Madrilek gastu muga igoko du, EH Bilduren eta ERCren abstentzioarekin

Udalek eta erkidegoek «tarte handiagoa» izango dute gasturako. Matutek esan du politika sozialetan gehiago inbertitzea ahalbidetuko duela neurriak

Maria Jesus Montero, Espainiako Kongresuan, atzo goizean. CHEMA MOYA / EFE.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
«EH Bilduk, ERCk, Compromisek, Mas Paisek eta Espainiako udalen eta autonomia erkidegoen federazioak gastu muga malgutzeko eskatu diote gobernuari, eta eskaria jasoko dugu». Hori iragarri zuen Maria Jesus Montero Espainiako Ogasun ministroak atzo goizean, Espainiako Kongresuko tribunatik.

Aurrekontuen aurretik onartutako neurri horren bidez, autonomia erkidegoek eta udalek malgutasun handiagoa izango dute gastu mugan gastu publikoa hazkundeari lotutako erreferentzia baten gainetik handitzea eragozten du. Proiektuak aldeko 168 boto jaso ditu EAJ, Mas Pais, Compromis, Nueva Canarias, Coalicion Canaria, PRC eta Teruel Existe; 150 parlamentarik aurka bozkatu dute PP, Vox, Junts per Catalunya, Ciudadanos, CUP, UPN eta Foro Asturias; eta 19 abstenitu egin dira EH Bildu, ERC eta BNG.

Monterok gehitu du defizit publikoko helburu apalagoak izango dituztela: aurten, barne produktu gordinaren %1,8; 2021ean, %1,5; 2022an, %1,2; eta 2023an, %0,9. Horrenbestez, legealdian superabita lortzea baztertu dute. Monterok nabarmendu du aldaketak egin direla «errealitate politikora, ekonomikora eta gizartera» egokitzeko.

EH Bilduk eta PSOEk asteazkenean eginiko bilerak behar zuen bultzada eman zion atzo plazaratutako erabakiari. Aurrekontuez hitz egiteko bildu ziren Espainiako Kongresuan, eta aurretik onartu beharreko gastu mugaz ere aritu ziren. EH Bilduk ohar batean ziurtatu duenez, «jarrerak, iritziak eta hausnarketak» elkarrekin komentatu zituzten bi aldeek, «giro onean eta errespetuz». «Bi indar politikoen jarrerak hurbiltzeko eta bi talde parlamentarioen harremanak sendotzeko balio izan zuen», ziurtatu dute.

Monterok hitza hartu ondoren, Oskar Matute EH Bilduko parlamentariaren txanda izan da. «Udaletakoek askotan esaten digute baliabideak dituztela eta zorra kontrolatua dutela, baina ez zaiela uzten gastatzen. Ulertezina da», nabarmendu du. Azaldu du ezen, gastu muga igoz, superabita daukaten udalek aukera izango dutela inbertsio handiagoak egiteko politika sozialetan eta herritarrentzako zerbitzuetan. «Aurrekontuak onartzeko prozesua abiatzea ekarri zuen urratsa da», erantsi du Matutek. Adostutakoaren helburua ere zehaztu du EH Bilduk, oharrean. «EH Bilduk eta PSOEk lortutako akordioaren muina da gastu muga handitzea eta, horren bidez, Euskal Herriko udalen egunerokotasuna erraztea».

EH Bildu, erabakigarria

«Akordioak egiteko gaitasuna» ere azpimarratu dute. «EH Bildu akordioetan dagoenean eta erabakigarria denean, herritarren bizi baldintzak nabarmen hobetzen dira, eta euskal herritarren eskubideak zaintzen dira».

EAJko parlamentari Idoia Sagastizabalek ohartarazi du ezen,baiezkoarekin gobernuari «eskua luzatu» badiote ere, ez duela esan nahi «txeke zuria» denik aurrekontuetarako. Neurriaren alde egiteko arrazoia ere azaldu du: «Aukera egon beharko luke superabita herritarren beharrak asetzera, zerbitzu publikoak hobetzera eta kalitatezko enplegua bultzatzera bideratzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.