Albistea entzun

Alderdien koaliziotik haratago

Mugimendu «zabal eta indartsua» sortzeko bidean, EH Baik biltzarra eginen du hilaren 20an
EH Bildu koalizioko kideak, Baionan eginiko agerraldian, atzo.
EH Bildu koalizioko kideak, Baionan eginiko agerraldian, atzo. NICOLAS MOLLO

Itxaso Cuevas -

2014ko abenduak 7 - Baiona

EH Bai koalizioa 2007ko hauteskunde legegileen karira sortu zen, eta, geroztik, parte hartu du 2008 eta 2011ko kantonamendu bozetan, 2012ko Frantziako Legebiltzarrerakoetan, eta aurtengo udal hauteskundeetan. Orain, urrats bat gehiago egin nahi du bere ibilbidean, barne antolaketan «salto kualitatibo bat» emanik: alderdien bat egite soila izan beharrean, «ezkerreko abertzaleen mugimendu iraunkorra» izanen da. Abenduaren 20an eginen du hori, Uztaritzen (Lapurdi), lehen biltzar nazionalean.

Ia lau urteko prozesu baten emaitza izango da hori. 2011n, koalizioak Ipar Euskal Herriko abertzale eta ezkertiarrentzako inkesta bat jarri zuen martxan, eta 1.600 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute. Galdeketa horrek argira ekarri du Ipar Euskal Herriko abertzale eta ezkertiarren artean dagoen xedea: «Abertzale ezkertiarren arteko elkarlana bultzatzeko gogoa badela oinarri militantean», azpimarratu zuten atzo Anita Lopepe eta Dominika Dagerre koalizioko kideek Baionan eginiko agerraldi batean.

Hiru urte geroago, EH Bai osatzen duten hiru alderdiek —Sortuk, Eusko Alkartasunak eta Abertzaleen Batasunak— erabaki dute «hauteskunde koaliziotik haratago» joan behar dutela eta ezkertiar eta abertzale sentitzen diren «guziei» lekua eman behar zaiela, «mugimendu bat» osatuz.

Prozesu hori hasi zuten aurtengo martxoko udal bozen ostean. EH Baik tokiko bilkurak iragarri zituen herriko militanteekin batera, bere inguruko gogoeta bat eramateko. «Dozenaka eta dozenaka jendek parte hartu dute gogoeta fase honetan», azpimarratu dute koalizioko kideek. Orain, herrietan eramandako gogoetaren ostean, jakinarazi dute EH Baik koaliziotik mugimendura bilakatzeko lehen biltzar nagusia antolatuko duela. Abenduaren 20an izanen da hori, Uztaritzen. Bertan, EH Bairen «ibilmolde berri bat» bozkatuko dute, alderdien arteko koalizio izateari utzi eta «egiazko mugimendu iraunkor bat» bilakatzeko. Horrez gain, EH Bairen mozio politikoa ere bozkatuko dute. Azken horren «garrantzia» azpimarratu dute EH Baiko kideek, ondoko aste eta hilabeteetan koalizioak izanen duen «oinarri politiko azkarra» izanen baita.

Estruktura berria ez ezik, aipagai izanen da «Iparraldean aspaldiko urteetan abertzaleek ekarri duten aldarrikapena» eta oraindik gaurkotasuna duena: ezagupen instituzionalaren gaia.

«Ezkerreko alternatiba»

2015eko martxoan, departamendu hauteskundeak iraganen dira Ipar Euskal Herrian, eta boz horiek «aldaketa nagusi bat» ekarriko dute, koalizioko kideen arabera. Izan ere, kantonamenduen berrantolaketaren ostean, gaur egun Ipar Euskal Herria hamabi kantonamendutan banatua dago. Hori horrela, datorren martxoan, «lehen aldiz» egun berean bozkatuko da kantonamendu guzietan.

Beste berritasun bat ere izanen da: Ipar Euskal Herrian zein Hego Euskal Herrian, «lehen aldiz eta ber momentuan» bozkatuko da bi hilabeteko tartearekin. Hego Euskal Herrian, herriko bozak, foru bozak eta Nafarroako Parlamentuko hauteskundeak iraganen dira maiatzean.

Kantonamenduetako bozei begira, baikor da koalizioa. Egungo krisi politiko eta ekonomiko «larriaren» aurrean, alderdi sozialistaren «porrota» aurreikusten du. Horren aitzinean EH Bai «egiazko ezkerreko alternatiba» izanen dela adierazi dute.

Ipar Euskal Herriko «hirugarren indar politikoa» direla ikusirik, «indartsu eta irabazteko» asmoarekin doaz hauteskundeetara. Azpimarratu dute aurkeztuko direla tokian tokiko errealitateei eta «arazoei» erantzuteko eta «herritar xumearen aldarrikapenak aitzina eramateko».

Horrez gain, nabarmendu dute Ipar Euskal Herriko interesak «defenditzeko» aurkeztuko direla. Bilakaera instituzionalari eta gatazka politikoaren konponbideari garrantzi handia ematen diotela eta gai horren inguruan proposamen «argiak» plazaratuko dituztela aurki.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JON URBE / FOKU

«Adostasun berriek ahalbidetu dute bake prozesua»

Irati Urdalleta Lete

Foro Sozialaren bidea ixtear da, baina hor dago eginikoa: hamabi aholkuetatik 11 beteta edo betetzear. Eta egitekoak: adibidez, biktimen «asimetria» gainditzea. Balorazio «ona» egin dute.
Bizkaiko Batzar Nagusietan Usansoloren desanexioa bozkatu zen momentuan ©Marisol Ramirez/ FOKU

Galdakaoko Udalak demandatu gisa aurkeztea erabaki du Usansoloko auzian

Berria

Bizkaiko Batzar Nagusiek lurraldeko 113. udal gisa onartu zuten Usansolo, galdeketaren ostean, eta estatuko abokatutzak helegitea aurkeztu zuen. Galdakaoko Udalak demandatu gisa aurkeztea erabaki du, prozesu honetan egindako bidea defendatzeko.

 ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

«Madrilen berme» mahaian

Jon Ordoñez Garmendia - Xabier Martin

PSE-EEn bide luzea eginikoa da Ares: sozialisten ordezkari 2005etik 2007ra bitarteko bake elkarrizketetan eta Jaurlaritzako Barne sailburu, besteak beste. Karguan zela hil zuen Ertzaintzak Cabacas. 68 urte zituela hil da.

Bake Bideak eta Bakegileak taldeek antolatu mobilizazioa Ipar Euskal Herria blokeatzeko. ©Bob Edme/ Iparla

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...