Ane Pescador.
OSASUNA PENTSALDIAN

Hausnartzeko prest?

2022ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Oraintxe bertan zure bizitzaren azken egunetan zaudela esango balizute, jakingo al zenuke zeintzuk diren zure azken nahiak? Jakingo al zenuke nola hil nahi duzun?

Hildako pertsonen kopuru handiak entzuten ditugu albistegietan egunero, haiei erreparatu ere egin gabe. Baina istorioa aldatu egiten da heriotza gure inguru gertuan gertatzen denetan eta zaila egiten zaigu horretaz hitz egitea. Ez dugu heriotzaz behar bezainbeste hitz egiten, ezta behar den naturaltasunarekin ere. Urrun ikusten dugun zerbait da, gurekin bat ez datorrena, baina bizitza honetan jaiotzen garen unetik gauza ziur bakarra dugu: heriotza iritsiko da. Gizartean heriotzari diogun beldurrak, hura ezkutatzen egiten ditugun ahaleginak eta bizi amaieraren inguruko kontzeptu batzuetan eduki ditzakegun sinesmen okerrek gure bizitzen azken uneak era traumatiko eta mingarri batean suertatzea eragin dezakete, baita gelditzen direnen dolua okertu ere.

Bizitzaren amaiera ez da gauza erraza, eta une horretan hartu beharreko erabakiak hartzea, are gutxiago. Baina gure heriotza propioaren inguruko hausnarketa egiteak bizi amaierako uneak erraztu diezazkiguke: hil aurretik zer egin nahi dugun jakin, nor agurtu nahi dugun, kontzientzia eta mina gutxituko dizkigun botikarik nahi ote dugun, bakarrik edo inguratuta hil nahi dugun, etxean edo ospitalean...

Gaiaz hitz egin baldin bada ere, erabakia hartzea sekula ez da erraza, are gutxiago gaixoa erabakitzeko gai ez denean. Gaitzaren okertzea bizkorregi gauzatu denean, errealitatea ezin izaten da bere osotasunean ikusi, zenbaitetan sedazioa jartzearen erabakia atzeratuz. Gauza bera gerta daiteke gaixoa gaztea denean eta inguru gertuko inork ez duenean sedazioa jartzeko baiezkoa emateko ausardiarik bilatzen. Horregatik da garrantzitsua aurretiazko borondateen dokumentua, zeinean erabakitzeko gai ez izatera iristen baldin bagara, jaso nahi ditugun osasun tratamenduen nahiak islatzen ditugun.

Bestetik, sedazioa eutanasiarekin nahasten duten sinesmen okerrak badira. Heriotza bortizki aurreratuko duen edota heriotza sortuko duen medikazio gisa ulertzen da batzuetan. Errealitatean, gaixoaren sintomek atzera-bueltarik izan ez eta agonia sortzen dutenean kontzientzia maila eta mina gutxitzeko erabiltzen den medikazioa da. Sinesmen oker honek gaixoa egoera txarretan hiltzea ekar dezake eta familiarengan aztarna oso mingarria utzi ere, dolua okertuz. Berebiziko garrantzia du une horietan osasun profesionalekin komunikazio egokia edukitzeak, zalantza guztiak argitu ahal izateko.

Eta orain, ausartuko zara hausnarketa hau egiten eta zure ingurukoei helarazten?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.