KRITIKA. dFeria

Neutroaren bila

Agus Perez.
2021eko martxoaren 19a
00:00
Entzun

'No pleasure'

Konpainia: Danza 180º. Zuzendaritza: Iker Karrera. Argiak: Alberto D. Centeno. Interpreteak: Pablo Costas, Carla Diego, Belen Leroux, Cesar Louzan, Raymond Naval, Yadira Rodriguez. Lekua: Donostiako Gazteszena.Eguna: Martxoak 17.

Aspaldi hasi zen dantza dFeriako egunetan pisua hartzen, eta aurtengo edizioaren hirugarren egunean Iker Karreraren proposamen aratzak bereganatu du leku nagusia.

Techno musika indartsu baten pean hasi da guztia, taula gaineko sei dantzariak —hiru emakume eta hiru gizon— urdin kobalto tonuko argi atmosferikoan agertu direnean. Laster hasi da argia arrosa kolorera biratzen, baina musika erritmikoak bere horretan jarraitu du emanaldiaren lehen erdian. Denak agertu dira diskobolo famatu haren antzera, indar-jarrera berean seiak, eta hasiera batean uste izan dugu denak zeudela biluzik, antzinako greziar atletak bezala, argien jokoaren eta janzten zituzten mailloten efektuaren eraginez.

Lehen pasarteak talde eboluzio geldoetan igaro dira, haietan energia-kolpe zehatzak tartekatuz, eta dantzarietariko bat taldetik banatzen zenean, erakustaldi atletikoren bat egiteko aldentzen zen. Handik gutxira, gizonezkoen gaitasun atletikoa erakutsi digu koreografoak, betiere dantzaren parametroetan, eta emakumeen txanda iritsi denean, agian, zertxobait leunago ibili dira; baina, azken finean, lehen erakustaldi horien helburua izan da denen arteko puntu neutro bat aurkitzea, haien guztien itxura androginoak eta mailloten gristasunak lagunduta. Alde horretatik, esan beharra dago maillot guztiak ez direla berdinak izan, eta estilismoak goia jo duela bere arloan. Hala ere, generoen arteko neutrotasuna mugimenduaren diseinuaren bidez bilatu da Iker Karrera hondarribiarraren planteamenduan.

Koreografian jarrera estatiko laburrak tartekatu dira, taldearen eboluzio sinkronizatuetan, eta, emakumeak gizonezkoen energia maila berean egon badira ere, beste pasarte batzuetan denak ibili dira modelo desfileetan bezala, existitzen ez ziren takoien gainean. Esan daiteke gune neutro horren bilaketan emakumeak gizon bihurtu eta gizonak emakume bihurtu direla, talde bakoitzak bere generoari uko egin gabe baina elkarrenganako hurbilketa estetikoa muturreraino eramanda.

Mugimendu segiden perfekzioak egoera hipnotiko batera eraman gaitu behin baino gehiagotan, baina ezin izan dugu bide horretan sakondu, Karrerak oso izaera zatikatua eman diolako piezari, atal labur askoren itxura hartuta, haiek guztiek estetika, planteamendu eta araztasun bera izan duten arren. Une batetik aurrera, pasarte abestuak sartu dira musikaren eremuan, edertasun hotz hari nolabaiteko samurtasuna gehituz; une batetik aurrera, baina, agortzen hasia zen proposamena —bere bikaintasunean betiere—, pieza osoa diseinu luze baten faltan balego bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.