Albistea entzun

Herri mailako erantzun bat eskola segregazioari

Kataluniako Hezkuntza Legeak udalei protagonismo handiagoa ematen die hezkuntzaren alorrean, esate baterako segregazioa kudeatzeko garaian. Vic hirian, adibidez, lortu dute ikastetxe guztiak, udala eta eragileak erronka horri aurre egiteko inplikatzea. Hala ere, aitortu dute badagoela zer hobetua.
Viceko La Sinia ikastetxeko haur batzuk ikasgelan.
Viceko La Sinia ikastetxeko haur batzuk ikasgelan. DANI CODINA Tamaina handiagoan ikusi

Irati Urdalleta Lete - Berriemaile berezia

2022ko urtarrilak 21 - Vic

Segregazioa; horixe da hezkuntzan ari direnen kezka nagusietako bat azkenaldian; nola maila sozioekonomiko baxua duten ikasleak eskola jakin batzuetan pilatzen diren, eta beste zentro batzuek ez duten ia halako ikaslerik hartzen. Urteak dira Katalunian alarma gorria piztu eta neurriak hartzea erabaki zutela. 2006an, Hezkuntzarako Itun Nazionala lortu zuten, eta bertan jada hainbat neurri proposatu zituzten segregazioa murrizteko. Hura oinarri hartuta 2009an egin zuten Kataluniako Hezkuntza Legean ere, besteak beste, hezkuntza behar espezifikoak dituzten ikasleentzako tokiak gordetzea ezarri zuten, udalei horretarako eskumenak eman zizkieten, eta eskolatzeagatik kuotak kobratzea debekatu zuten. Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako hezkuntza akordioa eta legea ontzen ari diren honetan, Eusko Legebiltzarrak eta Eusko Jaurlaritzak bertatik bertara ezagutu nahi izan dute sistema hori, eta Katalunian izan dira asteon Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuorde Begoña Pedrosa eta Administrazioen eta Zerbitzuen sailburuorde Xabier Aizpurua, baita EAJko legebiltzarkide Leixuri Arrizabalaga, EH Bilduko Ikoitz Arrese eta Elkarrekin Podemos-IUko Iñigo Martinez ere. Bertan egon da BERRIA.

Vicen urteetako esperientzia ezagutzeko parada izan dute. Herrian arazo bat dute, edo, beste modu batera ikusita, erronka bat: segregazioa. Baita horrentzako konponbide bat ere: kontrola hartu duen udal bat, eta ikastetxeen eta hiriko eragileen inplikazioa eta konpromisoa.

Immigrazio handia izan du Vic hiriak, eta segregazioari aurre egiteko «apustu politiko bat» egina dutela nabarmendu du Elisabet Franquesa Hezkuntza eta Gazteen zinegotziak. Azaldu duenez, «arazo bat» zeukaten, ikastetxe batzuk oso segregatuak zituztelako, eta zerbait egiteko beharra ikusi zuten: hezkuntza behar espezifikoak zituzten ikasleak hiriko zentro publikoetan eta itunpekoetan banatzen hasi ziren. Eskolatzeko Udal Bulegoaren eta Onarpen Bermeen Batzordearen bidez kudeatzen dute auzia orain —udalaren, familien eta ikastetxe publiko eta itunpekoen ordezkariak eta hezkuntza ikuskariak biltzen dira—.

Alde batetik, ohiko datetan egiten den matrikulazioa antolatzen dute. Familiek egokiena iruditzen zaien ikastetxean matrikulatzen dituzte umeak, eta, behin hori eginda, beharrezkoa bada, «ukituak» egiten ditu batzordeak, hezkuntza behar espezifikoak dituzten ikasleak —maila sozioekonomiko baxua dutenak, iritsi berriak...— eskoletan modu orekatuan banatuta egon daitezen, nahiz eta familiak ez dituzten derrigortzen ikastetxe batera edo bestera joatera. Katalunian, legez araututa dago diru publikoa jasotzen duten eskola guztiek leku batzuk gorde behar dituztela hezkuntza behar espezifikoak dituzten ikasleentzat. Vicen, esaterako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 30 ikasleko ikasgela bakoitzean hamar gorde behar dituzte ikasle horientzat, eta 25eko gela batean, zortzi. Bestalde, modu orekatuan banatu behar dituzte ikasturtean zehar iristen diren ikasleak ere.

Eta eskolan daudenean, zer? Aniztasuna kudeatu behar dute. Natasha, Dina, Iamanat, Seraj... Viceko La Sinia ikastetxeko korridoreetako pertxen gainean ageri diren izenei begiratzea nahikoa da eskolaren aniztasunaz jabetzeko. «Hamar nazionalitate eta 25 hizkuntza baino gehiago dauzkagu», zehaztu du Laura Marso i Codina zuzendariak. Erronkatzat dauka immigrazioa: «Bermatu behar ditugu errendimendu akademiko bat eta gizarte kohesionatu bat, eta eduki behar dituzte beste edozein umek dituen konpetentziak, nahiz eta beste estatu batetik datozen». Hori lortze aldera, hainbat baliabide dituzte, bai ikasle etorkinentzat bai elbarritasun fisiko edo psikologikoren bat dutenentzat ere: iritsi berri direnentzako harrera gela, logopedak, pedagogia terapeutikoko irakasleak, heziketa berezikoak... «Orpoz orpo lan egiten dugu gizarte zerbitzuekin, osasun zerbitzuekin, eta, gainera, eskolan ditugun espezialistekin».

Halere, La Siniaren gisako kasuek erakusten dute aparteko beharrak dituzten ikasleak banatzeko sistema ez dela perfektua, eta ikastetxe batzuek beste batzuek baino aniztasun handiagoa dutela oraindik ere. Zergatik? Franquesaren irudiko, hainbat faktore daude: bigarren eta hirugarren belaunaldiko etorkinak izatea, jada eskolan daudenen anai-arreba kopurua, eskola etxeak merkeak diren lekuan egotea... Praktikan zer gertatzen zaien azaldu du Marso i Codinak: «Bi lerroko eskola bat garenez, 40 leku inguru dauzkagu, eta [datorren ikasturtean] HH3n 35 bat anai-arrebarentzat izango dira. Bost leku geratzen zaizkigu, eta zaila da buelta ematea».

Katalana ardatz

Langile eta baliabide materialez gain, argi dute badutela kohesiorako beste tresna bat ere: katalana.Eskolako ikasleen %89ren ama hizkuntza ez bada ere, lortzen dute hizkuntza ikastea eta erabiltzea. Integraziorako «funtsezkoa» iruditzen zaio Marso i Codinari: «Ikastetxe batean 25 hizkuntza baino gehiagotan hitz egiten ari bagara, batzen gaituen abiapuntu bat aurkitu behar dugu». Katalanaren garrantzia familiei transmititzen ere saiatzen dira: «Familiek oso argi daukate irakats hizkuntza katalana dela, familia bakoitzaren ama hizkuntzak alde batera utzi gabe». Haiei ere hizkuntza horretan hitz egiten diete, eta aldatzeko eskatuz gero soilik jotzen dute beste hizkuntza batzuetara, «baina beti katalana erreferentzia gisa edukita». Katalanezko murgiltze sistemaren abantailez mintzo da Franquesa ere: «Eskolatze guztia katalanez egiten da; beraz,eskolan murgiltzea erabatekoa da. Kalkulatzen da hirira etortzen den ume batek hiru hilabetean katalana ulertzen duela, eta lau edo bost hilabetean bikain hitz egiten duela».

Ikastetxeaz harago

Sarri hezkuntzaz aritzerakoan ikastetxeei soilik erreparatu arren, askoz gehiago da ikasleen heziketa. Argi dute Vicen: herrian sare bat eraikitzea ezinbestekoa da. La Sinia eskolakoek, esaterako, zuzeneko harremana dute osasun etxearekin, bai osasun kontuetarako —txertoak, elikadura...—, bai ikastaroak emateko edo ikasgeletara indarkeria matxistarekin edo elikadura arazoekin lotutako dinamikak egitera joateko. Hiriko gizarte langileekin, udalarekin eta auzoko beste elkarte batzuekin ere elkarlanean aritzen dira. «Eskola auzoa da, eskola hiria da».

Udalak eta eskolek harreman «oso estua» dutela nabarmendu du Franquesak ere, eta, gainera, hainbat jarduera antolatzen dituzte ikastetxe batzuetako eta besteetako ikasleak elkar daitezen eta familiek ikus dezaten zentro guztiak berdintsuak direla. Esaterako, bi zentrotako haurrak elkartzen dituzte udal musika eskolako klaseak jasotzeko, eta hainbat ikastetxetako ikasleak hiria nola gobernatzen duten ikustera joaten dira. «Hainbat gauza lotzen ari gara, saltzeko eta ulertzeko hiria denok garela».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

LGTBI+fobiaren aurkako protesta. bat, Gasteizko Zabalgana auzoan. ©Jaizki Fontaneda / Foku

LGTBI kolektiboek «saretzera» dei egin dute

Jone Arruabarrena

Gorroto diskurtsoaren hedapenaz eta komunikabideek kolektiboaren aurkako erasoei ematen dieten trataeraz «kezkatuta» daudela esan dute

Tomas Rubinen senideak, atzo, Bilbon, gudariaren gorpuzkiak hartu berri. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Beste bost gudari identifikatu dituzte Begoñako hilerrian

Olatz Enzunza Mallona

Identifikazio xaflei esker atzeman dituzte bost gudariak. Gogora institutuak espero du 2023ko udaberrirako amaitzea identifikazio lana

Ikusgune behatokiak atzo kaleratu zuen txostenaren aurkezpena. ©RAUL BOGAJO / FOKU

Lau urtean hirukoiztu egin dira Ikusgunen salatutako eraso LGTBIfobikoak

Jone Arruabarrena

Eraso transfoboen gorakadaz ohartarazi du behatokiak, eta Diputatuen Kongresuan trans legea tramitatzean sortu zen «gorroto giroari» egotzi diote igoera

Irene Montero, Espainiako Berdintasun ministroa, artxiboko irudi batean. ©JAVIER LIZON / EFE

Onartu eginen dute abortuaren legea, higiene gaien zerga jaitsi gabe

Ion Orzaiz

Hileko mingarriaren ondoriozko gaixoaldia eta erditze aurreko baimena jasoko dituzte testuan. Jaurlaritzak eta EH Bilduk ontzat jo dute araua

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...