Frieder Otto Wolf. Pentsalari ekosozialista

«Giza lanaren eta prozesu naturalen arteko kooperazioa garatu behar dugu»

Wolfek dio oinak lurrean izan nahi dituela: teoria abstraktuan galdu gabe, egungo egoera «katastrofikoa» iraultzeko pausu praktikoak ematen hasi. Pentsalariak trantsizio ekosozialista du helburu, era ezberdinean gorpuztu daitekeena tokiz toki.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
Bilbo
2019ko irailaren 22a
00:00
Entzun
«Jaio nintzenean ere nire pentsamenduen artean zegoen hondamendia». Frieder Otto Wolfek (Kiel, Alemania, 1943) premoniziotzat jotzen du bere jaiotza data. Izan ere, 1943ko otsailaren 2an amaitu zen Stalingradeko Gudua, bera jaio aurreko egunean, eta pentsalariak patuaren seinale antzeko bat deritzo gertakariari: «Mundua amiltzen hasia zen ordurako».

Wolfek akademian murgilduta eman du bizitza, eta kezkaz aztertu du munduaren bilakaera. Jaioterrian Filosofia ikasi ondotik, irakasle eta ikerlari izan da Europako zenbait unibertsitatetan: Kielen, Coimbran (Portugal) eta Berlinen. Europarlamentari ere izan zen 1994 eta 1999 bitartean. 1979an aurkeztu zen Lehen Manifestu Ekosozialista idazten parte hartu zuen, eta, hiru hamarkada geroago, orduko tesiek oraindik gaurkotasuna dutela berretsi du.

30 urte bete dira Lehen Manifestu Ekosozialista ondu zenetik. Zu izan zinen egileetako bat.Zer giro zegoen idatzi zenutenean?

1970eko hamarkadan, krisi ekologikoaren inguruan kontzientzia pizten hasi zen, eta, aldi berean, sozialismo erreala agortuta zegoen, ez zuen perspektiba bideragarririk garairako. Orduan, ekologiaren beharrak aintzat hartzen zituen sozialismo alternatiboa sustatzen hasi zen; beste sozialismo mota bat hasi zen ernaltzen.

Rudolf Bahok erein zuen hazia. Baho AED Alemaniako Errepublika Demokratikoko lehen disidentea izan zen, eta, AEDtik kanporatu zutenean, ekosozialismoaren tesiak lantzeko sortu zen lehen kongresuaren antolakuntzan hartu zuen parte, 1979an. Pare bat kongresu gehiago egon ziren ondorengo urteetan Alemanian. Egoera berriari aurre egin nahi zioten: zaharkituta eta agortuta zeuden sozialismo ereduak gainditu eta krisi ekologikoari aurre egin; hor hasi zen berregituraketa fasea.

Huts egin zuen sozialismoaz ari zara; hortaz, sozialismoaren berrinterpretazioa izan zen, hasiera batean behintzat, ekosozialismoaren proiektua?

Birsortze moduko bat da. Duela hiru hamarkada, hasi ginenean, marxismoaren, feminismoaren eta ekologismoaren oinarri teorikoak birpentsatu beharra zegoen. Oinarri horiek muga batzuekin egin zuten topo, eta muga horiek era kritikoan gainditu beharra zegoen. Mugimendu bikoitza izan zen: alde batetik, aipaturiko teoriak kritikoki berrartu genituen, eta, bestetik, gai horien inguruan lanean ari ziren mugimenduen uztartzea posible egin nahi genuen.

Zertan bereizten da «sozialismo agortu horretatik»?

Lehen pertsonan egindako politika sustatzen dugu. Garaiko komunista alemanek uste zuten euren bizitza agortuta zegoela, baina halere borrokatzen jarraitu behar zutela. Uste zuten bizitza nolabait objektiboki definituta dagoela, eta gizabanakoen aukera bakarra politikoki egoki lerratzea dela. Subjektibotasuna borrokatik alboratzen zuten. Ideia hori oso errotuta zegoen komunisten artean, eta, nolabait, bada tradizio anarkistatik datorren zerbait. Guk, ordea, uste dugu beharrezkoa dela zapalkuntza egiturak eta horien funtzionatzeko sistemak ezagutzea. Horrek emango digu esku hartze estrategiko bat egiteko modua.

Sistema iraultzeko hainbat bide jorra daitezkeela uste duzue zuek?

Jakina. Borrokatzea ezinbestekoa da, baina horrekin batera alternatiba errealak irudikatu behar dira, aukerak zabaldu; ilusioa piztu behar da. Ilusioa eta alternatibak agertoki ezberdinetan gorpuztu daitezke. Borrokak dibertsifikatu egiten dira. Guk diogu borroka antikapitalista—finean, komunismoak eta sozialismoak aurrera eramaten duten borroka— dimentsio bat besterik ez dela; borroka feminista, ekologista edota antiinperialista ere badaude, esaterako. Dimentsio guztiak dira beharrezkoak, eta gizarte bakoitzean era ezberdinean batuko dira denak. Ez dago errezeta magikorik, ez dago toki guztietan aplikagarria den eredurik. Etengabe interpretatu behar da egoera, esperientziak eta ekimenak aintzat hartu, eta akatsak zuzendu. Hutsetatik ikasten duen kultura politiko bat garatu behar dugu; ez dago akatsik gabeko praktikarik.

Nolabait, zuen planteamendua errealista eta aplikagarria izan daitekeela diozu, aurreko planteamendu sozialistak ez bezala.

Ez dut esaten ekosozialismoa aplikatzea erraza izango denik existitzen diren agertoki anitzetan, baina tradizio sozialistan eta komunistan antzeman diren arazoei aurre egin nahi diegu. Nola uztartu neurri zehatz, posible eta beharrezkoak, eta aldi berean utopiaren ilusioa gainditu. Trantsizio ekosozialista ez da zehaztugabeko etorkizun abstraktu bat, baizik gaurdanik has daitekeen zerbait. Oinak lurrean ditugu; ez dugu saltorik eman nahi egoera zehatzetatik at. Badago aukera garapen ekosozialista eta ekofeminsita aurrera eramateko; edo, behintzat, bidea irekitzen hasteko.

Teoria praktikan garatzeko aukerez ari zara. Nola egin daiteke hori gaur egungo errealitatean?

Esaterako, aztarna ekologikoa murrizteko edozein neurri norabide horretan egindako urrats bat da. Berdin errefuxiatuei elkartasuna adierazten dien edozein keinu internazionalista, edota emakumeen eta gizonen arteko erlazioak aldatzeko neurri zehatzak. Alor horietan guztietan, hemen eta orain, lan egiteko aukera dago; are gehiago, dagoeneko martxan daude. Dominazio egiturak gainditzeko bidea irekitzen hasteko praktikak eta adibideak egon badaude.

Adibidez?

Esaterako, Fridays For Future gazteen nazioarteko mugimendua. Erresistentziaren eta alternatiben eraikuntzaren adibide bat da, eta seguru nago ez dela dimentsio horretako azkena izango. Tokiko maila gainditzen du mugimenduak; isla du dimentsio globalean. Konstelazio gisako bat osatzen da, eta nik joera dut pentsatzeko gobernuek horrelako egitasmoetan parte hartuko dutela, edo, gutxienez, ahalbidetuko dituztela.

Sozialismoaren teoria klasikoa orain bi mende garatu zen; zuena, orain 30 urte. Aplikagarriak dira manifestu ekosozialistako tesiak gaur gaurkoz?

Oraindik aplikagarriak dira, planteatu ziren era abstraktuan. Xehetasunei erreparatuta, zenbait puntu testuinguru historikoari oso lotuta daude, baina printzipio orokorrak oso era abstraktuan azalduta daude.

Aldaketarik ba al da?

Uste dut dagoen aldaketa bakarra zera dela, orain egoera okerragoa dela: degradazio ekologikoa hondamendi hutsa da zenbait alorretan. Egoera muturrekoagoa da egun, larriagoa. Hondamena martxan da, eta premiazkoa da egoera salbatzeko neurriak ezartzea. Kooperazio bide pluralak jorratu behar ditugu, era jasangarrian bizitzeko praktikak jarri behar ditugu martxan. Egoerak dezente egin du okerrera; beraz, orain premia handiagoa dago duela 30 urte baino.

Tokiko garapenari garrantzia ematen diozue, baina posible litzake gizarte ekosozialista bat garatzea mundu kapitalista batean?

Sobietar Batasunaren eta Txinaren adibideek lezio garrantzitsuak eman dizkigute. Ez da ezinezkoa aurrerapausoak ematea, ezta trantsizio sozialistara bideraturiko perspektiba bat irekitzea ere, baina mugak ditu. Mundu osoko indar korrelazioa errotik aldatzen ez bada, ezinezkoa izango da erabateko aldaketa lortzea. Ahalegindu behar dugu era anitzetan aurrera egiten hainbat txokotatik. Oinarri sozialetatik abiatuta, posible da beste mota bateko praktika kulturalak, antolaketa politikoa edota lan egiteko eta bizitzeko erak garatzea. Jorratu gabeko aukera zerrenda luze bat dugu arakatzeko.

Etika ekosozialista aipatzen da zuen printzipioetan, kapitalak pilaketarako eta kontsumorako duen joeraren kontrara. Zer baliok ordezten dute kapitalaren logika?

Ez da erraza hori hitz batean laburbiltzea, baina Ernst Bloch filosofo alemaniarrak zioena da gakoa: aliantza teknikak. Natura menderatu eta esplotatu ordez, beste mota bateko erlazioak landu behar ditugu: giza lanaren eta prozesu naturalen arteko kooperazioa garatu behar dugu. Aliantza teknikek bi aldeentzat izan behar dute positiboak. Giza lanak natura aberastu behar du; sistema ekologikoen aniztasuna babestu, eta, aldi berean, giza beharrizanak ase.

Oinarri sozialak bultzatuko al ditu aldaketa horiek kalean, ala bide instituzionaletik jorratu behar dira?

Oinarrizkoena da eguneroko bizitzan aldaketak egitea norbanakoek. Ordezkaritza politikoa bilatu behar dute, baina, oraingoz, aukera instituzionalak oso mugatuak dira. Bide instituzionaletik erdiets daitezkeen lorpenen zain geratzen bagara, ez ditugu egingo ezinbestekoak diren gauza asko. Behetik datorren eraldaketa sustatzea behar estrategiko bat da.

Zer-nolako etorkizuna aurreikusten duzu?

Bi aukera daude. Bata, hondamendia gelditzeko gai izatea; eta bigarrena, Che Guevarak zioena errealitatean garatzea: «Elkartasuna da herrion arteko samurtasuna». Herrien, gizarteen, bizi formen eta ekosistemen aniztasuna aberastasun gisa ulertzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.