Bertsolari Txapelketa Nagusia. Finalaurrekoak

Azken astindua mihiari

Gaur hasiko da Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoen bigarren itzulia, Amurrion. Hiru saio izango dira denera, eta hemezortzi bertsolari sailkatu dira. Sei dira, ordea, aurrera egin ez dutenak: Ane Labaka, Nerea Elustondo, Iñaki Apalategi, Asier Azpiroz, Haritz Mujika eta Aitor Etxebarriazarraga.

Donibane Garaziko saioan izan ziren bigarren itzulira pasatuko ez diren lau bertsolari. BOB EDME.
Miren Mujika Telleria.
2022ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Gailurrera iristeko azken maldan da Bertsolari Txapelketa Nagusia; ziur asko, etaparik lehiakorrenean. Hemezortzi lagunek egin dute bertan tokia, eta denek begiratzen diote, zeharka bada ere, Nafarroa Arenako oholtzari; itxura batera behintzat, ia inork ez baitauzka itxita hango ateak. Egindakoa errematatu beharko dute zenbaitek finalaurrekoen bigarren itzulian, eta beste batzuek, aldiz, aurrekoan baino koska bat gorago aritu beharko dute falta izan zitzaien distira hori ateratzeko. Nolanahi ere, beste bertsolariek egiten dutenaren zain egotea tokatuko zaie abenduaren 18an oholtzara igoko diren edo ez jakiteko.

Hamalau bertso puntuagarri kantatzea dagokie bertsolariei fase honetan. Zortziko handiko zein txikiko ariketak mantenduko dira, eta final-laurdenetan egindako ariketa bat berreskuratuko dute oraingoan: hamarreko txikia. Ganbarako lanari, ordea, beste ariketa bat erantsiko zaio. Izan ere, orain arte bezala hiruna bertso kantatu aurretik, lehen puntua emanda, bi bertso kantatu beharko dituzte zortziko txikian.

Sei dira, ordea, fase berrian kantatzeko aukerarik gabe geratu diren bertsolariak: Ane Labaka, Nerea Elustondo, Iñaki Apalategi, Asier Azpiroz, Haritz Mujika eta Aitor Etxebarriazarraga. Hain justu, Donibane Garaziko saioan kantatu zuten horietatik lauk: Elustondok, Azpirozek, Mujikak eta Etxebarriazarragak.

«Barruak apur bat mugituta heldu nintzen saiora», azaldu du Etxebarriazarragak. «Lagun handi bat hil zitzaidan bezperan, eta, barrenak ez daudenean ondo, zaila izaten da osagai horrekin zutik eustea». Ganbarako ariketan ondu zuen bertso sortarekin, ordea, «gustura» gelditu zen. «Txapelketari agur esateko modu ona izan zen hori, behintzat».

Donostiakoa izan zuen lehendabiziko saioa, eta bertan 682,5 puntu lortu izanak ahalbidetu zion, hain justu, Donibane Garazin kantatzea. «Kontziente nintzen Donostian emandako irudia ona zela, eta nahi nuen, behintzat, beste hainbeste mantendu». Ez zitzaion, ordea, nahi bezala atera: «Esperientziak beste tenple bat ematen dizu tentsio horri aurre egiteko garaian, eta niri, hasiberria izanik, kosta egin zitzaidan saio horri eustea». Halere, adierazi du kideen «babes handia» sentitu zuela.

Mujika ere «kokatu ezinik» sentitu zen saioan. «Hankak jartzeko lur seguru baten faltan sentitu nintzen, eta ez nuen jakin fuerte zapaltzen». Gasteizen jokatu zuen final-laurdena, eta, denbora luzez prestatu ondotik, saioaren aurretik bere burua mimatzea izan zuen garaipena lortzeko giltza. Donibane Garaziko saioa baino lehen, baina, ez zuen izan gauza bera egiteko tarte handirik hartzerik. «Beharbada, eskaini nahi ez nien gauza batzuetan joan zitzaidan indarra». Dena dela, aho zapore ona utzi dio bere lehen Txapelketa Nagusiak: «Gozotik gehiago izan du gazitik baino, ez baita gutxi saio bat ona egin izana. Uste dut asmatu nuela oholtzan egoten, eta, noizbait beste txapelketa bati aurre egin behar badiot, oinarri ona dela iruditzen zait».

Espazioa ere traba

Biek ala biek izan zuten publikoa berotu ez izanaren sentsazioa. Hala azaldu du Mujikak: «Nahiko gris aritu ginen denok orokorrean. Oihanak [Iguaran] irabazi zuen saioa, baina, halere, Oihanak berak ere ez zuen egunik onena izan». Nolanahi ere, gaineratu du halako gorabeherak izaten direla txapelketa dagoen aldiro: «Donibane Garaziko saioa amaitu zenean, Amets Arzallusen aitak esan zidan: 'Hau betikoa duk, saio batean lehertzen duk giroa eta hurrengoan erori egiten duk. Orain bost urte, Gernikan goia jo zian eta Hendaian erori egin zuan, eta aurten ere gauza bera'. Eta arrazoia du».

Horrez gain, Mujikaren ustez, pilotalekuko espazioa bera ere ez zuten publikoa berotzeko lagun izan, eta bat dator harekin Etxebarriazarraga: «Zatiketa fisikobat nabaritu nuen publikoaren artean: harmailan zeudenak oso goian sentitzen nituen, eta pistan zeudenak, berriz, oso behean».

Bientzat izan da Txapelketa Nagusian kantatu duten lehendabiziko aldia. Beste saio batean kantatzeko aukera izatea gustatuko litzaiekeen arren, konforme daude egindako lanarekin. Mujikak badu azken saioa ondo atera ez izanaren «arantzatxo» bat, baina ikasteko balio izan diola nabarmendu du.

Etxebarriazarragak, berriz, «eskuetatik ihes egindako zerbait» izango balitz bezala bizi du Txapelketa Nagusian parte hartu izana. Izan ere, orain zazpi urte hasi zen bertsotan, eta berehala egin du behetik gorako bidea. «Ni ez naiz bertsolari bat plaza asko egiten dituena, ez aparteko zerbaitengatik, baizik eta ez nintzelako panoramaren parte. Badaukat gogoa, honi esker bada ere, panoramaren parte izatekoa».

Azpimarratu du, bestalde, kinielak kiniela eta apustuak apustu «meritu osoz» sailkatuko direla finalera pasatuko diren zazpi bertsolariak: «Txapelketa dagoen aldiro gertatzen dira injustiziak, eta publiko bezala egiten ditugun epaiak zaintzatik egin beharko genituzke».

Gaur, Amurrion

Sei bertsolari arituko dira gaur kantuan Amurrioko Bañueta kiroldegian (Araba), eta lehen itzulian eskuratutako puntuei batuko zaizkiegaurkoak: Oihana Iguaran (688,5), Alaia Martin (729,5), Aitor Bizkarra (677,5), Agin Laburu (677), Miren Artetxe (644,5) eta Onintza Enbeita (639,5).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.