanda ere, ez dute uste estatusean eragina izango duenik, nahiz eta hautsak harrotu Espainiak gaia baliatzeak ura bere errotara ekartzeko. Badakite zelan geldiarazi zuten Tony Blair lehen ministroa subiranotasuna Espainiarekin partekatzea adostu zuenean: herritarren botoarekin. «Ingelesek zerbait badute, demokrazian sinesten dutela da». Eta 2002ko azken esperientziaz geroztik, «mekanismo bikoitza» izeneko bermea daukate: «Gure konstituzioan idatziz daukagu hori orain. Londresek konpromisoa dauka ez soilik gure subiranotasuna ez emateko; negoziatu ere ezin du egin gurekin kontsultatu gabe». Horregatik, itxaropentsu begiratzen dute aurrera: «Brexit-a gogorra izanda ere, egon ziur muga itxia askoz gogorragoa izan zela, eta, hari aurre egin bagenion, edozeri egingo diogu aurre».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.