Albistea entzun

Arrainak ugaritu ditu

Erlijio irakasleen aldeko legea onartu dute Navarra Sumak eta Geroa Baik, Nafarroako Kontseilua kontra azalduta ere. «Beste irakasle batzuen kalterako» izanen dela uste dute LABek eta Steilasek
Javier Esparza, Navarra Sumako bozeramailea eta UPNko idazkari nagusia, artxiboko irudi batean.
Javier Esparza, Navarra Sumako bozeramailea eta UPNko idazkari nagusia, artxiboko irudi batean. VILLAR LOPEZ / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ion Orzaiz -

2022ko maiatzak 13 - Iruñea

Politikan, boladan da «geometria aldakorra» deritzona. Gehiengo parlamentarioak egoeraren arabera moldatzea, akordioak ezker-eskuin eginik eta lubaki ideologikoak nolabait lausotuz. Azkenaldian, argazki bitxiak utzi ditu fenomeno horrek Nafarroako Legebiltzarrean. Iragan astean, PAI legea onartu zuten Navarra Sumak eta PSNk, sozialistek Geroa Bairekin eta Ahal Dugu-rekin duten gobernu ituna stand by egoeran utzita. Orain, Geroa Bai izan da Navarra Sumari batu zaiona, Erlijio irakasleen lanpostuak eta baldintzak blindatzeko legeari baiezkoa emanda.

Eskuin espainiazaleak asmatu du putzu batean zein bestean arrantzatzen eta etekin handia atera dio, gainera, bertan harrapatutakoari: aste gutxiren buruan, aurrera atera ditu hitzarmen ekonomikoaren erreforma, PAI legea eta Erlijio irakasleen legea; horrez gain, erakutsi du gai dela, oposizioan egonda ere, Nafarroako erabaki politiko garrantzitsuetan eragiteko. Arrainak ugaritu ditu Javier Esparzaren koalizioak, legealdi hasieratik gaurdaino.

Zehazki, Espainiako LOMLOE hezkuntza legeak Erlijio ikasgaian izanen duen eragina apaldu nahi izan du Navarra Sumak, irakasle horien lan baldintzak ukiezin bihurtuz: Espainiako araudiak erdira murriztuko ditu Erlijio orduak datorren ikasturtetik aurrera, eta, horrek lanpostuak galtzea eta lanaldiak murriztea ekarriko duenez, Nafarroan diren 145 irakasle horien lanaldia legez bermatuko du foru lege berriak.

PAI legearekin egin bezala, presazko prozedura erabili du UPN, C's eta PPren arteko koalizioak, lege proposamena tramitatzeko. Oraingoan, baina, Nafarroako Kontseiluak astia izan du legearen gaineko irizpena argitaratzeko. Eta ez dator bat. Erakunde aholku-emaile gorenak ez du babestu Navarra Sumaren lege proposamena: «Ez da legearen araberakoa», irakur daiteke txostenean. Zehazki, Nafarroako Parlamentuak onartu berri duen foru legeak bi arau urratuko lituzke: LOMLOE legea eta 696/2007 Errege Dekretuaren 4.2 artikulua. Kontseiluko bi kidek, hala ere, boto partikularra eman dute, arauaren alde lerratuz.

Hain zuzen, Navarra Sumako eta Geroa Baiko eledunak bi boto partikular horietan oinarritu ziren atzoko eztabaida parlamentarioan, foru lege proposamenari eusteko. Azkenerako, aurretik idatzia zeramaten gidoia bete zuten talde guztiek, eta aurrera atera zen legea, 29 aldeko botorekin —Navarra Suma eta Geroa Bairenak— eta kontrako 19rekin —PSN, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerrarenak—.

Eztabaidan, ezkerreko alderdien kontra gogor jo zuen Navarra Sumako eledun Pedro Gonzalezek. «Sektarioak» izatea eta «langileen aurka egotea» leporatu zien. Geroa Bairen izenean, berriz, Maria Solanak esan zuen bere taldeak nahiago lukeela «erlijio guztiak eskoletatik kanpo egonen balira», baina hori gertatzen ez den bitartean, Navarra Sumaren legea egokitzat jo zuen, «langile multzo horri konponbide bat emate aldera».

Kontrako botoa eman zutenen artean, PSNko Jorge Agirrek Geroa Bairi egotzi zion «LOMLOEren aurkako blindaje bat» eraiki nahi izatea eta itun programatikoari bizkarra ematea: «Han jasota dago laikotasuneranzko urratsak egin behar ditugula». EH Bilduko Bakartxo Ruizek, berriz, ziurgabetasun juridikoa izan zuen aipagai: «Ohitura txarra hartu duzue, Nafarroako Kontseiluari irizpenak eskatu eta, horien zain egon gabe, legeak onartzeko». Haren irudiko, atzo onartutakoa «txapuza bat» da, eta «kale itsu batera» eramanen ditu irakasleak.

LABen eta Steilasen kritika

Erlijio irakasleen legea eztabaidatzen ari ziren bitartean, kanpoaldean protesta egin zuen Steilas sindikatuak, arau berria «erlijio doktrinamendua» bermatzeko «azpijoko» bat dela ulertuta. Sindikatuak gogor jo zuen, bereziki, Geroa Bairen aurka «kontraesanez beteriko jokabidea» duelakoan: «Geroa Baik dio eskola eta estatua laikoak nahi dituela, baina agintean dagoenean edo bozkatu behar duenean, erlijioko irakasleen alde lerratzen da beti».

LABek ere txarretsi egin du legea, irakasleen arteko desorekak areagotuko dituelakoan: «Artzapezpikutzak hautatzen ditu Erlijio irakasleak, gardena ez den prozesu batean. Diskriminatzailea da behin-behineko irakasleentzat, eurendako izan beharko luketen lanorduak murriztu egiten baitira, beren balioa frogatu behar izan ez duten beste irakasle batzuen mesedetan».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

«Euskarak izan behar du hezkuntza sistemako hizkuntza normalizatua»

«Euskarak izan behar du hezkuntza sistemako hizkuntza normalizatua»

Imanol Magro Eizmendi - Arantxa Iraola

Euskalgintzako eta kulturgintzako pertsona ezagunak batu ditu Euskalgintzaren Kontseiluak eta aldarrikatu dute euskara eta euskal kultura ardatz izan behar dituela Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako ontzen ari diren Hezkuntza Legeak

Eusk Jaurlaritzak, foru aldundiek eta Bilbo, Donostia eta Gasteizko Udalek Euskararen Eguna ospatu dute Gasteizen ©Irekia

Euskararen alde adostasunak josteko aldarria, aho batez

Edurne Begiristain

Euskararen Nazioarteko Eguna da gaur, eta hura ospatzeko ekitaldi eta adierazpen ugari egin dituzte instituzioek, alderdiek eta eragileek. Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiek eta Bilbo, Donostia eta Gasteizko alkateek duela 40 urte Euskararen Legeak lortutako adostasuna goratu dute. EH Bilduk esan du euskararen alde «adostasun berriak» eraikitzeko unea dela.

Euskal Hedabideen emankizuna, goizean, Baionan. ©Kanaldude

Euskalgintzaren prekaritateari aurre egitea «zaila» izanen da energiaren kariotze garaian, Kurutxarriren ustez

Oihana Teyseyre Koskarat

Ipar Euskal Herriko Euskal Hedabideek emankizun berezia egin dute goizean, Baionan. Euskaraldiaren biharamunean, bilana egin dute, eta euskalgintzaren prekaritatea ere izan dute aipagai.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.