Maria Txibiteren inbestidura. Bakartxo Ruiz. EH Bilduko eleduna

«Gobernuak aurrera egiten badu, betoa bere kabuz eroriko da»

Estrategikoki, garrantzitsutzat jo du gobernuari bide eman eta eskuina oposizioan uztea, PSNrekin elkar ulertzeko atea ixten duelako. Gainera, eskuak libre izanda, gobernuan eragiteko aukera dutela uste du Ruizek.

joxerra senar
Iruñea
2019ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Gaur, hurrengo legealdiko norabide politikoa markatuko dute EH Bilduko militante politikoek. Azken asteetan, «eztabaida bizia eta sakona» izan dute, Bakartxo Ruiz EH Bilduko eledunaren arabera (Iruñea 1977), eta, gaur egingo den bozketa telematikoaren bidez, abstentzioaren eta ezezkoaren artean erabaki beharko dute.

Zergatik proposatu du abstentzioa EH Bilduko zuzendaritzak?

Estrategikoki, Nafarroan helburu argi bat dugu: urte luzez pairatu dugun erregimenari ateak itxi, eta bestelako politika eta egoera bat bilatu. Hauteskundeetako emaitzek utzi diguten aritmetikak ez ditu baldintzak sortzen azken lau urteetako bideari bere horretan jarraitzeko, baina iruditzen zaigu erregimena ahultzen jarraitzeko bidea izango litzatekeela abstentzioarena. Navarra Suma oposizioan egotea inportantea da.

Bozak berriz egiteak Navarra Sumaren eta PSNren arteko akordioa erraztu dezake?

Ez dago elementu objektiborik pentsatzeko egoerak hobera egingo lukeela. Eskuinaren eta PSNren arteko entente bat egoteko aukera irekita geratuko litzateke, eta, abstentzioaren bidez, ate hori ixteko urrats bat egingo genuke.

Abstentzioak zer aukera ditu?

Oposizio lan horretan, EH Bilduk giltza izango luke gobernua baldintzatzeko, eta, eskuak libre, eragiteko gaitasuna izango luke. Gure helburua argi dago: aldaketaren edukietan aurrera egitea eta zirrikituak baliatzea, bai gure proposamenak eginez, bai gobernuak egin dezakeena babestuz. Argi dugu giltza izango dugula, edozein atzerapauso planteatuz gero, horri ateak ixteko. Nafarroa demokratizatzeko bidean edozein atzerapauso planteatuz gero, oposizio irmoa egingo dugu .

Ezezkorako arrazoiak ere badaude. Kezkagarria da bi hilabeteotan EH Bildurekiko betoa finkatzea?

Egia da PSNk zailtasun gehigarriak jarri dizkiola hartu beharreko erabakiari. Udaletan izan duen jarrerak badauka bere pisua, eta ez da erraza izango gure militanteen artean sortu duen kontrakotasuna gainditzea. Bazterketa politika hori lau haizeetara aipatu izanak ez du laguntzen, batez ere kontuan izanik fikzioa dela.

Urak baretzen direnean, beraz, uste duzu harremanak normalizatuko direla berriz?

Ez dut zalantzarik. Gobernuak aurrera egiten badu, betoa bere kabuz eroriko da. Gobernuan PSNz gain Ahal Dugu eta Geroa Bai egoteak nolabaiteko bermea ezartzen du, indar horiekin harreman normalizatua dugun neurrian. Txibitek argitu beharko du inbestidura saioan ere nola bilatu nahi dituen gehiengoak, baina, ezkerrera begiratu nahi badu, EH Bildurekin negoziatu beharko du, bai ala bai.

PSNk bi aukera aipatzen ditu: EH Bildu edo Navarra Suma. Hori errealista da?

Alderdi sozialistak hautu bat egin beharko du, eta, Navarra Sumarekiko bitartekaritzaren aldeko hautua egingo balu, pentsatzen dut bai gobernukideek bai guk geuk zeresana edukiko genukeela. PSNk gobernua eskuratu nahibadu Navarra Sumarekin entente bat osatzeko, hori euren erantzukizuna litzateke, eta abuztuko kolpe berri bat litzateke.

Haien borondatea da gakoa. Nola ikusten duzu PSN?

Nafarroako alderdi sozialistaren kasuan, hitzek baino, ekintzek balio dute. Ohituta egon gara urte luzez PSNri gauza bat entzuten eta gero praktikan beste bat ikusten. Oraingoan ere praktikan ikusiko dugu benetako borondatea.

Eskuinak salatu du gobernua EH Bilduren menpe egongo dela, eta akordioa duzuela PSNrekin.

Eskuinak argi dauka: gehiengoa ez duen gobernu bat osatuko litzateke, eta gobernu hori EH Bilduk baldintza dezake. Horretan ados gaude, matematika hutsa baita. Beste kontu bat da hori erabiltzea manipulazioaren eta gezurraren bidez, presio egiteko alderdi sozialistari. Eskuina oso urduri ikusten dut; hori beste gako bat da pentsatzeko gobernuari bide ematea erabaki zuzena litzatekeela.

Eskuinaren erreakzioak bilatzen al du PSN irmo erantzutera behartu eta horrekin zuen militanteen erabakian eragitea?

Giroa nahasten saiatzen ari dira, denok hartu behar ditugun erabakietan eragin ahal izateko. Ahuldade zantzu bat da, eta agerian uzten du oso latza egingo litzaiokeela oposizioan beste legealdi bat egitea. UPN alderdi sistema bat da, eta botere instituzionaletik besterik ez da elikatzen. Navarra Sumako sentsibilitateen artean errazago aterako lirateke desadostasunak eta eztabaidak, oposizioan egonez gero.

Sinatutako akordio programatikoa nola ikusten duzue?

Funtsezkoak diren gaietan ez du ikuspegi argirik ematen —zerga sisteman, hizkuntza politikan edo abian jarritako udal maparen erreforman—. Legealdian giltzarri izango diren hainbat eztabaida atzeratu egiten ditu. Egia da akordio programatikoan nolabaiteko jarraipena dagoela eskubide sozialei eta bestelako esparruei dagokienez, baina funtsezkoak diren gaietan ez dago zehaztasunik.

Zer iruditu zaizue bazkide ohiek izandako jarrera betoarekiko?

Batzuetan gustatuko litzaiguke askoz ere modu agerikoagoan PSNri publikoki esan izana gutxiengoan egongo den gobernu baten ameskeria dela, eta bai ala bai EH Bildurekin hitz egin beharko lukeela. Egia da Ezkerrak jarrera irmoa erakutsi duela, eta Geroa Baik Txibiteri publikoki esan diola ezin dela izan ate faltsu bat Navarra Sumarekin hitzarmena egiteko. Eta egia da bilera egin dugula...

Bilera, noren artean?

Bilera Ahal Dugu, Geroa Bai eta Ezkerrarekin. Gure kezkak plazaratu genizkien: ea gobernu horrek gehiengoak bilatuz gero zer aldetara begiratuko duen. Gutxienez, konpromisoa hartu dute EH Bildu solaskide zuzena izango dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.