Jauzi egiteko edo bizirik irauteko al dira?

Film laburren balioaz eta zinemagintzaren egoeraz aritu dira Asier Altuna, Koldo Almandoz, Borja Cobeaga, Jose Mari Goenaga, Isabel Herguera eta Pablo Malo zinemagileak, EHUko udako ikastaroetan.

Isabel Herguera zinemagilea, hizketan, zinemagintzari buruz egin duten mahai inguruan. ANDONI CANELLADA / ARP.
Araitz Muguruza.
Donostia
2014ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Zinema munduan bidea urratzen hasi zirenean bakarrik sentitzen ziren Jose Mari Goenaga, Pablo Malo, Koldo Almandoz, Asier Altuna, Borja Cobeaga eta Isabel Herguera zinemagileak. Bakoitzak bere aldetik atera behar izaten zituzten babak heltzetik, eta Kimuak film laburren katalogoa izan zen babesa eman zien lehenengo gerizpea. Etxepare institutuak eta Euskadiko Filmategiak kudeatzen dute, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren laguntzaz. Hori horrela izanik ere, beren burua ez dute Kimuak-en belaunaldi gisa ikusten, proiektuak oraindik ere asko eman dezakeela iruditzen baitzaie. «Azkarregi da horrela izendatzeko. Gainera, Kimuak, belaunaldi bakarra ez, belaunaldiak izan beharko lituzke, gure ondorengoek ere izan behar baitute tokia. Horrek izan behar du erronka», azaldu du Almandozek.

Belaunaldiaz, film laburren eta luzeen arteko zubiaz edo dagoen banaketaz eta zinemaren finantzaketaz aritu ziren hizketan aipatu sei zinemagileak, atzo, gaztelera hutsean egin zuten mahai inguruan. EHUren udako ikastaroen barruan egin zuten, Donostiako Miramar jauregian, eta Kimuak katalogoko Txema Muñoz izan zen moderatzailea.

Aukera ere eman die, ordea, Kimuak-eko kide izateak, zenbait zinemalditarako sarrera errazagoa izan zaielako. Malo ere iritzi berekoa da: «Niretzat aldaketa handia izan zen, eta, egia esan, nahiago nuke film luzeekin ere antzeko azpiegitura bat izango balitz». Akuilu baten gisa ikusten du Altunak ere, eta gogoratu du urtero 70 film labur egiten direla: «Erakunde publikoek finantzatutako programa gutxi izango dira, eta kulturako beste esparruetan ere beharrezko dira honen antzekoak». Kimuak-i esker sortu duten harreman sareari eman dio garrantzia Herguerak.

Azken urteetan filmak, luzeak edo laburrak, ahalik eta diru iturri txikienarekin egiteko jarri den «moda» kritikatu du Malok: «Ematen du lehiaketa batean gaudela». Horregatik utzi dio film laburrak sortzeari: grabaketako taldeari ordaindu ezinik gelditzen zelako sarri, eta hori ezin zuelako eraman. «Argi dut ez dudala ekoizle izan nahi». Almandozek erantzun dio aldamenetik, berak film luze baten planteamendu berarekin egiten dituela film laburrak: «Beste edozein produkziorekin egin bezala kontratatzen ditut hornitzaileak eta». Altunak arrazoi eman dio Almandozi, eta gaineratu du berak ere ez zuela ekoizle izan nahi baina bizimodua ateratzeko sortu behar izan zuela —Txintxua Films ekoiztetxeko kideetako bat da, Almandozekin batera—.

Laburrek izan zuten indarra

Film laburrak baliabide gutxirekin egindakoak izan arren, ongi kontatutako pelikulak iruditzen zaizkio Altunari, eta zenbaitetan luzeek baino etekin hobea ateratzen dela. «Gaur egungo ekoizpen sistemak sarri eramaten du labur batean ongi landuko litzatekeena, luze kontatzera, eta freskotasuna galtzen du».

Cobeagak denbora batez albo batean utziak izan ditu film laburrak, baina oroitu du ofizioan hasi zenean loraldian zegoela sektorea: «Orduan diru nahikotxo ateratzen zen lehiaketa bat irabazita». Malok ere arrazoi eman dio. «Orain luzeak egiteko ditudan baino baliabide gehiagorekin egiten nituen laburrak». Hergueraren egoera bestelakoa da animaziozko filmetan: «Ahalik eta baliabide gutxirekin lan egitea eguneroko ogia baita».

Film laburrak hainbat arrazoigatik egiten dituzte, baina esperimentaziorako ematen dieten askatasuna da gehien aipatu dutena zinemagileek. Altunak eta Almandozek, hala ere, ez diote iraupenari gehiegi erreparatu nahi izaten, istorioak hura baldintzatzea nahiago izaten dutelako. Altuna: «Orain film luze bat egiten ari naiz, baina bitarte horretan barrua askatzeko egin behar dut film labur bat». Hizkuntza aukeratzean, berriz, sinesgarritasunari ematen diote garrantzia sei zinemagileek. Baserri ingurua gaztelaniaz irudikatuko ez luketen bezala, ez dute Guardia Zibil euskalduna duen filmik grabatuko.

Zinemak izan dituen aldaketak beren larruan bizi izan dituzte sei zinemagileek. Finantzaketa kolektiboa ez dute oso begiko, lan handia eskatzeaz gain berez diru iturri izan beharko luketen erakundeek «eskua garbitzen dituztelako», gaineratu du Almandozek. Gazteak ere izan dituzte gogoan. Uste dute baliabideak eman behar zaizkiela. Kimuak-etik atera behar luketela argi du Goenagak: «Sormena motibazioaren bidez estimulatzen da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.