Estatu arrazoiaren beto eskea

UPNk, PPk eta C's-ek esan dute Nafarroa «nazio espainiarraren batasunaren ardatza» dela. PSOEri oharra egin diote: ez dute harekin akordiorik egingo EH Bildurekin negoziatzen badu

Pablo Casado PPko presidentea eta Javier Esparza Navarra Sumako lehendakarigaia, atzo, adierazpena izenpetu zutenean. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE.
jon olano
2019ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Espainiako Gorteetarako hauteskundeen eta udal eta foru bozen arteko gertutasunak nahastu egin ditu Espainiako eta Nafarroako gobernuburuak aukeratzeko eta gobernuak osatzeko eztabaidak. Atzo, Pedro Sanchezen inbestidura saiorako eguna ezagutarazi zen egunean, PSOEren eta PSNren kritikaren tonua garraztu zuten Navarra Suma koalizioa osatzen duten indarrek: UPNk, PPk eta Ciudadanosek «konpromisoa» adierazi dute «etorkizunean akordiorik ez egiteko Nafarroako Gobernua nazionalistekin eta etazaleekin negoziatzeko eta adosteko gai den alderdi batekin». «Ezin dugu onartu espainiarren eta nazio oso baten duintasuna umiliatzea», erantsi dutenez.

PSN herenegun hasi zen Geroa Bairekin, Ahal Dugu-rekin eta Ezkerrarekin sektorekako bilerak egiten, Maria Txibite lehendakarigai sozialistaren inbestidura eta Nafarroako Gobernuaren osaketa ahalbidetzeko. Lau indar horiek 23 ordezkari dituzte Nafarroako Parlamentuan, eta, beraz, EH Bilduko zazpien babesa edo abstentzioa beharko luke Txibitek presidentetza lortzeko.

Hori horrela, adierazpen bat plazaratu zuten atzo Javier Esparza, Pablo Casado eta Albert Rivera UPN, PP eta Ciudadanoseko presidenteek, «Espainiako eta Nafarroako erakundeen duintasunaren alde». Esparza Casadorekin agertu zen —Rivera bakarrik irten zen prentsaurrera—, baina mezu bera zabaldu zuten Navarra Sumako koaliziokideek: «Nafarroa Espainiako nazioaren batasunaren ardatza da».

Adierazpenean, hiru alderdiek salatu dute PSNk «men egin» diela Uxue Barkos Geroa Baiko zerrendaburu eta Nafarroako Gobernuko jarduneko lehendakariaren eskariei, EH Bilduk Parlamentuko Mahaiko idazkaritza bat izanda: «Tamalez, ikusi dugu PSN-PSOEk onartu egin duela EAJk exijitutako guztia». Hiru indarrek ziurtzat dute PSN gobernura heltzeko modu bakarra dela EH Bildurekin ados jartzea, baina itun hori «immorala» litzatekeela eta sinatzaileak «deslegitimatuko» lituzkeela uste dute: «Badakigu EH Bilduk zer defendatzen duen eta zein balio ordezkatzen dituen».

Esparzak, Casadok eta Riverak «terroristen lagun» gisa deskribatu dituzte EH Bilduko ordezkariak, eta erantsi dute «Espainiako demokraziak» ez duela «merezi EH Bildu Nafarroako Gobernuaren osaketarako beharrezko elementua izatea».

Koaliziokideen arabera, PSN-EH Bildu itunak ahalbidetuko luke «irabazleak eta galtzaileak» egotea: «PSN-PSOEko buruzagiek eta edozein preziotara boterea lortzeko grinak irabaziko dute; euskal nazionalismoak irabaziko du, haren helburua delarik Nafarroa Espainia barneko erkidego desberdin gisa desagertzea, Euskadira anexionatzeko eta euskal errepublika delakoa sortzeko; eta irabaziko du EH Bilduk, haren esku egongo baita Nafarroako gobernabidea eta etorkizuna». Aldiz, galtzaileen artean aipatu dituzte «duintasun demokratikoa», «emandako hitza», «erakundeekiko konfiantza», «nafarren gehiengo zabala», «terrorismoaren biktimak», «konstituzionalismoa» eta «Espainia»: «Sanchez jaunaren esku dago etikoki eta zintzotasun demokratiko baten ikuspegitik lerro gorri onartezin bat dena gainditzen jarraitzea».

Hedabideen aurrean, Esparzak Navarra Sumako bi diputatuen abstentzioa eskaini zion Sanchezi, Nafarroan PSN abstenitzearen eta eskuineko koalizioari gobernatzen uztearen truke: «Garaiz gaude Sanchezek EH Bildurekiko gobernu bat eta akordio bat ez babesteko. Ziur nago Europako bere bazkideek ez dutela onesten». Casadok gaineratu zuen nafarrek ez dutela «inoren eranskin» izan nahi: «Nafarroa hain da historikoa eta garrantzitsua, non ezein alderdik ez dauka zertan Euskal Autonomia Erkidegora erantsi nahian ibili, ez EAJk, eta are gutxiago Batasunakoek».

Esparzaren «gaitasun falta»

Geroa Baik ohar baten bidez erantzun zion Esparzari, eta leporatu nahiago duela Nafarroako Gobernua «Madrilen» erabakitzea, herrialdea «truke» gisa erabilita eta herritarrei «errespetua galduta». «Madrilgo buruzagiengana jota», Geroa Baik uste du Esparza «agerian» uzten ari dela bere «gaitasun falta», eta «manipulatzea» egotzi dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.