40 urteren ondotik, non da Popo?

Jean Louis Larre 'Popo', Iparretarrak erakundeko militantea 1983ko agorrilaren 7an desagertu zen, bihar 40 urte direla, Leongo kanpalekuko tiroketatik ihes eginda. Geroztik, hainbat auzi eta ikerketa eraman ondotik, egia jakin gabe segitzen dute familiak zein ingurukoek.

BOB EDME.
Xalbat Alzugarai Etxeberri
2023ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Leongo kanpalekua, Landetan (Okzitania); 1983ko agorrilaren 7a, 19:00 aldera. Iparretarrak (IK) erakunde armatuko militante batzuen eta bi jendarmeren arteko tiroketaren ondorioz, jendarme bat hilotz gelditu zen, eta beste bat, zauritua. IK-ko militante batzuek Jendarmeriako auto bat hartu, eta ihes egitea lortu zuten. Haietariko batek, Jean-Louis Larre Popo 21 urteko heletarrak, oihanean barna ihes egin zuen. 40 urteren ondotik ez da haren berririk, ez gorpu aztarnarik, ezta bizi seinale izpirik ere. Ipar Euskal Herriko pareta anitzetan, ordutik erantzunik gabe gelditu den galdera irakur daiteke: «Non da Popo?».

Ikusi gehiago:«Nik ez dut batere esperantzarik. Ez dut uste zerbait jakinen dugun»

Gatazka giro gogorra bizi zen Ipar Euskal Herrian 1980ko hamarkada hastapenean. 1980an, Txomin Olhagarai eta Ramuntxo Arruiz IK-ko militanteak hil ziren, Baionako suprefetaren emaztearen autoan lehergailu bat ezartzen ari zirela. 1982an, bi CRS hil zituzten Baigorrin (Nafarroa Beherea); IKri egotzi zioten hilketa, nahiz eta erakunde armatuak egiletza ukatu. Urte berean, juduen kontra Parisen izaniko atentatu baten ondotik, François Mitterrand Frantziako presidenteak terrorismoaren kontrako legeak bozkarazi zituen. Berehala, Euskal Herrian atxiloketa kopuruak igan ziren: 1983ko agorrilaren 5ean Jean-Paul Hiribarren eta Xan Marguirault militanteak atxilotu zituzten. 1984ko martxoaren 1ean aldiz, Poliziak Didier Lafitte IK-ko militantea tiroz hil zuen.

Testuinguru horretan gertatu zen Leongo tiroketa. Gertakaria iragan bezain fite, segurtasun indarrek Epervier plana plantan eman zuten, kanpalekuaren inguruko eremua kontrolez josiz. Oinez eta bakarrik, Larrek ihes egiteko aukera guti zituen, orduko lekukoen hitzetan. Gehien zabalduriko ustea da jendarmeek hil zutela gaztea. Frantziako Poliziak berak IK-ko militanteen bilaketa abisuetatik kendu zuen Larrerena. 2008an, hiltzat jo zuen Frantziako justiziak.

Pascal Dumonten kasua

1983ko agorrilaren 23an, Larre desagertu eta hamasei egunera, Pascal Dumont 15 urteko Carbon-Blanceko (Okzitania) gaztea desagertu zen. Lau egun berantago, jendarmeek uretatik ateratako gorpu bat atzeman zuten Le Porge (Okzitania) herrian, eta familiari aurkeztu. Desagerturiko semearena zela ukatu zuten gurasoek. Batetik, gorpua heldu batena zelako; bertzetik, usteltze aitzinatuan zelako, eta haien semea lau egun lehenago desagertu zelako. Berantago eginiko autopsia bateko emaitzek erakutsi zuten gorpu hura hiru bat astez uretan egona zela. Are gehiago, Poliziaren presiopean, dumontarrek heriotza txostena izenpetu zuten, eta inposaturiko ezezaguna Carbon-Blanceko hilerrian hobiratu. Betti Bidart IK-ko militante ohiaren erranetan, 1985eko martxoaren 15ean dumontarrek haien semearen dei bat jaso zuten. Orduan gurasoei adierazi omen zien prostituzio sare batean bahitua zela desagertu zenetik.

Le Porge herrian hobiraturiko gizona Pascal Dumontena ez bazen, Larrerena izan zitekeela pentsatu zuten Euskal Herriko militanteek. 2003an, gorpuaren DNA probak egitea hainbat aldiz ukatu ondotik, IK-ko militante batzuek dumontarren hilobia ireki zuten, eta han zegoen gorpuari hezur batzuk kendu. Konfiantzazko laborategi batzuetara eraman zituzten laginak, baina DNA atera ahal izateko hezurrak andeatuegiak zirela ukan zuten erantzuna. Era berean, Bordeleko auzitegia ere DNA probak egiten aritua zen; haien ikerketak erran zuen gorpua Pascal Dumontena zela.

Hamazazpi urte berantago jin zen Leongo tiroketaren epaiketa, 2000. urteko martxoan. Filipe Bidart, Gabi Mouesca eta Ttotte Etxebeste epaitu zituzten Parisen. Militanteek salatu zuten auzia jukutriaz betea zela. Txosteneko dokumentuen %80 galduak ziren. Auzi horretan, bestalde, ez ziren agertu Leongo kasua eraman zuten polizia funtzionarioak; haien ordezkoak bidali zituzten tiroketaren aipatzera.

Gaurko egoera

Larre desagertu zela 40 urte bete diren honetan, Filipe Bidart militante ohiak azaldu du ez dutela elementu berririk gorpuaren bilaketaz. Carbon-Blancen hobiraturiko gorpuaren azterketa berri bat egiteko aukerarik ez legoke, bere hitzetan. Hemendik eta urte batzuetara, baliteke kasuko sekretupeko dokumentuen irekitzea, baina «ez da esperantza handirik eman behar» haren ustez. Batetik, garai hartan Poliziak IKri buruz bideratu zuelako inkesta, eta, bertzetik, ez delako «Poporen desagerpenari buruzko inkesta seriosik egin», Bidartek aditzera eman duenez.

Giza hezur ezezagunetan izan daiteke Larreren gorpuzkiak atzemateko esperantza, Bidarten erranetan. Inkesta horiek irekitzen direlarik, «erne» ibiltzen dira, «Poporen, Naparraren edo Perturren hezurrak izaten ahal direlako». Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur 1976an desagertu zen; Jose Miguel Etxeberria Naparra,aldiz, 1980an; eta Jean-Louis Larre Popo, 1983an.

«Hiru kasuetan, egiteko molde berak atzeman daitezke», erran du Bidartek. «Perturren kasuan, Poliziak bota zuen miliek garbitu zutela». Poliziaren informazio faltsuen zabalpena salatu du, desagertze horiek «militanteen arteko istorioen ondorioak» zirela erraten zutelako. Naparraren kasuan, antzera. Nahiz eta komando autonomoetan izan, Poliziak zabaldu zuen hura ere «miliek garbitu» zutela. Larreren kasuan, desagertu zelarik, IK-koen arteko liskarren ondorioz haiek hil zutela zabaldu zen.

Bidarten ustez, baliteke Espainiako guardia zibilen erran batzuetatik jitea esperantzarako daturen bat: «Aipatu izan dituzte Popo, Pertur eta Naparraren kasuak. Kasu eman behar da adierazpen horiekin, guardia zibilen arteko kalapitak isla ditzaketelako, eta mendeku gisa informazio batzuk zabaltzen dituztelako». Ez bada erraz ere, Larreren ingurukoek segitzen dute «egia lortu nahian, beti lanean amore eman gabe», zehaztu du Bidartek.

Familiaren bizipenak

Joan den apirilean, Baigorriko Kulturaldian, Larreren omenez eginiko mintzaldi baten karietara, Ttotte Larre anaia aritu zen desagertzeak familian ukan duen eraginaz. 1983ko agorrilaren 7tik aitzina, Poliziak Larreren gurasoei jazarpen moral handia egin ziela kontatu zuen mintzaldi horretan. Errate baterako, desagertzearen egunean berean, jendarme franko joan ziren familiaren etxera: «Amari galdegin zioten ea Popo ikusten ahal zutenez». Quimperren (Bretainia) zela oporretan erantzun zien Maddi Larrek, haren amak.

Hori bakarrik ez, agorrilaren 8an, desagertzearen biharamunean, 07:00 aldera, Mattin Larre Poporen anaiak amari telefonoz Leongo tiroketaren berri eman bezain laster, polizia judizialeko lau gizon sartu ziren sukalde ertzera. «Etxea miatzeaz gain, aitari pistola kopetan jarri zioten, mehatxu oihuak zabalduz, ea non zen Popo, eta hor baldin bazen atera zedin segidan», erran zuen Ttotte Larrek. Horren ondotik, Irisarriko (Behe-Nafarroa) polizia etxera joan ziren, galdeketa luze bati erantzutera.

Familiak sumatu zuen jarrera aldaketa bat Popo Larreren militantzia politikoan: «Bagenekien Popo militante abertzalea zela, bai ikastolen alde, bai kulturaren alde, baina haren proposamenetan sentitu genuen bihurgune bat hartzen ari zela» azaldu zuen anaiak, Baigorriko mintzaldian.

Bestalde, Larre desagertu eta lau urte berantago, Maddi Hegi Uda IK-ko kidea tren batek leherturik hil zen, Poliziak atxilotu ondotik haien furgonetan zihoala. Heletarra zen Hegi ere. Ttotte Larrek bi militanteen aberriarekiko engaiamendua eta borroka nabarmendu zituen: «Heletako bi militante abertzaleei errespetua zor diegu, haien bizia eman baitute Euskal Herriarentzat». Heletarrek kolpea hartu zuten berri haiekin, «ezin konprenituak» zirelako, Larreren arabera.

Teresa Mitxelena militante ohiaren erranetan, berriz, Maddi Larre amak kontrolen zamaz sufritu zuen: «Familiak, eta batez ere amak, Maddik, egiazko tortura mentala jasan zuen». Usu deitua zen Baionako polizia etxera, inkestan elementu berriak agertu zirela eta. Orduan ukaiten zituen semeari buruzko berri faltsuak, leku batean edo bertzean ikusi zutela sinetsarazten ziotelako hainbatetan.

Ttotte Larrek aldaketa sumatu zuen familian: «Bistan da agorrilaren 7tik aitzina gure bizi osoa aldatu zela. Luzaz kontrolak jasan ditugu, mehatxuak ukan ditugu, eta beti galdera berak gogoan». Baigorriko mintzaldiaren bukaeran, pisutsu zitzaion hamarnaka urtez kontatzea anaiaren desagerpena: «Anartean, 10, 20, 30, 40 urte pasatu dira, eta oraindik Popo falta; eta gure galderei arraposturik ez». Egia jakin gabe, 40 urte horietan familiako kide zenbait zendu dira: aita, Remi eta Mattin anaiak, eta berriki, ama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.