Albistea entzun

ARGI ALDIAN

Osasuna arriskuan, arrazoi komertzialak direla medio

Ana Galarraga Aiestaran - Elhuyar Zientzia

2023ko apirilak 14

Osasunean eragiten duten faktoreak aztertzean, baldintzatzaile biologikoez gain —genetikoak, esaterako—, gero eta gehiago hartzen dira kontuan baldintzatzaile sozialak ere: generoa, lanbidea, klasea, maila ekonomikoa, bizilekua, hezkuntza, etnia... Izan ere, erabateko garrantzia dute ongizatean eta gaixotasunetan, izan infekziosoak (patogenoek sortutakoak) zein bestelakoak.

Urrutira joan gabe, COVID-19ak horren adibide argiak utzi dizkigu. Adibidez, adin nagusikoek gazteek baino arrisku handiagoa zuten hiltzeko, kutsatuz gero (baldintzatzaile biologikoa). Bestalde, emakumeek arrisku handiagoa izan dute kutsatzeko, haien gain geratu ohi delako gaixoen zaintza, dela lanbidearengatik, dela rolarengatik (baldintzatzaile soziala).

Orain, beste baldintzatzaile-mota bati jarri dio arreta Osasunaren Mundu Erakundeak: baldintzatzaile komertzialak. Tedros Adhanom Ghebreyesus OMEren buruak The Lancet aldizkarian ohartarazi duenez, nazioarteko industria boteretsuen produktu eta praktika batzuek kalte nabarmena eragiten dute osasun publikoan, eta, gainera, genero-arrakala eta beste diskriminazio batzuk areagotzen dituzte.

OMEren zuzendariaren hitzekin batera, gaiari buruzko artikulu-sorta bat ere argitaratu du aldizkariak. Nahikoa da artikuluetako batean azaltzen den datu hau, ikusteko zenbaterainokoa den baldintzatzaile komertzialen eragina: lau industria —alkohola, tabakoa, elikagai ultraprozesatuak eta erregai fosilak— urtean munduan gertatzen diren heriotzen heren baten erantzuleak dira, gutxienez.

Beste industria boteretsu batzuk ere aipatzen dira aldizkarian: farmazia-konpainiak, jokoa, meatzaritza, teknologia berriak, automobilgintza... Eta gizarte desberdintasunetan duten ardura ere azaltzen da. Esate baterako, tabakoaren eta elikagaien industriek kolonialismoa eta arrazakeria betikotzen dituztela salatu dute. Halaber, nabarmendu dute zenbait kontsumo-ohiturak eta produktuk genero-estereotipoak indartzen dituztela, eta gogora ekarri dute haurrentzako esne produktuen ekoizleek iruzurra baliatzen dutela saltzeko.

Agerikoa da osasun publikoko kanpaina asko hankamotz geratzen direla, industria horien boterea aintzat hartu eta mugatu gabe. Horrenbestez, ikuspegia aldatzea proposatu dute aldizkarian: barne produktu gordina alde batera utzi, eta ongizatearen ekonomia nola neurtzen den eztabaidatzea; botere desorekari aurre egin, eta eredu sozioekonomiko berriak aztertzea; osasunerako ondasun komunetan inbertitzea... Iraultza bat, finean, bizitzak irabazi ekonomikoen gainetik egon daitezen.

Helburu handinahiak diren arren, badaude adibideak norabide horretan. Adibidez, iaztik, Zeelanda Berrian, 2009tik aurrera jaiotakoek debekatuta dute tabakoa erostea, eta tabako-konpainiek zigarroen nikotina-proportzioa jaitsi eta saltokien %90 itxi behar izan dituzte. Europan, berriz, obesitatearen aurtengo biltzarrak uko egin behar izan dio Nestle konpainiaren babesari, British Medical Journal aldizkariaren bidez ikertzaile-talde batek egindako presioaren ondorioz.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

EITBko irratiko langileen protesta ilaren 14ean, Eusko Legebiltzarraren aurrean, greba dela-eta. ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

Bigarren greba eguna egin dute EITBko irratietan

Beñat Mujika Telleria

Hilaren 14an gertatu bezala, ez dira saiorik ematen ari. Soilik musika eta albistegiak ari dira ematen.

 ©JAIZKI FONTANEDA / @FOKU

«Nik hazten eta hezten ditut nire txakurrak»

Maixa Utrera Puelles

Artzain txakurren munduko txapelketan txapeldunorde izan da taldeka. Border collieetan espezialista da, eta uste du «berezko gaitasuna» dutela artzaintzarako, nahiz eta beste arraza askok ere balio duten.
Emakume bat babesteko betaurrekoekin. ©CC0

Benetan babesten al dute betaurreko babesleek?

Unai Etxenausia

Pantailen argi urdinetik begiak babesteko betaurrekoek ez dute frogatu begietako nekearen aurkako propietaterik, ezta loaren kalitatearen aldeko propietaterik ere. Melbourneko Unibertsitateko ikertzaile talde batek azterketa zientifikoa egin du, eta aldizkari batean publikatu dituzte ondorio horiek.

Uxue Rey eta Ane Eslaba, <em>Berria FM</em> podkast feministaren gidariak ©MENDI URRUZUNO

Bihar itzuliko da 'Berria FM'

Beñat Mujika Telleria

Uxue Reyk eta Ane Eslabak jarraituko dute gidari lanetan, eta bi astean behin entzun ahalko da

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...